Bermeo: azoka, herri nortasunaren isla

Bermeo: azoka, herri nortasunaren isla

Zihara Jainaga Larrinaga

“Harrokeriarik gabe baina harrotasun handiz bizi dugu. Gurea den zerbaiti balioa ematen zaio Arrain Azokan”. Aritz Abaroa Bermeoko alkatearen hitzak dira. Ate joka dute Bizkaiko kostaldeko herri horretan urteko astebururik berezienetakoa: Arrain Azoka. Datorren astearen hondarrean ospatuko dute 39. aldia. Maiatzaren 19an hasi eta 21a arte, gustu eta adin guztietarako jarduera ugari eskainiko dira.

Hainbat arrazoik egiten dute berezi asteburua. Herritarren nortasunarekin bat egiten duen ospakizun gisa definitu du Abaroak azoka. Itsasoarekin eta arrantzarekin bat egiten duena. Beste alde batetik, azpimarratu du azokak balioa aitortzen diola Bermeorentzat oinarrizkoa den arlo profesional bati: arrantzaren eta kontserba sektorearen erakusleiho bat da, hain zuzen. Hori horrela, arlo ekonomikoari erreparatuta ere garrantzitsua da. Halaber, nortasunaren ezaugarri eta oinarriei balioa emateaz eta erakusleiho bikaina izateaz gain, herritarrek bizitasun handiz disfrutatzen dituzten egunak dira, alkatearen esanetan.

Bermeo beti izan da puntako herria arrantza eta kontserba arloetan, eta halako erakusleihoek aukera ematen diote urtez urteko berrikuntzak ezagutarazteko. Gainera, produkturik onena bilatzeko puntu erreferentzial ere bilakatzen da.

Espiritu bera, jaki gehiago

“Urratsez urrats goaz sektorean aurrera egiten”. Ia lau hamarkadaz urtero egin den azokaren espiritua ez da aldatu urte hauetan guztietan. “Ez litzateke aldatu behar”, uste du Abaroak. “Espiritu horrek gure sektorearen balioa nabarmendu behar du”. Alkateak dioenez, sektorearekin lotuta zegoen azoka profesional bat zen lehen, baina bermeotarrek barneratu egin dute orain. “Profesionaltasun hori mantenduz, geure egin dugu. Euskal Herriko jaien egutegian sartzea lortu dugu”. Hala, garai berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi du.

ARRAIN AZOKA

Gastronomia izango da azokaren ardatza. Izan ere, arrantzaleak itsasoratzeko arrazoi nagusia da platerera kalitate hobereneko produktuak ekartzea. Kontserba enpresek ere helburu bera dute: goi mailako arrain kontserbak etxeetako mahaietara eramatea. Duela zenbait urte, bisitariak erostera joaten ziren azokara. Bermeoko produktuek, baina, gero eta presentzia handiagoa dute bestelako merkatu batzuetan. Produktuak era batera edo bestera eskuratzea oso erraza da. Hala, hausnarketa baten ostean, Arrain Azoka erakusleiho bilakatzea lortu behar zela erabaki zuten antolakuntzako kideek. Bisitariek produktuak dastatu eta gozatu ahal izatea. “Azokara datorrenak, nahi badu, erosiko du, eta, bestela, izango du aurrerago aukera gehiago, merkatuan eskura duelako”, azaldu du Abaroak. Horregatik, urterik urte, garrantzia ematen diete sukaldaritza erakustaldiei. Gune gastronomikoa prestatzen dute horretarako. “Produktu ona izateaz gain, Bizkaiko arrainari balioa emateko ezinbestekoa da lantzen dakiten sukaldari eta ostalari bikainak izatea ere”.

Herritarrekin

Elkarte publiko-pribatu bat arduratzen da azoka antolatzeaz eta koordinatzeaz. Horrez gain, azokan parte hartzen duten enpresen eta udalaren artean egiten da kolaborazioa. “Azoka honen arrakastetako bat da publikoaren eta pribatuen arteko elkarlana”, uste du Abaroak. Halaber, azokaren atzean herriko eragile asko eta asko daudela azpimarratu du. Arrantza sektoretik, enpresek, arrantzaleek, neskatilek, saregileek, denek egiten dute beren ekarpena; salmenta postuetan, erakusketetan edota hitzaldietan. Horrez gain, gaur egun Bermeon martxan dauden enpresak eta enpresa ez diren kultur, kirol eta aisialdi taldeak ere ezinbesteko dira. Herritar guztiek parte hartzen dute maila batean edo bestean azoka posible egiteko. Horrela, maiatzaren 19an, 2023ko Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldia egingo da, eta San Frantzisko Herri Ikastetxeak jasoko du Hegaluze saria. Hortik aurrera, hainbat jardueraz gozatu ahal izango da: herritarrek ekintza ugari aurkituko dituzte egitarauan.

Egitaraua

BERMEOKO ARRAIN AZOKA