M. Garcia Martikorena
Bere agintaldia “aldaketa politikoarena” izan dela dio Iñigo Hernando (Galdakao, 1987) Galdakaoko alkateak. Izan ere, EH Bildu lehen aldiz izan da alkatetzan Galdakaon, 1979tik EAJ egon ostean. Legealdia hasi eta zortzi hilabetera heldu zen pandemia, egitasmo “asko” aurrera eramatea oztopatuz. Usansoloren desanexioa izan da lau urteetako gertakizunik nabarmenetakoa. Halere, azken hilean bestelako zalapartak sortu dira udalerrian memoriaren webgunea dela eta. Hernando alkategai da berriro.
Zer behar ditu Galdakaok egun?
Gizarte zerbitzuetan, trantsizio energetikoan, etxebizitzan eta kulturan hainbat urrats egin behar ditugu Galdakao erreferente bihurtzeko. Galdakao herri atsegin bat izatea nahi dut. Trantsizio energetikorako oinarriak ezarri ditugu, eta hurrengo agintaldian horiek garatzeko nahia dugu; Bizkaiko eguzki parkerik handiena eraikitzeko proiektua dugu, 3.000 etxebizitzarentzako adina argindar ekoitziko dituena. Metroa iristeak herria aldatuko du. 2027an iritsiko da herrira, eta horretarako prest egon behar dugu. Herri barneko mugimendua egokitu beharko dugu, betiere tokiko merkataritzaren aldeko apustua eginez.
Nola bizi izan duzu Usansoloren desanexioa?
2015 eta 2019 bitartean oposizioan egon nintzen zinegotzi moduan. Hantxe ere argi genuen Usansoloko prozesua bultzatu behar genuela, ahalik eta era demokratikoenean. Prozesuak 30 urte zeramatzan blokeatuta. Galdakaoztarrok Usansoloren prozesua naturaltasun osoz hartu izan dugu beti. Aldundiarekin batera egindako lan baten ostean, argi geratu zen Galdakao eta Usansolo, bai batera, baita bakoitza bere aldetik ere, bideragarriak garela sozialki eta ekonomikoki.
Zer jarrera izan beharko luke orain Galdakaok?
Kudeaketa batzordea eratu da orain. Haren ardura udalerri berria prestatzen joatea da, eta gu laguntzeko prest egongo gara. Kudeaketa batzordearekin harremana naturala eta normala izatea gustatuko litzaidake. Urratsak egin dituzte udal berria eratzeko, baina oraindik hainbat gauza ditugu komunean: zerbitzuak, proiektuak, eta abar. Horiek nola kudeatu edo nola banatu erabaki beharko dugu. Hainbat formula daude: bakoitzak bere aldetik joatea edo mankomunitate bezala jardutea. Nire ustez hoberena, batez ere hasieran, mankomunitatearen eredua da.
Aranzadiren memoria webguneari biktimen arloan egindako kritikak ulertzen dituzu?
Oso argi geratu da elektoralismo hutsagatik izan dela. Proiektua alderdi politiko guztien babesarekin aurkeztu zen. Denek zekiten zeintzuk ziren aurrera eramango ziren prozedurak eta sailkapenak. Bakoitzak jakingo du zer interes duen Galdakaon horrelako zalaparta bat sortzeak. Udalak memoriaren webgunea bultzatu zuen elkarbizitzan sinesten dugulako, egia, justizia eta erreparazioa ezinbestekoa direlako.