Mikel Garcia Martikorena
Italiako armadaren hegazkinek Bizkaiko lurrak gurutzatu zituzten gaurko egunez duela 86 urte. 1936ko gerran zegoen murgildua Hego Euskal Herria, eta Benito Mussolini buru zuen Italiak Espainiako indar frankistak lagundu eta hainbat herri bonbardatu zituen. Durangon entzun ziren sirena hotsak, beste herri batzuen artean. Han, bonbardaketak 84 hildako utzi zituen, Durangaldeko Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek egindako ikerketen arabera. Hildakook hobi komunetan lurperatu zituzten, haien senitartekoei “adio” esateko aukerak ukatuta, lore bat uzteko aukerak ukatuta.
Egoera horri amaiera emateko eta “hausnarketa bultzatzeko” gunea sortu du Jesus Jauregi eskultoreak Durangoko hilerrian. Atzo aurkeztu zuten Hildakoen burdina, bonbardaketan hildakoen omenez egindako artelana. Euskal Herrian antzina erabiltzen ziren hilarriak gogora ekarri nahi izan ditu artistak bi metalezko piezek osatzen duten eskulturan: bata bertikala eta bestea horizontala. Aurrenekoa da hilarria irudikatzen duena, baina, borobila izan beharrean, laukizuzen forma du. “Hilarriaren zatiak heriotza irudikatzen du. Duela ez hainbeste gertatu zen historia zati bat gure herriaren mitologiaren ikur batekin batzen saiatu naiz”, esan du Jauregik.
Hilarriaren behealdean, lurzoruari paraleloki kokatuta, disko bat jarri du Jauregik, “kaliza” moduan. Bertan eskaintzak egitea da eskultorearen nahia. Bi plaka horiez gain, eserlekuak kokatu dituzte eskulturaren alboan, “gertakizun historiko batekin lotutako hausnarketara” gonbidatzeko.
Hala ere, eskultoreak dio “narratiba gehiegirik” ez diola eman nahi izan artelanari, haren garrantzia baita bertan hildakoei “eskaintzak” egiteko eremu bihurtzea: “Omenaldiek eta eskaintzek zentzua ematen diete gure bizitzaren gertakizunei; izatearen parte dira”. “Gizakiaren omentzeko beharrari” Durangoko bonbardaketak duen “garrantzi komunitarioa” gehitzeak lana erraztu diola nabarmendu du Jauregik.
Oroitzeko beharra
Gertatutakoa oroitzea garrantzitsua da, oraina ulertzeko eta ez errepikatzeko. Iritzi hori du Marian Bilbatua Durangoko Gazteria eta Hezkuntza zinegotziak. Bilbatua arduratzen da herriko oroimen politikez, eta hilerrian aurkeztu berri duten memorialaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, haren ustez, “herri eta pertsonen eraikitze prozesuaren parte” da memoria: “Oroimenak herri baten izaera definitzen du. Memoria askotarikoa izan daiteke, eta uste dut Durangon bonbardaketak pisu handia duela”.
Duela 86 urteko erasoak “sufrimendu itzela” eragin du herrian, hainbat hamarkadatan. Horregatik, zinegotziaren aburuz, garrantzitsua da gertatutakoa transmititzea, “ez ahazteko”. Marian Bilbatuaren esanetan, transmisioa ez da egin hainbat urtetan, gaia “tabua” izango balitz bezala.
Ildo beretik jo du Gerediaga elkarteko kide Jimmi Jimenezek. Hark, zinegotziak bezala, esan du gerraren gaia “tabu” bat izan dela herrian, Durango “oso polarizatutako” herria izan delako denbora luzez. Jimenezek Gogorak, Gerediaga elkarteak eta Durango 1936 bultzatutako ikerketa egin du. Azaldu du bonbardaketan bizia galdu eta hobi komunetan lurperatu zituztenak omentzeko memoriala “oso garrantzitsua” dela, “berandu” datorren arren: “Argi dago horrelako omenaldiek gertatu zena ikusarazteko balio dutela. Berandu dator, baina garrantzitsuena da heldu dela. Bonbardaketan hildakoak aldarrikatzen urteetan itxaron duten askok haien begiekin ikusi ezingo duten arren, familiek beti edukiko dute senitartekoei lore bat uzteko gunea”.
