Artzainen arrastoari jarraituz

Artzainen arrastoari jarraituz

Ibai Maruri Bilbao

Zeanurikoa da Aitor Intxaurraga. Gorbeian, Zastegi aldean, ostatu bihurtu duen borda bat du. Duela urte batzuk GR-282 ibilbidearen seinaleak ipini zizkioten inguruan. “Kuriositatez, Interneten bilatu nuen. ‘Hau egin behar dut!’, pentsatu nuen”. Latinoamerikan bizikletaz ibilbide luzeak egin zalea da. Iazko maiatzaren 28an abiatu zen Arantzazutik (Oñati, Gipuzkoa), Victor Luis de Pedro galdakoztarrarekin. Ia ez zuten elkar ezagutzen. Intxaurragak bideoan grabatu zituen bien ibilerak, eta irudiekin dokumentala ondu du: GR-282 Artzaintza naturbidea.

Ia bostehun kilometroko ibilbidea da GR-282a. Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Burgosko (Gaztela eta Leon, Espainia) artzain bide batzuen batura da. Hemeretzi etapatan egiteko dago prestatuta. Baina badira etapa “labur” batzuk, eta horiek beste batzuei batuta, hamabost egunetan osatu zuten. Batez beste, 33 kilometro egin dituzte egunean, zazpi eta bederatzi ordu artean. Mila metroko desnibela du ibilbideak. Markatuta egon arren, leku batzuetan bidea nabarmen aldatu da. “Fisikoki maila ona behar da, eta jakin behar da mendian ibiltzen eta GPSa erabiltzen”.

Zailtasunak zailtasun, bidea “zoragarria” dela esan du Intxaurragak: “Parajeak itzelak dira; zortzi parke naturaletatik pasatzen da. Ondare historikoa, arkeologikoa eta kulturala ugari daude. Herri txiki asko daude, santutegiak, etzalekuak…”. Baina egiteko ez da erraza. “Ordu piloa pasatu, eta ez duzu ezer aurkitzen. Jana aldean eroan behar duzu, eta, agian, ez duzu iturririk ere topatzen. Beraz, ondo antolatu behar da aurretik”.

Bultzada bat emateko egin du dokumentala: bidea ezagutzera eman, jendea erakarri eta herri txiki horiei bizitza eman. “Aurkezpenetara etorri dira politikari batzuk, eta esan diet: ‘Askotan entzuten dugu Espainia hustua, baina guk ere badugu Araba hustua‘”. Ahal izan duten lekuetan egin dute lo: frontoian, udaletxean, haientzat irekitako aterpetxeetan… “Jendeak bidea egin ahal izateko, herrietan bidaiarientzako baliabide gehiago behar dituzte”.

GR-282

Gutxi eta beranduago

Dokumentalean, Intxaurragak ez du bideari buruzko azalpen askorik ematen. “Nire gogoetak sartu ditut: bideaz, sortu dizkigun sentipenez, ikusi dugunaz, otsoaz, artzaintzaz…”. Izan ere, proiektuaren beste helburua artzainei omenaldia egitea izan da. Baina gutxi aurkitu dituzte. Batetik, haien ohiturak aldatu direlako: “Lehen, maiatzerako igotzen ziren; azken urteetan, maiatz bukaeran; eta, orain, ekain erdialdera”. Igo ere, gutxiago igotzen dira: kontatu diotenez, lana eta familia bateragarri egin nahi badituzte, zaila da igotzea. Azken urtean otsoak ere arazoak sortu dizkiela azaldu diote. “Behin ere ez didate berba egin otsoaren kontra: babesa eskatzen dute”.

Bestetik, gutxi topatu dituzte, gutxiago direlako. Gorbeian, Bizkaia aldean, Jon Etxebarria eta Pui Arrieta, Zeanurin, eta Aitor Azkueta gaztea, Zeberion. “Jonek ez du txabolarik eta 4×4 autoan egiten izan du lo goian ardiekin; hala eta guztiz ere, 14-15 buru hil dizkio otsoak”. Azkuetak aitagandik jaso zuen ofizioa, baina artzain eskolan ere ikasi du. “Beste artzain modu bat da harena; produktuak dibertsifikatu ditu”.

Go-pro bat eta kamera txiki bat erabili ditu irudiak eta artzainen testigantzak jasotzeko. Lagun batek dronearekin lagundu du. Zeanurin eta Galdakaon daborduko erakutsi du dokumentala. Erandion, Diman eta Zeberion egunak zehazteko dituzte. Deitzen duten lekuetara joateko prest dagoela esan du, “artzaintzari merezi duen bultzada emateko”.