Ibai Maruri Bilbao
Gernikako arbola/ da bedeinkatua/ euskaldunen artean/ guztiz maitatua./ Eman ta zabal zazu/ munduan frutua/ adoratzen zaitugu/ arbola santua”. 1853an, Gernikako arbola kantaren lehen estrofan, Jose Maria Iparragirre koplariak munduan zabaltzeko agindua eman zuen, eta euskal herritarrek bete egin dute. Gernikako leinuko arbolen oinordekoak kontinente guztietan topa daitezke, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearen arabera. Azkena otsailaren 23an landatu zuten, Amurrion (Araba). Zaharrena, 1859an, Gernika-Lumon bertan, batzar etxetik berrehun metrora dagoen Nabor izeneko etxearen lorategian. Elezahar baten arabera, horren aurretik, 1602an Argentinan landatu zuten beste bat, eta 1724an, Uruguain —Montevideon, zehatzago esanda—.
Bizkaitik kanpo egun bizi den oinordeko zaharrena Argentinan dago: 1886an landatu zuten, Rosarion. “Euskal diaspora dagoen edo egon den leku gehienetan dago Gernikako arbolaren oinordekoren bat: euskal herritarron sustraiak eta identitatea ordezkatzen ditu”, esan du Otaduik. Euskal Herritik kanpo dauden gehienak Ameriketan daude: Argentinan —laurogei arbola—, Uruguain —hemeretzi—, Mexikon —hamazazpi—, AEBetan —hamalau—, Txilen —zazpi—…
2018an, Batzar Nagusiek errolda bat abiatu zuten: 453 oinordeko zenbatu dituzte. Horietatik 284 topatu dituzte, eta badakite bizirik daudela. Beste 103 arbolaren inguruko informazioa badute, baina ez dute lortu haiek topatzea. Esate baterako, 1902an, Bizkaitik Jerusalemera joandako erromes batzuek bat eroan zuten, eta han landatu, baina ez dute lortu jakitea non egon daitekeen eta oraindik bizi den. 1996an Sydneyko (Australia) lorategi botanikoan eta 2006an Nairobin landatutakoen berri ere ez dute. Badakite 66 arbola hil egin direla. Batzar Nagusien asmoa da errolda osatzea: oraindik martxan ez dagoen arren, gune interaktibo bat prestatzen ari dira erakundearen web orrian, eta gura dute munduan barrena dauden arbolen argazkiak bidaltzea herritarrek.
Sinbolismo sakona
Historialarien arabera, Gernikako Antiguako Amaren ermita —batzar etxea— XII. mendeko harizti batean zegoen. Erdi Arotik, han biltzen ziren Bizkaiko herrietako ordezkariak; hau da, Bizkaiko Batzar Nagusiak. Baso hura zuhaitzak galduz joan zen, eta bakarra geratu zen zutik: Gernikako arbola. Bizkaiko jaurerriaren sorreratik, beste arbola batzuen itzalpean ere batzartu izan dira elizate eta hiribilduetako ordezkariak, baina, azkenean, Gernikakoa gailendu zitzaien. Haren gerizpean biltzen ziren batzarretako kideak, eta haren gerizpean zin egiten zituzten Bizkaiko foruak Bizkaiko jaunek eta andreek —besteak beste, Fernando II.a Aragoikoak, 1476an, eta Isabel I.a Gaztelakoak, 1483an—.
Atzerrian ere badira horrelako zuhaitzak, kultura gehienek sakratutasuna aitortu diete eta. Ama lurraren babesa irudikatzen dute, besteak beste, zeltarrentzat eta eskandinaviarrentzat. Gernikakoa Jesu Kristoren gurutzearekin lotu dute; hala dago irudikatuta Bizkaiko armarrian. Fede kristauarentzat, bekatua ekarri zuen paradisuko zuhaitzak, eta salbamena “osasunaren arbola” den Jesu Kristoren gurutzeak. Esangura politikoa ere badu Gernikakoak: “Gure herriaren eskubide historikoen, askatasunen eta bake nahiaren ikurra da”, Otaduiren esanetan. “Gustatzen zait nabarmentzea ideologia guztietako euskal herritarrok miresten dugula. Horren adibide da kolore eta pentsaera guztietako erakundeek eskatzen digutela haren oinordekoa landatzeko, gertaera inportanteak edo urteurren esanguratsuak ospatzeko”.