Memoriala Durangoko Udalak bonbardaketan hildako senitartekoekin hartutako konpromisoaren emaitza da, zinegotziak azaldu duenez. Ikerketen ostean, topatutako familiekin batu zen udala, eta bilera horietan erabaki bat hartu zuten: zerbait eraikitzea hilerrian, “bonbardaketan hildakoak ez ahazteko eta familiek haiek oroitzeko gunea izateko”. Bilbatuarentzat garrantzitsua da senitartekoak gogoratzeko leku bat izatea, “pertsona orok” behar duen zerbait delako.
Hala ere, udalak hartu zuen aurreneko konpromisoa “hobi komunetan egon zitezkeen pertsonak bilatzea” izan zen. Bilbatuak dioenez, iaz Aranzadi elkartearekin batera egin zituzten indusketa lanak, baina ez zuten “ezer topatu”. Are gehiago: ondorioa izan zen hilerrian ez zela gorpuzkirik gelditzen hobiratuta.
Hortaz, zergatik egin memoriala hilerrian? Zinegotziak dio nahiz eta haien arrastoak bertan ez topatu “ziur” daudela bertan hobiratu zituztela: “Ez dakigu zehazki hilerriko zein lekutan egin zen hobi komuna, baina han zeudela jakin badakigu”. Izan ere, senitarteko batzuek aukera izan zuten frankismo garaian gorpuzkiak berreskuratu eta beste nonbaiten lurperatzeko.
Ikerketa
Duela 86 urte italiarren bonbek hil zituztenak omentzeko eskulturak bi hamarkada iraun duen prozesu bat du atzean. Urte luzez hilerriko erregistroa galdutzat zeukaten, baina Gerediagak kopia bat lortu zuen. Dena den, bertan ez dira izen-abizen guztiak ageri; ezizen eta gudarien plaka zenbakiak ageri dira kasu askotan, eta haien identifikazioa zaildu dute. Horretaz gain, 84 hildako baino gehiago ageri dira. Hori ikusita, Jon Irazabal ikerlariak ikerketa bat egin zuen 2001ean, aferari argia eman nahian. Baina ez zen nahikoa izan, oraindik izen asko falta zirelako jakiteko.
Horregatik, 2021ean Gerediagak eta Gernika 1936 elkarteak Gogora institutuarekin batera ikerketa bat hasi zuten. Horren buru izan zen Jimenez. Ikerketaren egitekoa da bonbardaketak Durangon utzitako 84 biktimen izen-abizenak jakitea eta haien senitartekoak ezagutzea. Denak lortu ez dituzten arren, 28 hildakori esleitutako 27 familia topatu dituztela jakinarazi du Jimenezek.
Ikerketa egiteko, Irazabalek 2001ean kaleratutako ikerketaz gain, beste zenbait iturri izan ditu Jimenezek: Elizaren artxibategia, Erregistro Zibila eta 1934ko hautesle errolda, besteak beste. Jimenezek gaineratu duenez, beste ikerketa ildo bat dute orain irekia: “Irazabalen liburuan zenbait izen ageri dira, baina ez dago haien berri, ez Durangoko hilerriko artxiboan, ez Eusko Jaurlaritzaren dokumentuetan. Jakin nahi dugu horiek nortzuk izan ziren eta zergatik dauden bonbardaketarekin lotutako artxiboetan”. Esku artean duen ikerketaren emaitzak eta ateratako azken ondorioak hurrengo urtean argitaratzeko asmoa dauka Jimmi Jimenezek.