Amaia Igartua Aristondo
Euskal Herriko beste bazter askotan gertatzen dena gertatzen da Mungian ere: euskararen ezagutzarekin alderatuta, erabilera apala da. Beste horrenbeste gazteen kasuan. “Jardun akademikoan, %100 euskaraz aritzen gara. Baina aisialdian, falta da”, esan du Gaizka Abaroa Mungiako Larramendi ikastolako lehendakariak. Ikastola gisa, “ardura” dute klase orduetatik kanpo ere euskara bermatzeko, eta egitasmo bat abiatu dute herriko San Pedro -Lauaxeta institutuarekin eta Bentades ikastetxearekin batera: Mugaz. Ekainaren 19tik 23ra, ikastetxeotako DBHko eta Batxilergoko hogei ikaslek kanpamentu ibiltari batean parte hartuko dute, euskararekiko eta euskal kulturarekiko harremana indartu eta Mungialdea ezagutzeko.
Larramendikoek aurten ondu dute Hizkuntza Proiektua, eta egoeraren berri ematen duten datuak bildu dituzte, Maria Galdeano ikastolako zuzendari pedagogikoak xehatu duenez. Eustaten arabera, 2021ean, mungiarren %57 zen euskalduna. “Azkenengo urteetako datuek adierazten dute gero eta euskaldun gehiago daudela”, zehaztu du Galdeanok. Alabaina, ez da erabileran islatzen, ikastolako Batxilergoko ikasleek 2020an egindako kale inkestaren emaitzek adierazten dutenez. “Mungiako hainbat kaletan kokatzen dira, eta identifikatzen dute ea elkarrizketak euskaraz egiten diren, gaztelaniaz, edo beste erdaretan”. Urte hartan, %72k gaztelaniaz hitz egiten zuten, eta %23k, euskaraz.
Gazteek ere gaztelaniara jo ohi dute, zuzendari pedagogikoaren hitzetan. Ikastolako bazkideei bidaltzen dizkieten inkestetan, ikusi dute adinaren araberakoa dela erabilera. Batez beste, %43k erabiltzen dute euskara etxean, eta, urteak pasatu ahala, jaitsi egiten da portzentajea. Haur Hezkuntzan dauden ikasleen kasuan, %50k egiten dute euskaraz etxean; Lehen Hezkuntzan, apur bat jaitsi egiten da kopurua, baina, batez ere, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan apaltzen da nabarmenen: Batxilergoko ikasleen %23 mintzo dira euskaraz etxean. “Guraso askok zailtasun gehiago dituzte nerabeekin elkarrizketak euskaraz egiteko gaztelaniaz baino. Eta ikasleek horra jotzen dutenez, askotan gurasoek erabakitzen dute gaztelania hutsean ibiltzea”, azaldu du Galdeanok.
Aisialdiko erabilera, gako
Hainbat arrazoik azal dezakete jaitsiera hori, Abaroaren iritziz. Batetik, kanpotik —batik bat, Bilbotik— jende asko heldu da azken urteetan Mungiara; eta, bestetik, aspaldiko zioak ere badaude. “Mungian beti egon da konplexu moduko bat baserrietatik herrira jaisten zirenengan. Nahiz eta baserriko seme-alabak izan, gaztelaniaz hitz egiten zuten, benetako gauzez hala egin behar baitzen”, Abaroaren berbetan.
Dena den, Mugazen antolatzaileek aisialdia dute jopuntuan, eta hor eragin nahi dute, nagusiki. “Mungian umeentzako eskaintza zabala egoten da, baina ez dugu asmatzen zer egin nerabeekin. 16 urtetik aurrera, lonjetan sartzen dira, euren kabuz ibiltzen dira”, esan du lehendakariak. Horrez gain, euskara esparru akademikoarekin lortzen dutela adierazi du, eta, hala, aisialdian askatu egiten direla, baita hizkuntzatik ere. “Liburua zarratzen dutenean, esaten dute: ‘Nahiko dosi eduki dut’. Jolas orduetan ikusten da: irakasleek tentsio hori mantentzen egon behar dute. Baina askatzen direnean, denak doaz gaztelaniara”. Gero eta goizago, gainera. “Lehen, saltoa gertatzen zen DBHra heltzen zirenean; orain, berriz, LHko 5. mailarako gertatzen da”.
Jauzia hain erabatekoa ez izatea du helburu Mugazek, antolatzaileen berbei erreparatuta. “Aukera eman behar diegu euskaldun horiei euskaraz egiteko”, dio Abaroak. Konpromisoa eskatzen diete parte hartzaileei, behintzat euskaraz egin dezaten aurreneko hartu-emana, eta ahalegindu daitezen aste horretan euskaraz baino ez egiten. Beste ikastetxe batzuetako ikasleekin batuko dituztenez —alegia, ez dutenez elkarrekin hainbeste konfiantza edukiko—, gaztelaniara jotzeko joera ez da izango hain zuzena, eta, era berean, etxetik kanpo ibiliko direnez, familiako hizkuntza ohituretatik ere aldenduko dira.
Euskarabentura izan da eredu nagusia egitasmoa antolatzeko orduan, Abaroak aitatu duenez. “Partaide batzuek esan ziguten euskararekiko ikuspuntua aldatu egin ziela Euskarabenturak”. Mugaz ere horretan ahaleginduko da, surfa, musika eta bestelako ekintzak eskainiko dituen egitarau batekin.