Datozen lau urteetarako eztabaidaren oinarriak

I. Maruri Bilbao

Kanpaina hasi aurretik ere ibili dira hautagaiak Bizkaiko Foru Aldundira iritsiz gero zer egingo luketen azaltzen. Egindako proposamenak eta iragarritako proiektuak askotarikoak dira. Baina, batez ere, zaintza arloak, garraioak eta ekonomiak hartu ohi dute garrantzia, neurri handi batean horiek dutelako pisurik handienetakoa diputazioaren eskumenetan.

Gizarte zerbitzuak

Azken urtean zer esana ematen ari da zaintza Bizkaian. Besteak beste, itunpeko zahar etxeetako beharginak greban daude. Sindikatuek eta erabiltzaileen familiek auzitan jartzen dute indarrean dagoen eredua. Foru aldundiak ere aldaketa prozesu bat abiatu du, eta EAJk bide horretatik jarraitzeko asmoa iragarri du. Mendekotasunen bat dutenak ahalik eta denbora gehiena etxean egon daitezen, EtxeTIC zerbitzua gehiago hedatuko dute. Egoitzak modernizatzen eta 25 pertsona arteko bizikidetza unitateak sustatzen jarraituko dutela ere esan dute. Azkenik, GUFEk kudeatutako erreferentziazko eskualde zentroak ere ugarituko dira.

Besteak beste, foru aldundiak iragarri du egoitza bat egingo duela Sestaon eta beste bat Abadiñon, 120 plazakoa bakoitza. EH Bilduk eskatu du berek proposatzen duten eredu “publiko-komunitarioa” probatzeko egoitza berri horietan, gero handik lurralde osora zabaltzeko. Koalizioaren arabera, beren eredua “sistema publikoak bermatuko du, baina komunitateak inplikazio handia izango du”.

PSE-EEk, berriz, diputazioak bultzatutako bizikidetza unitateen aldeko apustua egingo du. Aldi berean, egoitzetako plaza publikoak ugaritu behar direla deritzo. Zaintzaile profesionalen lan baldintzak hobetzeko konpromisoa ere hartu du; besteak beste, ratioak hobetzekoa.

Elkarrekin Podemosek zerbitzuen kudeaketa publikoaren aldeko apustua egin nahi du, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handituta. Egoitzetatik harago ere lan egin behar dela uste du: mendekotasunen bat dutenentzako laguntza ekonomikoak handitu, etxean kontratatutako zaintzaileak profesionaltzat hartu, eta etxez etxeko zaintzako profesionalen eta arreta orduen kopurua handitu behar direla esan du.

PPk ere gaur egungo eredua aldatu behar dela deritzo: familiek eta erabiltzaileek egoki ikusiko duten eredu bat sortu behar dela dio, ez dadin izan mendekoentzat eta adinekoentzat “azken aukera, aukeretan okerrena”. Egoitza berriak behar direla adierazi dute, 24 orduz erizaintza izango dutenak. Haren ustez, eredu berriko egoitzek txikiak izan behar dute, arreta pertsonalizatua eskaini, eta auzoko bizitzan txertatuta egon.

Garraioa

Diputazioak daborduko iragarrita ditu garraio azpiegiturei dagozkien proiektu handiak: itsasadarreko tunela, Sollubekoak… Zehaztea falta du zein izango den itsasadarreko tunela aprobetxatuko duen garraio publikoa. Horrez gain, EAJk bizikletaren aldeko apustua egin gura du datozen lau urteetan. Besteak beste, herriarteko bidegorrien sarea sortu nahi du, “ibilgailu motordunen erabilera murrizteko”.

EH Bilduk zalantzan ipini ditu diputazioak bultzatutako azpiegitura handiak, besteak beste, “ibilgailu pribatuaren erabilera sustatzen” dutelako. Koalizioaren ustez, “inbertsiorik egokiena garraio publikoa indartzea” da. Besteak beste, “zerbitzuaren kalitatea handitzeko eta trenbide azpiegiturak berritzeko” neurriak hartuko ditu. Era berean, doakotasunerako bidea abiatu behar dela deritzo.

Elkarrekin Podemosek ere doakotasunaren aldeko apustua egin nahi du, eta eskaintza handitu behar dela deritzo. Bilboko Metroaren laugarren linearen aldeko konpromisoa hartu du; eta Basauriko Sarratun intermodala eraiki nahi du. Trenbide sarea hobetzeko beharra azpimarratu du.

PSE-EEk uste dute garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak saritu behar direla, deskontuak eginez, eta, aldi berean, erabiltzaileen errentari egokitutako deskontuak behar direla deritzote. Bizkaibuseko autobusak hibridoak izatea bultzatuko dute, eta Bizkaibizi bizikleta elektrikoen foru sarea indartu nahi dute.

PPk esan du diputazioak bete ez duen hitza beteko duela: metroaren 4. eta 5. lineak bukatu, Errekaldeko, Ermuko eta Loiuko saihesbideak eraiki… Bizkaia ordainsaririk gabeko herrialdea izatea nahi dute. Herri barruko autobus zerbitzuak bultzatuko dituela ere hitzeman du PPk.

Sozioekonomia

EAJk hainbat ildotan oinarritu ditu politika ekonomikoak: gazteen talentua mantendu eta erakarri, enpresa txiki eta ertainen nazioarteko presentzia handitu, iraultza digital azkar eta sendoa egin, eta emakumeek enpresetan duten zeregina indartu. Sektore estrategikoetan proiektu eragileak bultzatuko dituela azaldu du. Lurralde kohesioan sakontzeko, eskualde estrategien diseinua babestuko dutela aipatu dute.

EH Bilduk uste du industria dela lurralde desorekari aurre egiteko bidea. Horregatik, Burtzeña, Zorrotza muturra eta Zorrotzaurre Bizkaia-Ibaizabal izeneko parke teknologikoan biltzea proposatu du, 5.0 industria aurreratuko jarduerak egiteko.

PSE-EEk ere berrindustrializazioaren beharra azpimarratu du. Horregatik, biofarmazia, teknologia biomedikoa, energia berriztagarriak eta autogintza berrikuntza indartu nahi ditu.

Elkarrekin Podemosek adierazi du zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratu behar dela. Trena salgaien garraiobide nagusi bihurtu nahi du. Lanaldia murrizteari ezinbesteko deritzo.

PPk uste du erakunde arteko plan integral bat behar dela enpleguaren arloan, langabezia handia duten inguruetan aparteko indarra eginez. Industria estrategia behar dela deritzo.