Mikel Garcia Martikorena
Pilota batekin jokatzen diren kirolik azkarrenetan hirugarrena da zesta-punta: orduko 305 kilometroko abiadura har lezake larruzko pilotak jokalariaren zestatik irten eta frontoiaren hormara bideratzen denean. Hamarkada luzez mundu osoan praktikatu den kirol bat da zesta; batez ere, AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Euskal Herrian. Bizkaiko federazioaren datuen arabera, 3.000 lagun bizi izan ziren XX. mendean kirol hori praktikatzetik. Azken hamarkadan, baina, gauzak aldatu egin dira frontoietan.
Izan ere, beherakada batean murgilduta egon da zesta. Esate baterako, 2021eko azaroaren 28an itxi egin zuten AEBetako azken frontoia —Floridako Dania Jai Alai Beach—, eta, horrekin, Ameriketan arrakasta lortzeko ametsa. Pilotariek urtean zehar jokatzen zuten han; Euskal Herrian, soilik udako txapelketa gutxi batzuk egiten ziren. Dania Jai Alai Beachen itxierak pilotari askoren jokatzeko aukerak murriztu zituen. Aitzol Galletebeitia Bizkaiko Pilota Federazioko zesta-puntako koordinatzailearen iritziz, ordea, beherakada ez dator “soilik” Ameriketako zirkuitua desagertu delako: “2014tik 2016rako tartea zesta-puntan jende gutxien egon den garaia izan da, bai eskola kirolaren aldetik, bai federatuen aldetik”. “Jarduera profesional gutxien egon den garaia izan zen hura”, dio Galletebeitiak.
Gauzak aldatu egin direla azaldu du: “Orokorrean hitz eginda, zesta olatu positibo batean dagoela esango nuke”. Gernika-Lumoko frontoian, esaterako, Jai Alai Winter Series txapelketa jokatzen denean 1.500 ikusle hartzeko gaitasuna duen frontoi hori “ia goraino” betetzen dela dio Galletebeitiak. Pilotariak urte osoan Euskal Herrian geratu behar izateak haientzat “aktibitatea sortzeko beharra” ekarri du. Horri esker, hainbat herritan “gazte eta txikientzako erreferenteak” sortu dira, eta, horrekin batera, “nabarmen” ugaritu dira zesta-puntan aritzen diren haur eta gazteak.
Harrobia, handiago
Galletebeitiak esan du “inoiz ikusi ez diren” datuak daudela aurtengo ikasturtean. Bizkaiko zesta-puntako bost klubek 8 eta 14 urte bitarteko 112 pilotari batzen dituzte. Hala ere, federazioan badakite “kluben dinamikan hori baino haur gehiago” daudela. Adin tarte berean, 32 pilotari zeuden 2015-2016ko denboraldian. Datu horiei esker, zestak “zalantza barik” etorkizunerako harrobia duela baieztatu du Galletebeitiak.
Zestan ibiltzen diren haur eta gazteen kopuruaren igoeraren atzean hainbat faktore daude. Unai Murua Durangoko Jai Alai zesta eskola sortu berriaren erakartze arduradunaren ustez, “AEBetan frontoiak itxi izanak” eragina izan du: “Ameriketako azken frontoia itxi ostean, gurea den kirol hau desagertuko ote zen beldur ziren gobernuak”. Durangoko eskola azken urteetan egon den gorakadaren emaitza dela baieztatu du.
Muruak dio urteak zeramatzatela zesta-punta eskola bat sortzeko ideiari bueltaka, eta, “Gernikan azkenaldian sortu den atmosfera” ikusirik, proiektua aurrera ateratzeko “momentu egokia” heldu zela erabaki, eta urte hasieran sortu zuten eskola. Haien helburua da Durangon zesta-puntarako “harrobia” eratzea. Muruak esan du bera haurra zela 50 ume inguru ibiltzen zirela zestan Durangon, “gaur egun pentsaezina” den kopurua. Gainbehera hori, haren aburuz, Euskal Herrian goi mailako zesta-puntaz “gozatzeko aukerarik” ez delako gertatu da. Baina gaineratu du azken urtean gazte asko biltzen dela Gernikan, eta aldaketaren erakusgarritzat jo du hori.
