Mikel Garcia Martikorena
Zerk dakar Asturiasen (Espainia) bizi den japoniar bat bostehun biztanle inguru dituen Bizkaiko herri batera? Arteak. Hori da Tadanori Yamaguchi Mañarira ekarri duena. Artista japoniarrak Angurreta Harrobia kultur elkartearen eskutik Denboraren aztarna izeneko erakusketa estreinatu zuen gaur zortzi, Urkiolako parke naturaletik metro gutxira dagoen espazioan. Elkarteak Angurretako harrobiari beste bizitza bat eman dio azken urteetan. Izan ere, 2021ean arte espazio bihurtu zuten, kareharriko harrobia 1970eko hamarkadatik bolboraren eztandarik gabe egon ostean.
Aluminioz egindako lau eskulturek osatzen dute Yamaguchiren lana. Artelan bakoitza hainbat egitura poliedrikok osatzen dute, inguruarekin jolastuz. Victor Arrizabalaga Angurreta Harrobia kultur elkarteko arduradunak adierazi duenez, hori zen artistari jarri zion baldintzetako bat. Arrizabalagaren ustez, baldintza hori “guztiz” bete du japoniarrak, eta bere lana “ingurunearekin hitz egiteko gai” dela nabarmendu du: “Harriaren morfologia eskulturari transferitu, eta mendiak jasan duen ustiapen eta eraldaketa prozesuari buruzko informazioa jaso du”.
Inguruarekin nolabaiteko elkarrizketa bat sortzea ez da izan Arrizabalagak Yamaguchiren lanaren gainean jarri duen neurri bakarra. Artistak barre artean azaldu duenez, ohituta dago eskulturetan harria lehengai legez erabiltzera. Horregatik, proiektuaren berri izan eta harrobira joan ostean, bertako kareharria erabiltzea proposatu zion elkarteko zuzendariari: “Victorrek [Arrizabalagak] ezezkoa eman zidan, harrobia bere horretan mantendu nahi zuela, kanpoko esku hartzerik gabe. Hortaz, beste material bat bilatu behar izan genuen, eta, azkenean, aluminioarekin egitea erabaki nuen”.
Harrobiko materialak ez erabili izanak “pisuzko” arrazoia du. Izan ere, Arrizabalagaren arabera, inguruari “beste zentzu bat” eman nahi dion arren, lekuaren memoria mantendu nahi du. Arrizabalagak baieztatu duenez, Yamaguchiren erakusketa hiru urtean egongo da, eta, ondoren, “harrobia bere horretara itzuliko” da, oraindik erabaki ez duten pieza bat salbu, arte espazioan geldituko dena. Erakusketa ikusgai egongo da Mugarra mendira doan ororentzat, datorren irailaren 31ra arte. Ondoren, bisita gidatuekin soilik egon ahalko dira bisitariak. Horretarako —eta irailaren 31 baino lehen bisita gidatu bat nahi izanez gero—, angurreta@gmail.com helbidera bideratu behar da eskaria. Buruko bost euroko ordaindu behar dira.
Arte ezberdina
Angurreta Harrobia arte espazioko arduradunak dio Yamaguchiren lanak hiru alderdi “estimulatzen” dituela: begirada, ukimena eta irudimena. Arrizabalagaren iritziz, “oso zaila da” hainbeste alderdiri so egiten dioten obrekin topo egitea. Yamaguchik argi utzi du “bestelako” obrak direla, “artea era ezberdin batean” ulertzen dutelako: “Museoetan dauden piezak ez bezala, harrobian daudenak ukitzeko, angelu ezberdinetatik ikusteko eta haien inguruan bueltaka ibiltzeko pentsatuta daude”.
Aluminiozko xafla ezberdinez osatutako piezak, Yamaguchik azaldu duenez, harriaren “ehundurarekin” egitea erabaki du, artelana eta harrobiaren arteko harremana irudikatzeko. Artista japoniarrak obrekin “jolastera” gonbidatu ditu bisitariak; hau da, “ukitzera”. Arrizabalagaren ustez, baina, ukimena ez da japoniarraren lanak kitzikatzen duen zentzumen bakarra. Biek azpimarratu dutenez, piezari eguzkiak ematen dion eraren arabera, “artelan berezi eta bakarra” eratzen da.
Ukimena eta begirada kitzikatzeak “imajinazioarekin jolastea dakar”, Arrizabalagaren hitzetan: “Eskulturek ez dute esanahi zehatz eta bakarra, formen arteko elkarrizketa eratzea baitute xede”. Yamaguchiren eta Arrizabalagaren helburu hori lortu ahal izateko, pieza bakoitzerako erabilitako aluminiozko xaflak artistak behar zuen neurrira egin dituzte.
“Denboraren igarotzea, naturaren eragina edota sua” dira, besteak beste, eskulturek helarazten dituzten ideiak, Tadanori Yamaguchiren hitzetan. Argi-prisma, Uholdea, Masa eta Magma piezak egiteko lau urte eta erdi igaro ditu artistak lanean. Haren ustez, espazioak eszenatoki izan behar du: “Ez da museo bat bezalakoa, ez da soilik artelanaz gozatu behar; harrobian dagoen naturari buruzkoa ere bada”.
Harrien lorategia
Hamaika izen jarri izan dizkiote harrobiari arte espazio bihurtu zela jakin zenetik. Dena den, Angurreta Harrobiko arduradunak Mañariko harrien lorategia du gustukoen. Haren aburuz, harrobiak, egun, “Japoniako zen lorategiak” ekartzen dizkio gogora. Arrizabalagak dio harrobia eskuratzeko aukeraren berri izan zuenean “leku zoragarria” iruditu zitzaiola arteen eszenatoki bihurtzeko: “Arterako ezohiko lekua den arren, hasiera-hasieratik Angurretako harrobiaz maitemindu nintzen”.
Maitasun hori partekatzen du Yamaguchik. Nagoyako artistak kontatu du betidanik nahi izan duela bere artea harrobi batean erakutsi; are gehiago, “amets bat bete” dela aitortu du. Azaldu duenez, harrobiekiko harreman hori Japonian zegoela sortu zitzaion. Izan ere, artista izan aurretik, granitozko harrobi batean ibili zen beharrean.
Harrobiak kubikoak dira Yamaguchiren iritzian. Gizakiaren esku hartzeak forma hori eman dio mendiari, eztandei esker. Gaineratu du bere lanaren helburuetako bat hori apurtzea dela. Lan hori, ordea, ez da arte espazioan ikusgai dagoen bakarra. Ekainaren 4an, Gehi Zazpi biolontxelo taldearen doinuak Yamaguchiren obren artean murgilduko dira, kontzertua eskainiko baitute arte espazioan. Uztailaren 8an, Koldobika Jauregi artistaren performancea egongo da gunean.
Horrelako ekintzekin bizi berri bat eman nahi dio harrobiari Angurreta Harrobia kultur elkarteak. Izan ere, Mañariko ehun sozioekonomikoaren alderdi garrantzitsua zen bere jarduera amaitutzat eman zuten arte. Mañariko grisa esaten zioten bertako harriari.