Saihesbidearen plana kanpainan hastea kritikatu du Errekaldek

Saihesbidearen plana kanpainan hastea kritikatu du Errekaldek

Olatz Silva Rodrigo

Hauteskunde kanpaina betean iragarri du Elixabete Etxanobe EAJren Bizkaiko ahaldungai nagusiak Bilboko Errekalde auzoko A-8 autobidea eraisteko lanen lizitazioaren argitalpena. Hain zuzen, joan den asteko astelehenean Markina-Xemeinen antolatutako ekitaldi batean esan zuen hurrengo egunean aurkeztuko zutela lizitazioa. Errekaldeko bizilagunek urteak daramatzate iragarpen horren zain, eta espero zuten, baina ez hain goiz: “Bagenekien atera behar zutela, baina uda ostean; harritu egin gaitu aurreratu izanak”, azaldu du Arrate Lopez Autopista Kanpora plataformako kideak. Haren ustez, modu “oso elektoralista” batean iragarri du Etxanobek proiektua, eta horrek erakutsi du “interesatzen” zaienean badagoela aukera proiektuak aurreratzeko. “Instituzioa eta alderdia nahastu dituzte; orain oso ondo datorkie hau iragartzea”. Lopezen arabera, mezu hori Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak eman behar zuen, ez ahaldun nagusi izateko hautagai jeltzaleak.

Iazko apirilean, Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran, Pradalesek esan zuen autobidea eraisteko oraindik itxaron egin beharko zela, ez zegoelako horretarako aurrekonturik. Hala ere, bi hilabete beranduago, EH Bilduk eta PPk mozioak aurkeztu zituzten Batzar Nagusietan, eta horren eraginez, EAJk akordioa sinatu zuen EH Bildurekin, PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin. Autobidea eraisteko bide orri bat zehaztu zuten eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zioten aurtengo foru aurrekontuetan kopuru bat proiektu horretara bideratu zezan. Hala egin zuen: 150.000 euroko aurrekontua ezarri zuen iazko azaroan.

Aldundiak 33 hilabeteko epea zabaldu du orain proiektua idazteko. “Prozesu luze baten lehenengo pausoa da hau: merkeena eta errazena”. Horregatik, “mesfidati” daude plataformako kideak. “Gero etorriko da zailena, eta hor ez dira hauteskundeak izango; hor ikusiko da benetako konpromisoa ote dagoen”.

Plataformak egindako kalkuluen arabera, saihesbidea egiteko obrak 2026an hasi beharko lirateke, eta 2029an amaitu. “Errekalde azpitik joango da, eta behin saihesbidea martxan jartzen dutenean eta autoak hortik pasatzen hasten direnean, orduan eraitsi beharko dute auzoaren gainetik doan autobidea”. 2030ean hasi beharko lirateke eraiste lanak. Batzar Nagusietan sinatutako ibilbide orriaren arabera, oro har, 116 hilabete beharko dira proiektua egiteko, “etengabeko lanarekin”. Hau da, bederatzi urte eta erdi.

Jarrera irmoa amaierara arte

Prozesu luze osoan zehar, plataformak orain arte izan duen jarrera izango du: “Aurrekontuak atera diren bakoitzean, beti galdetu izan dugu; eta oposizioko alderdiekin ere bildu gara”. Plataformaren helburua da aldundiak esandakoa “betearaztea”, eta proiektua ez geldiaraztea: “Gerta daiteke proiektua kaxoi batean sartzea eta ahaztea”. Horregatik, “hurbiletik” aztertuko dute proiektua. “Gertutik zainduko dugu prozesua denborarik ez galtzeko eta epe bakoitzean behar den dirua erreserbatzen dutela ikusteko”.

Nahiz eta aldundiak autobidea eraisteko nahia erakutsi duen, auzokideek argi dute ez dutela Autopista Kanpora deuseztatuko. Duela hamar urte sortu zuten plataforma, baina aurretik beste bat egon zen. “Aurreko plataforma hori desegin zuten, 2016an autobidea desagertuko zela iragarri zutelako”. Baina proiektua ez zen aurrera atera. “Aurrekariak ikusita, guk ere ikasi dugu eta auzokideen lekukoa hartu dugu; ez dugu akats bera egingo”. Bukaerara arte “gainean” egoteko asmoa dute.

Lopezen arabera, autobidea eraisteak eta saihesbidea sortzeak ez du aldaketarik eragingo trafikoan: “Ibilgailuek pasatzen jarraituko dute, baina auzoaren gainetik joan beharrean, azpitik joango dira”. Proiektua lehenago egin ez izanaren arrazoia, beraz, “borondate politiko falta” izan da. “Beste proiektu batzuk dituzte, haientzat hau baino interesgarriagoak direnak”. Lopezen iritzian, haren auzoko egoera ez da lehentasuna aldundiarentzat: “47 urte daramatzagu eskaera honekin, eta orain arte ez dira mugitzen hasi”. Izan ere, A-8 autobidea sortu aurretik, errepide hori sortzearen aurkako “borroka handia” egon zen auzoan; eta auzoaren “protesten eta eskaeren aurka” sortu zuten.

Arazoak bizilagunentzat

Autobideak hainbat arazo eragiten ditu auzokideen eguneroko bizimoduan, Lopezek azaldu duenez: “Hasteko, auzoa erdibitu du, eta alde batetik bestera igarotzeko ibilbide naturalak moztu ditu”. Horrez gain, noizbait objektuak erori dira autobidetik, hala nola kamioien gurpilak. “Eta behean dagoena umeentzako jolas parke bat da; hori arriskutsua da”. Kutsadura ere nabarmendu du Lopezek: errepidea etxeetatik “oso gertu” pasatzen da, eta trafikoak partikulak eta kea sortzen ditu. “Eta zarata itzela ere bai”; are, auzoko eskola guztiak autobidetik gertu daude, eta bertatik ere zarata entzuten dute. Hura eraisteak, beraz, auzokide guztien “bizi kalitatea hobetzea” eragingo du.