Ibai Maruri Bilbao
Lehen agintaldia COVID-19aren pandemiak baldintzatu dion arren, EAJko Amaia Agirre (Getxo, 1974) alkateak dio Getxoko Udalak 2019ko konpromisoak “beteta edo betetzear” dituela. Agirre alkategaia da berriz ere.
HAPO berria onartu zenuten iaz Getxon. Zenbait eragilek deituta, aurkako protestak egin dira.
Beste eragile batzuk ados izango ditugu, ezta? Udal teknikariek, alderdi politikoek, herritarren erakunde eta eragileek eta zenbait getxotarrek landu dugu, urteetan antolatu diren parte-hartze egitasmo eta sistemen bitartez. Orain berriro parte hartzea zabaldu da, eta hainbat dira jaso diren proposamen eta eskariak. Teknikoki lantzen ari dira, eta behin betiko HAPOa zein den zehazten lagunduko dute. Hau da zenbait arlotako eragileen artean, eta legedia kontuan hartuta, lantzen ari den eta datozen belaunaldiei utzi nahi diegun Getxo berria: jasangarria, bidezkoa, genero ikuspegian oinarritua eta bizitzeko aukerak eskainiko dituena, batez ere gazteriari begira, bertan lan egiteko aukera izanez. Horrez gain, mugikortasun eta irisgarritasun unibertsala landuz, ingurumena zaintzea bermatuko duena, Getxoren naturaguneak ere etorkizunera begira egoerarik hoberenean garantizatzen dituena.
Belaunaldi arteko zentroak ere istiluak eragin digu. Zerk eragotzi du akordioa?
Akordioa adosteko alde bi behar dira prest. Udalak akordioa lortu du foru aldundiarekin eta alderdi desberdinekin. Gazteentzako bizileku bereziak, nagusientzako egoitza berritzailea, euren arteko elkarbizitza eta harremanak pizteko ahalmena, eta pertsona nagusien Ibar Nagusien elkarteak erabiltzeko espazio galanta eskainiko ditu. Adinekoentzako bizikidetza unitateetan antolatutako ehun leku eta gazteentzako alokairuko berrogei apartamentu izango ditu. Zenbait hauteskundetan proiektu hau egiteko konpromisoa eraman dugunean, Getxoko bizilagunen gehiengoak baietza eman dio. Beraz, nahiko akordio eta berme lortu ditugu.
Ekintzailetza eta kultura sustatzeko haztegiak sortu dituzue. Zer ekarpen egingo dute?
Onura argiak dituzte: jakintza, sormena, gure gazteen balioak Getxon geratzen dira, eta euren arteko sinergia eta elkarlana gauzatu eta sakontzen da.
Zeintzuk dira Getxok datozen lau urteetan dituen erronkak?
Getxo sozialki kohesionatua eta belaunaldien artekoa bermatzea. Martiturri enpresa parkea. Etxebizitzaren aldeko apustu garbia daukagu. Mugikortasun iraunkorreko erreferentea izateko lan egingo dugu, berotegi efektuko gasen emisioak murriztuz, Mesedeetako aparkalekua handituz, besteak beste. Hiriko autobus zerbitzurako proiektu pilotua bultzatuko dugu. Azkorriko birika naturala zainduko dugu. Ekonomia zirkularrarekiko konpromisoa: murriztea, birziklatzea eta berrerabiltzea Larrañazubiko Biolehortze Plantaren bidez. Fadura kirol parke barria, atletismoko, errugbiko eta txirrindularitzako tribuna berriarekin. Garagardotegia, kirol eta gizarte ekipamendu multifuntzional gisa.