Mikel Garcia Martikorena
Herrien historia hamaika ezaugarrik osatzen dute: jarduera ekonomiko nagusiek, biztanleria kopuruaren aldaketek, inguruan duten naturaren erabilerak, alboko beste herriekin dituzten harremanek edo lekuei jartzen dizkieten izenek. Azken horri erreparatzea erabaki dute Goio Bañales, Javier Barrio eta Mikel Gorrotxategi ikerlariek Gordexola. Erdi Aroa eta toponimia historikoa liburuan. Argitalpenean, XV. mendetik XX.era gordexolarrek beraien etxeei, larreei edo auzoei jarritako izenak aztertu dituzte.
Guztira, 1.049 toponimo aztertu dituzte, eta ikerketaren azken mendean —hau da, XX.ean—, euskararen eta gazteleraren arteko erabileran ia alderik ez zegoen arren, egoera ez da horrelakoa izan beti. XV. mendean, euskal toponimoak —lekuen izenak— %85 inguru ziren, eta “hizkuntza erromantzean” —garaiko gazteleran— zirenak, %15, ikerketak dioenez. Goio Bañalesek dio datu horiek erakusten dutela garai hartan Gordexolan bizi zirenek “gizarte euskalduna” osatzen zutela.
Ikerketa ez dago soilik toponimoetara bideratuta; hala ere, Bañalesek esan du “mami” gehien duen atala hori dela. Dena den, ikerlariak ohartarazi du lana ez dela “toponimoen bilduma” bat: “Mendez mende toponimoek zer aldaketa izan dituzten jakin nahi dugu”. Aldaketa horiek, gainera, ez dira Gordexolarenak “soilik”; izan ere, ikerketa Gordexolara mugatuta dagoen arren, emaitzen azterketa apropos bat egiteko “Enkarterri osoa testuingurutzat” izatea gomendatu du Bañalesek.
Ikertzaileak argi du, helburu gisa, jakin nahi dutela “non dagoen euskararen mendebaldeko muga”, eta, horretarako, toponimoak baliatzen dituzte. Biztanleek lekuei jartzen dizkieten izenak haien hizkuntza erabilerari estuki loturik daude. Bañalesen ustez, ikerketa toponimikoen emaitzak “altxorra” dira: “Emaitzak baliagarriak dira gure arbasoak euskaldunak ziren jakiteko. Agian, ez atzo, edo duela ehun urte, baina bai duela bost mende”.
Aldaketaren arrazoiak
Antzinako dokumentazioa —batez ere, jabetza erregistroa— aztertu osteko emaitzek Gordexolan euskaldunak zirela baieztatu dute. Hala ere, ikerlariak azpimarratu du lekuak izendatzeko momentuan joera aldaketa egon zela: “XVI. mendetik aurrera zerbaiti izena jartzerako orduan gaztelera erabiltzen zen ia beti”. Hori dela eta, XV eta XX. mendeen artean euskarak %35eko presentzia galdu zuen Gordexolan.
“Egungo toponimoen zergatia eta azken mendeetan pairatutako joera aldaketa ulertzeko, hainbat arrazoi hartu behar dira kontuan”. Bañalesek azaldu duenez, Gordexolako toponimoak bi iturrietatik zetozen: euskarazkoak eta erdarazkoak. Hegoaldetik etorri zen euskal eragina, “Okondotik eta Aiarako aranetik [Araba], nagusiki”. Menako Haranetik (Burgos, Espainia) etorri zen gaztelerazko eragina. Bi eragin iturri ezberdin izatea “bitxikeria” bat dela dio Bañalesek, ez baita ohikoa.
Ikerketak euskal toponimoak erdarazkoekin ordezkatzeko beste bi arrazoi “erabakigarri” azpimarratzen ditu. Alde batetik, hiribilduen eragina. Horiek gazteleraz adierazten zen ingurune administratibo baten eta justiziaren sortzaileak ziren, biztanleengan hizkuntza hori ezarriz. Bestetik, Gaztelako mugatik eta erromantzetik gertu egoteak eragin zuen. Hala ere, Gordexolan azken horrek Enkarterriko beste udalerrietan baino eragin txikiagoa izan zuen, Burgosko Elizbarrutian (Gaztela eta Leon, Espainia) egon beharrean Calahorrako elizbarrutiaren (Errioxa, Espainia) parte zelako. Horrek lagundu zuen gaztelerari aurre egiten.
Beheranzko joera hori, baina, ez zen eremu guztietan berdin gertatu. Baserrien izenetan, esaterako, %5eko jaitsiera izan zuen euskarak. Ikerketaren datuen arabera, XX. mendeko lehen erdian Gordexolako etxeen izenen %74 euskaraz ziren. Horren atzean abizenak daudela dio Bañalesek: “Abizena eta etxebizitza estu loturik zeuden, batak besteari ematen baitzion izena. Horregatik, izen horiek ez ziren erdarara aldatzen. Baserriaren inguruan sortzen ziren ortu, landa eta bideak ziren gaztelerazko izena jasotzen zutenak”.
Etorkizuneko erronkak
Gordexolakoa, ordea, ez da ikerlari hirukote horren lan bakarra izango toponimiaren arloan. Bañalesek dio Enkarterri oro har aztertzen dabiltzala gaur egun. Uste du lan hori erabilgarri izango dela argazki orokorra ezagutzeko. Jadanik zenbait datu bildu dituzte; XVI. eta XVII. mendeetan Enkarterrin euskaraz egiten zela erakusten dutenak, esaterako. “Mendez mende aztertzeak datu zientifiko bat lortzeko balioko digu. Herri guztietan antzeko joera topatuz gero, euskarak zer ibilbide izan dezakeen ikus genezake”.
Ikerlariak dio euskararen erabilera ez bada zaintzen, joerak “okerrera” egin dezakeela. Hori eragozteko eta bildu dituzten datuak jendeari azaltzeko, erakusketa bat egin nahi dute Enkarterriko Museoan, datorren urtean.