Mikel Garcia Martikorena
Suteei dagokienez, Bizkaian azken hiru hamarkadetako urterik txarrena izan zen iazkoa, lehortearen eta beroaldien ondorioz. 665 hektarea erre ziren, eta azken hamarkadetako beheranzko joera amaitu zen. Gehienak urrian erre ziren, Enkarterrin: hiru egunetan 441 hektarea kiskali zituen Balmaseda, Zalla eta Gordexola aldean. Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak esan du “ezohiko” sutea izan zela, baina klima aldaketak eraginda “gehiagotan” ager daitezkeela. Horregatik, Infobi Baso Suteetarako Larrialdi Plana eguneratzean, aldagai hori ere kontuan hartu dute: “Latzagoak izango diren baso suteen aurka eraginkorragoak eta hobeak izango gara plan berrituarekin”. Besteak beste, sua itzaltzeko makinetan inbertsioa handituko dute, eta lantaldeak egokituko dituzte.
Etxanobek eta Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak asteartean aurkeztu zuten Infobi berritua, Bilbon. Oro har, baso suteen aurkako gailu berriak erostea aurreikusi dute planean. Foru Aldundiak milioi bat euroko inbertsioa egingo du horretarako. Esaterako, prebentzio zein itzaltze lanetan erabiltzen den 450.000 euroko bulldozerra erosiko du diputazioak. Hala, larrialdi planaren aldaketak martxan jartzen direnean, Bizkaiko foru suhiltzaileek beste bulldozer bat izango dute, bigarrena.
Bulldozerraz gain, denetariko baso lurretan ibil daitekeen ibilgailu bat erosteko asmoa du aldundiak. Halere, oraindik ez dakite zein izango den. 10.000 litro ur garraiatzeko gaitasuna izango duen ibilgailua erostea aztertzen ari direla aurreratu dute: 47 metrora arte isuri dezake ura, eta 360 gradu biratu daiteke. Beste ibilgailu batzuk iritsi ezin diren lekuetara sartzeko gaitasuna duela azpimarratu dute. Horren aldeko apustua egingo balute, 500.000 euro ordaindu beharko lituzke aldundiak. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiekin suteak itzaltzeko hegazkina eskuratu nahi dute. Iazko suteetan, Espainiako Gobernuarena erabili behar izan zuten. Erosketa hori ez dago planean sartuta, baina lau erakundeak horretan ari dira.
Lantaldeak egokitu
Guztira lau ardatz izango ditu Infobi berrituak. Horietako bat baliabide materialena da. Beste ardatz batean, baso suteak aztertu eta plangintza eta prebentzio lanak egiteaz arduratuko den zerbitzua garatuko dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuko teknikariak baliatuz. Zerbitzu horren xedeen artean egongo da lehentasunez jardun behar den lurraldeko eremu kritikoak zehaztea, Antxustegik azaldu duenez. Sutea piztu den eremuko topografiaren, erliebearen, erregaiaren eta baldintza meteorologikoen arabera erabakiko dute zein diren.
Larrialdi planak espezializatutako beste talde bat sortzea ere aurreikusten du. Talde hori baso suteen arrazoiak ikertzeaz arduratuko da. Mendi Zerbitzuko teknikariek eta agenteek osatuko dute lantaldea, eta Ertzaintzaren Ingurumen Arloko ikerketa zerbitzuarekin koordinatuko dira suaren jatorriak delitu osagairik duen ebazteko.
Azken aldaketak langileei eragingo die. Antxustegiren arabera, informazioa eta prestakuntza “nahitaezkoak” dira. Prestakuntza indartu eta simulazioak areagotuko dituzte. “Planaren helburua da suaren alboan lan egiten dutenek izaten duten arriskua murriztea”, gaineratu du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. Informazioak hurrengo suteetarako balio die, erantzuteko denbora eta kalteak gutxitzeko.
Bizkaiko foru suhiltzaileen zerbitzua 426 profesionalek osatzen dute, uniformedunek eta uniforme gabeek. Herrialdeko zortzi suhiltzaile parketan daude sakabanatuta. Bi foru diputatuek esan dutenez, baliabide profesionalak egon arren, materialak ez dira aldundiak nahi lituzkeen bestekoak.