Bluesa, rocka eta garagardoa, neurrian

Bluesa, rocka eta garagardoa, neurrian

Ibai Maruri Bilbao

G uk bilatzen duguna da kalitatezkoa, neurrikoa eta jasangarria den rock, garagardo eta gastronomia jaialdi bat”, esan du Areatza Musik & Brewing musika eta kultura elkarteko Asier Sanchezek. Lortzen dutela uste du. Gaur eta bihar egongo da hala den frogatzeko aukera Areatza Musik & Beer festibalean.

“Oso musika zaleak gara taldean; baita garagardoaren eta janaren zaleak ere. Areatzako herria oso kulturazalea da. Okurritu zitzaigun blues jaialdi bat egin behar genuela, eta pentsatu genuen artisau eran egindako garagardoarekin uztartu behar genuela”. Horrela sortu zuten jaialdia. Hasieran, ez zuten karparik ere izaten. Agertokia jartzen zuten, eta ondoan txosna bat, jan-edanerako. Hasieratik txosnan Hernaniko (Gipuzkoa) BBP garagardogileak izan dituzte eurekin. Lehen aldi haietan bina talde ekartzen zituzten bariku eta zapatu gauetarako. Baina jaialdia apurka handituz joan da, eta orain kontzertu gehiago eta eskaintza gastronomiko zabalagoa ditu Areatza Musik & Beer jaialdiak.

Ildo horretatik etorri da aurtengo berritasuna. Areatzako plazan izaten dira kontzertuak, eta hura da festibalaren bihotza. Baina oraingoan gune berri bat ere sortu dute: Kallartean du izena, eta Arratia ibaiaren ertzean egongo da. “Kontzertuak, gastronomia, janari furgonetak eta dastatzeak izango ditugu, BBK fundazioak lagunduta”, azaldu du gune berriaren muina.

Bihar egunez egongo da zabalik, 12:00etatik 18:00etara bitartean. Besteak beste, Crisla Sweet Durangoko gozogileak izango du postua. “[Espainiako] Estatuko pastel amerikarrik onenak egiten ditu”. Lazkaoko (Gipuzkoa) gazta ere dastatu ahal izango da, Ama Txo Gaztakoekin. Balmasedatik Kaitxo kafe eta txokolate ekoizleak izango dira. Txomin Parrillakoek saiheskia banatuko dute. 17:00etan Areatzako nazioarteko kupel jaurtiketa lehiatuko dute. “Tradizio bat da gurean”. Egun osoan, Kallartean gune horretan, kontzertuez gozatzeko aukera ere egongo da: Basement Saints Suitzako taldea, James Room bakarlari bilbotarra eta Bob Wayne kantautore amerikarra igaroko dira oholtzatik. Garciak Wayne azpimarratu du asteburuko egitarautik. Kontatu duenez, gaur Gijonen (Asturias, Espainia) izango du kontzertua Waynek, eta etzi Danimarkan joko du. “Folk punkaren inguruan Ameriketan dagoen kantautorerik onenetakoa da, eta bere taldearekin etorriko da”.

Henrik Freischlander

Wayne ez da Garciak azpimarratu duen talde bakarra. Barikukoek blues estilo markatuagoa izaten dute; zapatukoek, berriz, rock musikarekin lotura handiagoa izan ohi dute. Betiere, “kalitatea” lehenesten dutela esan du Garciak. Gaur plazako agertokitik pasatuko direnen artetik Henrik Freischlander nabarmendu du bereziki. “Sekulako musikaria da; Europan dagoen gitarra jotzaile onenetakoa. Haren ostean, Erick Steckel amerikarrak joko du, eta bien arteko kontrastea polita da: lehenak gehiago fusionatzen du jazzarekin, eta besteak, rock and rollarekin”.

Bihar arratsaldetik aurrera, berriz, bost talde igaroko dira plazako oholtzatik. Madrilgo Atraco taldea nabarmendu du Garciak: “Burning talde handiaren kontzertuetan, hasierako talde izan dira urte askotan”. Bretainiako Komodor taldea ere aipatu du Garciak: 1970eko musika jotzen dute; rock and rolla, bereziki. Gaur egun Frantzian bizi diren Australiako Koritni taldearen itzuleraz ere egin du berba: hiru urteko etenaren ostean, hard rock estiloko diskoa argitaratu berri dute, eta Areatzan entzun ahal izango da bihar.

Eric Steckel

Egonkortuta

Goizean ez ezik, goizaldean ere luzatu nahi dute festibala antolatzaileek. Horregatik, bihar, rock musika ipini ohi duen DJ batek girotuko ditu azken kontzertuaren osteko orduak. Azken batean, Areatza Musik & Beer asteburuko plana izatea lortu nahi dute.

Festibala egonkortuta dagoela iruditzen zaio Garciari. Urtez urte apur bat handitzen da, baina ez gehiegi. Izan ere, udalerriak 1.200 biztanle ditu, eta ez dute gainezka egiterik gura. Taldeak ere kalitatezkoak dira, baina ez dira goren mailakoak. “Horiek entzun nahi dituenak baditu beste jaialdi batzuk. Gure asmoa da gertuko jendeari kalitatezko musika doan entzuteko aukera eskaintzea”. Arratiatik kanpoko jende “asko” joaten zaiela esan du Garciak; batez ere, Bizkaiko beste udalerrietatik eta Arabatik. Baina proportzioan gutxiago dira arratiarrak. Horiek erakartzea izan da, neurri batean, gune berriaren helburuetako bat. “Etor daitezela; ezagutu eta errepikatu”.

Aparkaleku bat egokitzen dute, eta han autokarabanan edo furgonetan lo egiteko aukera eskainiko dute. Herrian badute hotel handi bat, eta Areatzan gaua pasatzea erabakitzen duten gehienek han hartzen dute ostatu. Gainontzekoek, joan-etorria egiten dute barikuan eta zapatuan. Batez ere, 35-40 urtetik gorako musikazaleak etortzen dira jaialdira. Familian asteburu-pasa agertzea ere nahi lukete. “1338an sortutako hiribildua gara, herrigune polita dauka eta Gorbeiako parke naturalaren ateetan gaude. Asko dugu eskaintzeko”, azpimarratu du Garciak.

Bob Wayne.

Argazkiak, ordenean:

1. Atraco. Madrilgo rock and roll taldea da. 2019an atera zuten lehen diskoa, taldearen izen berekoa.
2. Henrik Freischlander. Gitarra jotzailea eta kantautorea da. Bluesa bere kanten oinarria bada ere, rock, jazz, soul eta funk estiloak ere nahasten ditu.
3. Eric Steckel. Blues munduan genero berri baten sortzailea da: bluesmetala.
4. Bob Wayne. Waynen ahotsak Cash-en oihartzunak ditu, eta bere musikak punk eta countrya nahasten ditu.