XIX. mendean, foruak galzorian zeudela, Bizkaiko ikur dena euskal herritar askok “besarkatu” zuten. Bizkaian daude oinordekoen ia erdiak: artxiboen arabera, 148, nahiz eta denak ez dituzten topatu. Baina Euskal Herri osoan ere landatu dituzte. Oñatin (Gipuzkoa), esaterako, 1917an landatu zuten, eta 2017an mendeurrena ospatu zuten. Baita Zallako San Pedro Zariketen ere, 2012an, baina berri bat landatuta, 1912koa ihartu egin baitzen. Beste batzuk ere hil dira; besteak beste, arrazoi politikoengatik eraso egin dietelako: berbarako, Lizarran (Nafarroa) eta Luiaondoko (Aiara, Araba) Malatu zuhaitzaren alboan jarritakoak. Malatu zuhaitzak Bizkaiko jaurerriaren muga zehazten zuen Gaztelara bidean.
Eskaera edo proposamena
Bizkaiko Foru Aldundiak biltzen ditu Gernikako arbolaren ezkurrak, ereiten ditu eta hazten ditu bere haztegietan. Non landatzen dituzte oinordekook? Eskatzen duten lekuetan edo Batzar Nagusiek landatu nahi dituzten tokietan. Iniziatiba bi aldeetatik etor daitekeela esan du Otaduik, baina azken hitza Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak du: hark erabakitzen du eskaerak baldintzak betetzen dituen. Azken urteetan, Portugaleten, Zallan, Arratiako Arteagan, Muruetan, Donostian, Zumaian (Gipuzkoa), Gasteizen, Amurrion eta Haranan (Araba) landatu dira, tokiko udalek eskatuta. Iaz, Errusiara ere bidali zituzten: “[1936ko] Gerrako ume izandakoak izan genituen batzar etxean, eta arbolaren oinordekoak eskatu zizkiguten. [Vladimir] Putinek [Errusiako presidentea] Ukraina inbaditu bezperetan izan zen. Erasoa etor zitekeela esaten zuten, eta nik nire nahia agertu nuen ekitaldian: bakearen sinbolo eta hazi diren arbola haiek bakea erein zezatela Errusian. Zoritxarrez, ez zen bete”. Tbilisira ere bidali zuten, hango unibertsitate baterako. 2021ean, Berriatuko Cikautxo kooperatibak 50 urte bete zituen, eta urteurrena ospatzeko oinordeko bat eskatu zieten. “Mahaiak onartu zituen eskaerak guztiak, eta ipini genituen”.
Ostera, Batzar Nagusien iniziatibaz, Sartagudako memoriaren parkera (Nafarroa) eta Auschwitzeko kontzentrazio esparrura (Polonia) eroan ziren, 2017an. “Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena izan zen, eta hura gogoratzeko memoria historikoari lotutako leku esanguratsu horietan Gernikako arbolaren oinordekoak egotea gura genuen, bake nahiaren ikur ere badelako arbola”. Otaduik berak Vatikanoko lorategietan egotea gura du, eta bidali die eskaera Bilboko gotzainaren bitartez, baina oraindik ez du baiezkorik jaso. “Kasu honetan ere, fedea eta esperantza ez ditugu galduko”.
Haren arabera, “ohorea” da Iparragirrek agindutakoa betetzen jarraitzea, “garrantzitsua” delako zuhaitzak ordezkatzen duena. “Gernikako arbolaren leinukoak gure herriaren iragan handiaren lekukoak izan dira. Gernikan batzen ziren gure arbasoak gai izan ziren martxan jartzeko sistema juridiko bat, pertsonen estatusa eta askatasuna bermatzen zituena. Europako herrialde askotan oraindik ezagutu ere egiten ez zituztenean, tormentu debekua, habeas corpusa eta kaparetasun unibertsala martxan ipini zituzten Bizkaian”. Oinordekoak, ostera, “etorkizun oparoaren” lekukoak izango direla deritzo. “Historia handia duen herria gara, baita etorkizun handia daukan herria ere”.