Mikel Garcia Martikorena
Gaur zortzi ekin zion Bizkaiko Elikagai Bankuak udaberriko elikagai bilketari. Bi egunez —ostirala eta larunbata— 2.700 inguru boluntario ibili dira Eroski, BM eta El Corte Ingleseko sarreretan elikagai bankuak utzitako kutxetan erosleek uzten zutena biltzen, biltegira eramaten eta, gero, beharrizanak dituztenen artean banatzen. Oraingoz, datu zehatzak jakitea “ezinezkoa” dela dioten arren, “oso pozik” daudela dio Luis Crovetto Bizkaiko Elikagai Bankuko presidenteak. Are gehiago, behin betiko datua ez bada ere, Crovettok dio iazko kanpainarekin alderatuta “%6 elikagai eta bonu gehiago inguru” jaso dituztela aurten.
Bankuko presidentearen aburuz, udaberriko bilketa “ezinbestekoa” da urtarriletik gastatuz joan diren elikagaiak eta bestelako produktuak birjarri ahal izateko. Izan ere, “arazo handirik” ez zutela baieztatu duen arren, Crovettok dio zenbait produkturen egoera “hobetzeke” zegoela, hala nola esnea eta olioarena.
Bizkaiko Elikagai Bankuak jatekoa ematen die 26.600 bizkaitarri. Inflazioa dela-eta elikagai gutxiago eskuratzeko aukera izan dutela jakinarazi du Crovettok, kezkatuta: “Prezioen gorakada izugarria izan da. Gugan eragin handia izan du. Aurten, %17,5 gehiago gastatu arren, %20 elikagai gutxiago erosi ahal izan ditugu”.
Prezioen igoeraren adibiderik argiena esnea da. Aurreko urtean, Elikagai Bankuak 0,58 euroan erosten zuen brika; gaur egun, berriz, 0,98an. Horren eraginez, lau litro banatzen dira pertsona bakoitzeko —lehen, sei litro banatzen ziren—; eta oliba olioa, berriz, ekilorearekin aldatu behar izan dute.
Laguntzeko unea
Gabonetako kanpainari eta Europar Batasunak egindako dohaintzari esker —azken hori, Crovettoren ustez, aurreko urteetakoa baino txikiagoa izan da—, azken hilabeteetan oinarrizko saskia mantentzea lortu dute. Saski horrek esnea, lekaleak, olioa, barazkiak, kakaoa eta bestelako zenbait premiazko elikagai ditu. Dena den, eta prezioen “etengabeko” igoera dela medio, hori mantendu ezin izateak arduratzen ditu.
Kezka horrek bultzatuta, herritarrak bilketan parte hartzeko deia egin zuten Elikagai Bankukoek. Erantzuna “paregabea” izan dela adierazi du Crovettok. Are gehiago, presidenteak dioenez, jendeak euren gomendioei kasu egin die, eta esnea eta olioa eman ditu, bereziki.
Dohaintzek aurten gora egin izanak esanahi berezia duela uste du Crovettok: “%6ko igoerak, eta inflazioa kontuan hartuta, esan nahi du herritarrek askoz diru gehiago gastatu dutela”. Bizkaitarren eskuzabaltasunak “liluratuta eta hunkituta” utzi dituela esan du bankuko presidenteak.
Betiko legez, dohaintzak ez dira herritarrek hipermerkatuetan emandako elikagaiak soilik izan; Elikagai Bankuak eskaintzen dituen bonuak erosi dituzte hainbatek. Hala ere, dohaintza aukeratzeko orduan joera aldaketa bat egon dela dio Crovettok: “Dohaintza egiteko erak 180 graduko bira eman du. Azken urteotan jendeak bonuen alde egiten zuen; baina, aurten, jasotako ia %60, emandako jakiak dira”. Bonuak, bestalde, %20 jaitsi dira iazko datuarekin alderatuz gero.