Txakolinez bustitako ezpainen gustua

Txakolinez bustitako ezpainen gustua

Zihara Jainaga Larrinaga

Neguko azken txanpan, udaberria ate joka dela, urteko txakolinaren uzta berriak lehen agerpena egiten du urtero Bakioko San Jose eguneko azokan. Hala, iazko uztako botilari kortxoa ofizialki kendu, eta ezpainetan txakolin gustua dastatzeko eguna izango da etzikoa. Hiru upategik produzitzen dute Bakion Bizkaiko Txakolina jatorri izena duen ardoa: Abiok, Gorrondonak eta Zabalak.

Aurten, 165.405 litro ekoitzi dituzte herrian upategi guztien artean. Zabala txakolindegiko Iratxe Eguzkizaga ugazabaren esanetan, “kalitate oneko txakolina” dastatu ahal izango da: “Alkohol graduazioaren aldetik, normala baino gradu erdi altuagokoa da aurtengoa, gutxi gorabehera; 13 gradutan dago, eta, normalean, 12,5 gradu izateko batzen dugu. Hala ere, oso gozoa gelditu da”. Bestalde, azidotasun aldetik pixka bat gutxiago daukala zehaztu du.

Hain zuzen ere, joan den urtea arraroa izan zen: oso lehorra eta bero handikoa. Udako sikateek uzta aurreratzea ekarri zuten, mahastia oso azkar heldu baitzen. Bestelako eraginak ere izan ditu. “Beldur handiarekin bizi izan genuen joan den uda; larri ibili ginen. Beti egoten gara eguraldiaren menpe, eta beti ibiltzen gara beldurrez”, adierazi du Eguzkizagak. Irailaren hasieran egindako euriei esker, likido aldetik zerbait errekuperatu ahal izan zuten.

Upategi familiarra eta tradizionala da Zabala, eta apustu handiena ezagunena den txakolinean, txakolin zurian egin ohi dute. Merkatuak, nagusiki, zuria eskatzen du egun. Kontsumitzaileek txakolinaren kalitatearen eta produktu ezberdinen kontzientzia gero eta handiagoa dutela uste du Eguzkizagak; produktua gero eta gehiago baloratzen dela. Aurten, zehazki, 14.000 litro zuri ekoitzi dituzte haiek. Beltza, bestalde, laurehun litro. “Zaharrak diren mahatsondo beltzak gero eta gutxiago daude, eta berriek oraindik ez dute potentzial guztia garatuta”. Horregatik, beti aritzen dira oreka bilatu nahian. Baina Eguzkizagak zehaztu du txakolin tradizionala beltza dela. Dioenez, mikroklima izateak badu nolabaiteko lotura. Halaber, klima aldaketak beltzaren ekoizpenean laguntzen du. Azken urteetan, upategi berri eta handiek beltzaren aldeko apustua egin dutela ikusi da —produktuaren dibertsifikaziorako, nagusiki—, eta jatorri izendapenak ere apustu egin du laguntzearen alde. Gutxiago, baina txakolin gorria ere egiten dute Zabalan.

Bizkaiko Txakolinaren erreferente da Bakiokoa, baina ez da bakarra. Lurralde osoan du presentzia. Jatorri izenaren barnean aniztasun handia dago, mahastiak eta upategiak oso sakabanatuta daudelako. Kostaldean zein barnealdean aurki daitezke, eta, ondorioz, ezaugarri ezberdinak dituzte. 1994. urtean sortu zuten jatorri izena, eta, orduko hartan, 23 upategik osatzen zuten. 2000ko hamarkadan, gorakada handia izan zuen, eta 70 upategi inguru izatera ere iritsi ziren. Egun, zenbait faktoreren ondorioz emandako jaitsiera dela eta, 38 upategik osatzen dute sarea. Gehienak familia enpresak dira, bizpahiru langilekoak, eta beraien kudeaketa gaitasunetara mugatuta daudenak. Orotara, 426 hektarea mahasti daude.

Ekoizpena handitzen

Ekoizpenari dagokionez, Anton Txapartegi Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko Kontseilu Arautzaileko idazkari teknikoak adierazi duenez, duela 28 urteko hasieretan 150.000 litro eskas ekoizten zituzten; joan den urtean, berriz, 1.765.000 litro. Hots, hamar aldiz biderkatu da produkzioa. Ondorioz, balorazio positiboa egin dute: “Uste genuen lehorteak eragin handiagoa izango zuela; oro har, uste baino hobeto erantzun dute mahastiek. Klima hezeak laguntzen du”.

Euskal Herriko txakolinik ezagunena Getariakoa (Gipuzkoa) da. Txapartegiren arabera, arinagoa da hangoa, alkohol gutxiagokoa, eta gozotasun eta ikazkin puntu bat du. Bestalde, Bizkaiko Txakolina hazten ari da elaborazio bolumenean, eta haien helburua da kontsumo oinarria handitzea eta Bizkaitik kanpo merkatu berriak bilatzea. Azken finean, Bizkaiko txakolina, askotariko merkatua duen arren, Bizkaian kontsumitzen da, batez ere.

