Amaia Igartua Aristondo
Ardatz bat da, herriaren erdian, kulturaren askotariko adierazpenei eskainitako gune bat: hartzen ditu zinema, antzerkia, arratsaldeak girotzen ditu kontzertuekin, eta ekoizpen garaikideen erakustoki ere bada: aurten, 30 urte bete ditu Basauriko Social antzokiak, eta ekintza sorta berezi batekin ospatu dute efemeridea asteon. Gatiburen kontzertuak itxiko du egitaraua gaur, antzoki aurrean dagoen Arizgoiti plazan, 21:30ean.
30 urteko ibilbidea du Social antzokiak, baina eraikinak are lehenagotik hartzen zituen kultur ekitaldiak: zehazki, 1957tik. La Basconia latorri enpresaren ekimenez sortu zen, beharginei eta basauriar orori “formakuntza humanoa, erlijiosoa eta soziala” eskaintzeko, garai hartako hedabideetan zabaldu zenez. Berehala, inguruko beste enpresa batzuk batu ziren proiektura, hala nola Ceplastica, Firestone, Alvarez Vazquez, Muñuzuri Ripolin, Guinea anaiak eta Prado anaiak.
1955ean ekin zieten obrei, Emiliano Amann Amann Bilboko arkitektoaren diseinua mamitzeko: L itxurako eraikin bat, areto handi bat izango zuena ardatz, non antolatuko ziren antzerkiak, zinema proiekzioak, hitzaldiak eta bestelako egitasmo kulturalak. Horrez gain, beste areto txiki batzuk ere taxutu zituzten, baita liburutegi txiki bat ere. Hala sortu zen San Pedro zentro soziala, eta, besteak beste, musikari euskaldunen ikuskizun andana bat hartu zituen. 1984an itxi zuten, Kataluniako Els Joglars antzerki konpainiaren Olimpic Man obrarekin.
Ia hamarkada batez egon zen zarratuta, harik eta 1993an berriro zabaldu zuten arte, bestelako eskaintza kulturalarekin eta egungo izenarekin. Orduko hartan, instituzio publikoena izan zen ekimena: udalak akuilatu zuen proiektua —EAJren esku zegoen— eta oposizioko kide guztien bultzada jaso zuen, baita herriko kultur elkarteena ere, Felix Diez antzokiko Harreman Publikoko egungo arduradunaren arabera. “Garai hartan, Basaurik Antzerki Eskola prestigiotsua zuen, baita aktibitate handiko Jaiki zinema kluba ere. Haiek mantendu zuten herriko antzerkiaren eta zinemaren hauspoa, eta antzokia berriro ireki zedin aldarrikatu zuten”.
Formatu eta publiko ugari
1993ko maiatzaren 29an izan zen: Euskal Aktoreen Elkartearen gala batekin abiatu zen Social antzoki berria, eta bi pelikula eskaini zituzten zineman: El libro de la selva eta Héroe por accidente. “Kultur zentro moduan berrireki zituen ateak, behar bezala hornituta, eta, hala, zinema, ikuskizun artistikoak, multimedia eskaintza, antzerkia, zirkua, musika eta dantza haien askotariko formetan eta uztarketetan hartzeko”. Era berean, orekaren irizpidea ezarri zuten hasieratik, eskaintza komertzialaren eta ikertzeko babesaren artekoa, hain justu, jomugan izango zuena publiko zabala eta heterogeneoa.
Ibilbide berrian, antzokiaren agertokian aritu dira Els Joglars, ostera ere, baita euskal antzerki konpainia andana bat ere, hala nola Karraka, Geroa, Tarima, Markeliñe, Tanttaka, Kukai, Miarritzeko ballet konpainia edo dagoeneko desagertutako Euskadiko Balleta. Han jo dute, halaber, Benito Lertxundik, Oskorrik, Ruper Ordorikak eta Mikel Laboak, eta Itziar Ituñori ere egin dio aterpe antzokiak. Orobat, nazioarteko artistak ere egon dira Socialen. Diezek azaldu duenez, programatzerakoan euskal artistei erreparatzen diete bereziki, eta sortzaile garaikideak lehenesten dituzte, oro har.
Sare handi baten zatietako bat dira, Diezek aldarrikatu duenez, eta herriko beste instituzio eta elkarte batzuekin elkarlanean dabiltza; besteak beste, Musika Eskolarekin, Koral elkartearekin eta Danbolin txistu elkartearekin. Jardun horrek programazioa aberasten du, eta bide ematen du beste publiko batzuengana heltzeko, era berean. Badute horren premia, Diezen berbei erreparatuta. “Erronka nagusia da pandemia aurreko publikoa berreskuratzea. Zerbait berreskuratu da, baina oraindik ez gara heldu aurreko kopuruetara”.
Gazteak ere badituzte jopuntuan. “Haien interesa eragingo duten proposamenak behar ditugu”, adierazi du Socialeko arduradunak. Baina, adin tarte horietan, jakin-mina dibertsifikatuago dagoela dirudi, teknologia digitalen aukerak direla-eta, gehienbat. “Kultur kontsumo ohiturak egunean-egunean ari dira aldatzen; pandemiak hauspoa eman zion horri, streaming plataformen gorakadarekin”. Diezek dioenez, joera irauli nahi dute ikus-entzule potentzialekin komunikazio pertsonalizatuagoa sustatuz.