Amaia Igartua Aristondo
Teknologia digitalak arlo orori egin diezaioke ekarpena, baita ingurumenari ere. Eta, hain justu, teknologia digitaletara jo du Basauriko Udalak herrian ontzien birziklapena sustatzeko. Reciclos proiektua jarri du abian, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Ecoembes erakundearekin batera, pizgarrien bitartez funtzionatzen duen sistema bat. Funtsean, herritarrak saritu egingo dituzte birziklatzeagatik: doako aplikazio baten laguntzarekin, puntuak pilatuko dituzte, eta horiekin opariak lortu ahal izango dituzte, edo hainbat ekintza sozial babestu.
Opariak indibidualak zein kolektiboak izango dira, Fernando Blazquez Ecoembesko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gerenteak aletu zuenez joan den asteko ostegunean, Basaurin, egitasmoaren aurkezpenean. “Indibidualei dagokienez, astero eta hilabetero zozketetan parte hartu ahalko da, eskuratzeko bizikletarako kaskoak, botila berrerabilgarriak, elikagaiak…”. Kolektiboei dagokienez, Aldeas Infantiles erakundearekin kolaboratu ahalko da, Ekialde Hurbileko lurrikaretan kaltetutakoei laguntzeko, edo Umeekin Haur Minbizidun Gurasoen Euskal Federakundearekin.
“Edukiontzi horiaren eboluzio bat da, gizarte gero eta digitalago batera egokitzen den eredu bat”, Blazquezen irudiko. Eta uste du, pizgarrien sistema baliatuta, bestelako soslai batzuetara helduko direla. “Erakarri nahi ditugu oraindik edukiontzi horiak erabiltzen ez dituzten herritar horiek. Buruan ditugu, nagusiki, pentsatzen dutenak birziklatuko luketela soilik zerbait lortuko balute trukean”.
Urrats gutxi batzuk baino ez dira egin behar. Aplikazioa eskuragarri dago Android eta Ios sistema operatiboak erabiltzen dituzten telefonoetarako. Behin aplikazioa instalatuta, bota nahi den ontziaren barra kodea eskaneatu behar da. Ondoren, poltsa antzeko bat sortuko da, eta han joango dira pilatuz aurrerantzean eskaneatuko diren hondakinak. Eskaneatutako ontziak etxean gordeko dira, ohi bezala, eta poltsa betetakoan, Basaurin dauden 150 edukiontzietako batera botako dira, birziklatzeko. Herriko edukiontzi guztiek QR kode bat izango dute aurrealdean: hori eskaneatuz gero, diru zorro digital bat sortuko da, zozketetarako edota laguntzeko.
Guztira, astean 25 ontzi eskaneatu ahal izango dira, ez gehiago, Blazquezek azaldu zuenez. “Ez dugu kontsumoa sustatu nahi; jendeak modu arduratsuan kontsumitu dezan nahi dugu”. Edonola ere, ontzi bakarrarekin parte har daiteke zozketetan. Martxoaren 31ra bitarte, Basaurin hogei informazio gune egongo dira, herritarrei sistemaren funtzionamendua azaltzeko eta zalantzak argitzeko. Agertzen direnei opari txiki bat ere emango diete.
Oro har, balorazio ona
Reciclos Bilbon ezarri zuten aurrena, eta hedatzea erabaki dute orain. Sistema erabili izan den toki denetan balorazio positiboa egin dutela adierazi zuen Blazquezek. “Ikusten ari gara birziklapen kopuruak handitzen ari direla”. Hala ere, datu batzuk jasotzeko dituzte —Bilbokoak, adibidez—, eta oraindik ezin dute zehaztu zenbatekoa izaten ari den eragina. “Epe luzerako kanpaina bat da; ez du funtzionatzen bi egunetan, ibilbide bat egin behar du. Hurrengo hilabeteetan hasiko dira ebaluatzen jasotako kopuruak”, esan zuen.