Ibai Maruri Bilbao
Zein da marmitakoaren osagai nagusia?”. Hiru aukera daude: arkumea, hegaluzea eta esnea. Bakarra da zuzena: hegaluzea. “Zenbat pisatu dezake balea baten bihotzak?”. 30 kilo, 300 kilo edo 3.000 kilo; bigarren erantzuna dago ondo. “Zer jarri ohi da baserrietako ateetan izpiritu gaiztoak uxatzeko?”. Eguzki lorea da, baina lauburua eta gurutzea ere badaude aukeretan. Eskolan landu daitezkeen gaiak dira, eta Gurot aplikazioak haiek ezagutzeko aukera ematen du. Aldi berean, lagunekin aisialdi tarte atsegin bat izateko ere baliagarri da. Hori guztia, euskaraz.
Hasierako adibideek erakusten dutenez, Trivial estiloko jokoa da Gurot. Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zerbitzuen bilgunea da Alkarbide. Hura da aplikazioaren sustatzailea, eta gaur egun parte hartzen dute Gernika-Lumok, Getxok, Mungiak eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko kide diren udalerriek. Joan den barikuan egin zuten final handia Bilboko San Mames estadioko areto batean, eta Mungiako Azenarioak izan ziren garaileak.
2016an, Koldo Zuazok eta Urtzi Goitik Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara liburua argitaratu zuten. Alkarbideko teknikari Mirari Erkiagak kontatu duenez, liburu hura oinarri hartuta erabaki zuten jokoa sortzea. “Liburu batetik harago, gazteengana errazago heltzeko modu bat dela iruditu zitzaigun. Aisialdian erabili eta jolasteko aplikazioa da”, gogoratu du Erkiagak.
Haren esanetan, halako joko gehiago ere badaude, baina ez hainbeste euskaraz, eta garrantzitsua iruditzen zaie euskaraz olgetan aritzeko ohitura sortzea. Gutxiago dira inguruko errealitateari buruzko galderak ere badituztenak. “Guroten balio erantsia hori da: parte hartzen duten herri horiei buruzko galderak eta unibertsalak uztartzen ditu”. Modu horretan, gazteei jokoa baliagarri zaie inguruko errealitatea ere ezagutzeko. Erkiagak esan du finalean gazteen irakasleak ere izan direla, eta haiek ere gustura daudela aplikazioarekin: “Ikusten dute beste modu bat izan daitekeela, kultura, hizkuntza eta horrelako ezagutza komunak liburu batekin landu beharrean aplikazio baten bidez lantzeko”.
Gazte eta herri gehiagotara
Lehiaketaren laugarren aldia izan da hau. Balantze “positiboa” egin du Erkiagak; batez ere, parte hartzeari dagokionez. Nabarmendu du DBHko 1. mailako ikasleen artean bereziki indar egiten dutela aplikazioa deskargatu eta jokatzen has daitezen.
Finalaren egunean gaztetxoak ere “oso pozik” ikusi dituzte, “gogotsu eta animatuta”. Udazkenean bakarkako fasea jokatu zuten, eta 12 eta 17 urte bitarteko 877 lagunek hartu zuten parte. Orain, taldekako fasean, 77 hirukote ibili dira lehian. Finalean hiru herrietako eta Txorierriko bi hirukote onenak izan ziren.
Alkarbideren erronka da Gurot hobetzea. Gaur egun bi mila galderatik gora ditu, eta gehiago sortzen dabiltza. Bizkaiko herri gehiagotara hedatu nahi dute.