Ez du baztertzen AEBetako frontoiak itxi eta Euskal Herrian plaza nagusiak ezartzea gazteen igoeraren ondorio izan daitekeenik. Hala ere, Galletebeitiak uste du horrek baino pisu handiagoa izan dutela klubek: “Bizkaian, zesta-puntaren berpiztean, gakoa izan da 2016an sortu genuen Xistera kluben elkartea. Eskola denen ahaleginak bideratu eta batzeko tresna da. Horri esker, hainbat eskola berreskuratu ditugu: Lekeitiokoa, esaterako. Gainera, eskola kiroleko topaketak bostetik zortzira zabaldu ditugu”. Horrek guztiak “jarduera berreskuratzea” eragin duela dio Galletebeitiak.
Erreferenteen beharra
“Erreferente hurbilak izatea oso garrantzitsua da umeak zesta-puntara gerturatu eta praktikatzeko”, esan du Galletebeitiak. Bide beretik jo du Diego Beaskoetxea Gernika Jai Alai eskolako irakasleak: “Partidak telebistan emateak erraztu egiten du haurrak frontoira etortzea. Erreferenteak izateko balio die”. Beaskoetxeak dio oraindik “kirol minoritarioa” dela, baina Gernikan txapelketa “garrantzitsuak” antolatzen hasi zirenetik gero eta haur gehiago sartzen direla eskolan.
Gernika “osoak” zesta-puntari buruz hitz egiten duela azpimarratu du Beaskoetxeak. Horrek kirolaren transmisioa errazten du. Izan ere, lehen etxe barruko transmisioa zen; “senitartekoren bat zestan aritzea” zen kirola ezagutzeko aukera bakarra. Santi Olabe Markina-Xemeingo zesta eskolako irakasleak ohitura aldaketa ere ikusten du: “Duela bost urtera arte, zesta-punta ezagutzen ez zuen jendea frontoira joaten da orain”.
Olabe zestan aritu zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Garai haiekin alderatuta, aldaketak begi onez hartu ditu, jendea frontoira erakartzeko balio dutelako: “Frontoiak bete egiten dira, gustuko duen ikuskizun bat eskaintzen zaiolako publikoari. Jende gaztea dator, eta hori beharrezkoa da zesta-puntari jarraipena emateko”. Gernikako irakaslearen ustez, “garrantzitsua” da jende berria inguratzea, baina “jadanik hor dauden haurrak mantentzearen” garrantzia ere azpimarratu du, urteetan mantentzea “kirolarekin harremana sortzeko ezinbestekoa” baita.
Emakumeen txanda
Gutxi baziren ere, mutikoek bazuten non islatu beren ametsa: ispilua Miamiko (AEB) frontoi batean zegoen, eta Olaberen moduko pilotarien erreferentziak zituzten. Gutxi, baina bazituzten. Neskek, aldiz, ez zuten inor. Historikoki, gizonei lotutako kirol bat izan da zesta-punta, baina azken urteetan, eta zesta-puntaren gorakadarekin batera, gero eta neska gehiagok pausoa eman, eta zesta-puntan jokatzen hastea erabaki dute.
Erronka bat dela baieztatu du zesta-punta arloko federazioko koordinatzaileak. Izan ere, emakumeak “ezerezetik” datoz, eta gaur egun “zerbait berria” sortzen dabiltza. Galletebeitiak dio neskak zesta-punta eskoletara joateko ahaleginak egiten dituztela federaziokoek: “Duela hogei urte, neska bakar bat zebilen Bizkaian; gaur egun, berriz, eskola guztietan ari dira neskak zesta-puntan”. Nahiz eta oraindik “asko” ez direla aitortu, baieztatu du “apurka” gero eta gehiago direla.
Galletabeitia harro agertu da Bizkaiko federazioak aurrera eraman dituen ekimenez: “Xistera izan da azken urteetan emakumezkoen zesta bultzatu duen erakunde nagusia. Hura izan zen emakumeen zirkuitua sortu zuena”. Are gehiago, nabarmendu du Bizkaia dela “nesken txapelketa duen lurralde bakarra”. Galletebeitiak adierazi du baliagarria zaiela “beste neska batzuek” jokatzen dutela ikusteko, “erreferenteak izateko”. Halere, aitortu du badutela lanik egiteko: “Arauak eta txapelketak moldatu behar dira emakumeek parte har dezaten”. Dena dela, Olabek uste du haurrak direnean hobe dela neskak eta mutilak “batera” egotea, “gauza bera ikasi” behar baitute.
Markina-Xemeingo zesta eskolan hamazazpi neska daude. Olabek dio zestarekin lotura “estua” duen herri bat izanda euren guraso edo senideren bat ibiltzen delako gerturatzen direla neskak zestara, baina orain lagunak dabiltzalako inguratzen ari direla: “Ikusten dute beraiek ere gai direla zestan aritzeko”.