Salmentei dagokienez, txakolindegi txikia denez, ekoitzitako dena saldu ohi dute Bakioko Zabalan. Herrira mugatzen da, hein handi batean, beraien ekoizpena: tokiko kontsumoaren alde egiten dute, eta kontsumitzaile gehienak bertako taberna eta jatetxeak dira. Ondorioz, Eguzkizagak zehaztu du salmentak negu aldean ez direla oso handiak izaten. Udaberrian, Aste Santuan, hasten da jende mugimendua eguraldi onarekin, eta txakolinaren kontsumoa igo egiten da. Aurtengo aurreikuspenak onak direla aurreratu du. Diru sarrerarik gabeko pandemiako urte txarrak atzean utzita, egun ohiko datuetara itzuli dira. Jatorri izenean urteak daramatzate kontsumitzaile berrien alde lan egiten. Jente gaztea eta hiri inguruneetakoa dute xede. “Tradizioz, duela 30 urte, landa inguruneetako gizonek eta adinekoek kontsumitzen zuten txakolina, eta gaur egun mota guztietako pertsonek kontsumitzen dute”, aipatu du Txapartegik.

Prezioen igoera

Aurten, ordea, bestelako arazo bati egin behar izan diote aurre: gastuen igoerari. Txapartegik adierazi duenez, salmentak ohikoak izaten ari dira txakolindegi guztietan, eta urtea bestelako arazorik gabe doa, baina gastuak inolako negoziazio aukerarik gabe hazi dira. Botilen, kartoigintzaren edo etiketen prezioek gora egin dute, eta, horren ondorioz, nabarmen igo dira elaborazio-kostuak. Hala, horrek gehienetan ekoizleek bezeroekin arazoak eta tentsioak sortzen ditu. Eguzkizagak azpimarratu du beraien helburua txakolin ona egitea dela, eta horretarako mahatsa dela garrantzitsuena. “Gure produktua ez dugu behar baino prezio altuagoetan jarri nahi, eta, prezioa mantentzeko, ez dugu dirua botila dotoreetan gastatzen, nahiz eta merkatuak bide hori markatu”. Merkatuko prezio orekatu bat mantentzeko, formatuan aurrezten saiatzen diren arren, azkenaldian oso zaila egin zaiela aitortu du. “Izugarri igo da dena, eta gastuak neurri batean errekuperatu ahal izateko azken bi urteetan produktuen prezioa igo behar izan dugu”.

Etorkizunera begira, herrian gero eta txakolindegi gutxiago egotea transmisio faltaren ondorio dela uste du Zabalak. “Ez da ona. Txakolin bakoitzak bere modua, historia eta izaera ditu, eta gero eta gehiago egoteak aniztasun handiagoa dakar”. Dena dela, azpimarratu du txakolina egitea gogorra dela. “Jende gaztea ez da mundu honetan sartzera ausartzen: inoiz ez dakizu etekin nahikorik aterako duzun. Apustu handi bat da, lurrari lotuta dauden aktibitate guztietan bezala”. Bakioko txakolinak aurrera egin dezan, erreleboa sustatu beharra ezinbestekotzat du Zabalak.

Txakolinaz beste

Zabalak adierazi duenez, San Jose jaietako Bakioko txakolinaren aurkezpena beraientzat ohitura bihurtu da urteko produktua aurkezteko. Kontsumitzaileekin zuzenean egoteko aukera eskaintzen die, eta, era berean, haien iritzia zuzenean jakiten dute. “Kontaktu zuzena egiten dugu kontsumitzaileekin, momentuan bertan edaten dute eta erreakzioak ikusten dira”. Horrez gain, aurkezpenak dakarren jaia ere garrantzitsua dela dio. “Disfrutatzeko eta lagunekin egoteko momentu ederra da”.

Urtero, San Jose jaietan, antolatzaileek txakolinaren aitabitxi edo amabitxia aukeratzen dute. Aurten omenaldi bikoitza egitea erabaki dute. Hain zuzen, Jon Aspuru eta Natxo Gonzalez aitxabitxiek izango dute Bakioko txakolinaren izena munduan barrena zabaltzeko lana. Gonzalezek olatu handiak surfeatzen ditu, eta beti ondoan du Aspuru bakiotarra argazkiak eta bideoak ateratzen. Aurten, halaber, Crossing border dokumentala estreinatu dute. Antolatzaileen esanetan, mundua txiki geratu zaie; txokorik bitxienetara ere heldu dira, olatu handienak aurkitu nahian. Hala, herriak beraien ibilbidea omendu nahi izan du. Igandeko ekitaldi nagusian, aitabitxiek txakolin berria dastatu eta ahoa busti aurretik, guztiek batera egingo dute topa, kopak altxatuta.

Bakioko txakolinaren aurkezpena protagonista izango bada ere, udalak egitarau oparoa antolatu du herriko elkarte eta eragileen laguntzaz adin guztietako herritarrek jaiaz gozatu dezaten. Azokan, esaterako, herrian zein eskualdean ekoizten diren hainbat produktu dastatu eta erosi ahal izango dira. Azoka eta omenaldiez gain, hainbat ekintza antolatu dira gaur bertan hasita. Bihar, upategiak ezagutzeko aukera egongo da ibilaldietan parte hartuz gero.