Olatz Silva Rodrigo
“Egun, bertsolaritzan plaza jakin batzuk daude, eta, betiko izenak kenduta, oso zaila da jendea plaza horietan sartzea”. Gazteek plazetan abesteko dituzten aukerei buruz ari da Koldo Gezuraga Busturialdeko Lilibertso bertso eskolako kidea. Hain zuzen, gazteei plaza bat eskaintzeko, bertsolari txapelketa bat jarri zuen martxan Lilibertsok orain dela bi urte, Busturialdean: Argi Baltza bertsolari txapelketa. “Hasieratik argi izan genuen saioak autogestionatu behar direla; kantatu nahi badugu, kantatu egingo dugu, eta horretarako saioak sortuko ditugu”. Orain, hirugarren aldia hasi berri dute.
Sariketaren izenak ere badauka garrantzia. Izan ere, Baltza izenez zen ezaguna Jon Lopategi bertsolari muxikarra —2020an zendu zen—. “Gazteekin eta bertsolaritzaren transmisioan egindako lana” azpimarratzeko eta hura omentzeko, haren goitizena erabili dute txapelketa izendatzeko.
Oro har, lau saio egingo dituzte: hiru kanporaketa eta finala. Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik hartuko dute parte, eta saio bakoitzeko irabazleak “automatikoki” lortuko du finalerako sarbidea. Beste hiru finalistak, berriz, puntuen arabera ezarriko dira. Joan den igandean egin zuten lehenengo kanporaketa, Gautegiz Arteagan, eta jende asko bildu zen: “50 pertsona inguru”. Aitor Etxebarriazarragak lortu zuen finalerako lehenengo pasea, 200,5 punturekin. Oihana Arana geratu zen bigarren (193), eta Aissa Intxausti hirugarren (184,5). Laugarren postuan Irati Alcantarilla geratu zen (183,5); bosgarrenean, Ander Sarriugarte (180,5), eta seigarren postuan, Enare Muniategi (164,5). Igande honetan egingo dute bigarren kanporaketa, Mendatan, eta hirugarrena Ajangizen izango da, ekainaren 18an. Handik astebetera, ekainaren 25ean, Muxikan bilduko dira sei finalistak; hain zuzen ere, Urretxindorra herri eskolan.
Baldintza bakarra dago txapelketan parte hartu ahal izateko: 18 eta 30 urte bitartean izatea. “Kanporaketetan nahastu egin gara bertso eskolako kideak, Bizkaiko bertsolariak eta Euskal Herriko bertsolariak”. Horregatik, Gezuragak uste du “plurala” dela lehiaketa. Izan ere, Euskal Herriko lurralde guztietako jendea egongo da hilabete honetan txapelketan. “Urtero hamazortzi aukera behar dira, eta ezinezkoa da baremo horretan sartzen diren guztiak sartzea. Saiatzen gara urte guztietan ahalik eta jende gehienari lekua eskaintzen”.
Txapela janzten duena ez ezik, txapela jartzen duena ere garrantzitsua izango da ekaineko azken igandean. “Transmisioan parte hartu duen norbaitek emango du txapela, eskualdean bertsolaritza sustatu duen norbaitek”. Iaz, Onintza Enbeitak jarri zion txapela irabazleari: Ane Zuazubiskarri. Aurten, oraindik ez dute ezer esan: “Oraingoz, ezin dugu esan nork jarriko duen txapela; finalaren astean argitaratuko dugu”. Hala ere, Gezuragak ziurtatu du “erreferente” bat izango dela.
Bertsolari gazteak saretzeko helburua du sariketak, baina gazte batzuentzat baliagarria izango da udazkeneko Bizkaiko Txapelketarako entrenatzeko. “Argi Baltzako batzuek Bizkaikoan hartuko dute parte, eta ariketak oso antzekoak izango dira; ziur nago aprobetxatuko dutela”. Izan ere, parte hartzaileek ohiko txapelketetan egin behar izaten dituzten ariketak egingo dituzte Argi Baltzan ere.
Bertsolari belaunaldi berria
Bertsolaritzaren presentzia eskualdeko herrietara zabaltzea da lehiaketaren beste helburu bat. “Herri jakin batzuk kenduta —hala nola Muxika eta Ajangiz—, gure eskualdea ez da inoiz oso bertsozalea izan”, aitortu du Gezuragak. “Bertso saioen egun jakin batzuk urteko egutegian kokatzea lortzen ari gara”.
Bestalde, euskaltzaletasuna eta kulturazaletasuna ere sustatu nahi dituzte. “Esango nuke azkenaldian jaitsi direla”. Egoerari buelta emateko, bertsolaritza “erakargarri” egiten saiatzen dira, aldi berean gazteak “euskarara” erakartzeko. “Hain ohiko edo hain gertuko ez duen jende horrek euskara ikus dezala dibertitzeko edo harremanak egiteko erreminta moduan”. Nahiz eta euskararekiko “atxikimenduak” behera egin, Gezuragak uste du gero eta bertsolari gazte gehiago daudela. “Egun, bertsolaritza ia ikastetxe guztietan dago”. Eta horrek “harrobi” bat sor dezake. “Gazteak animatzen dira, eta haientzako eremuak sortzen ditugu”.
Alde horretatik, Gezuragak bertso eskolen lana azpimarratu du: “Lilibertso bada talde erreferente bat; ez da gauza bera bertsotan egin nahi izan eta lekurik ez izatea, edo talderen bat ezagutzea”. Erreferentzialtasun hori aurretik egindako lanaren fruitua da. “Uste dut urte batzuk barru bertsolari belaunaldi berri bat helduko dela”.