Ibai Maruri Bilbao
Martxoaren 3an heldu zitzaien Erandioko Astika Herria auzo okupatu autogestionatuko kideei Bilboko epailearen agindua: 30 egun dituzte auzoa husteko. Beraz, apiril hasierarako handik joan beharko lukete, baina ez dute halakorik egiteko asmorik. “Bota egin beharko gaituzte”, esan diote Astika Herrikoek Bizkaiko Hitza-ri. Lursailen bat izan ezik, beste guztia Labartain enpresarena da, eta Erandioko Udalak 2020an eman zion auzoa eraisteko baimena. Epailearen erabakiaz gain, udalaren berri ere izan dute: bizilagunei gutun bidez iragarri die eraisteko baimena emana duela, eta erabaki horrekin ez duela etxebizitza eskubidea urratzen.
Astika Herrikoek helegiteak jarriko dizkiote epaiari. Batetik, bizilagunetako bat prekaritate egoeran geratuko dela alegatuko dute; “ortuan ekoizten duenetik bizi da”. Bestetik, huste agindua betetzeko moratoria bat lortzen ahaleginduko dira, “beste bizileku bat topatu bitartean”. Ez dakite onartuko dizkieten, baina hilabete honetan husteko data atzeratzen ahaleginduko dira, beste ezeren aurretik. Dena den, argi dute proiektuaren amaiera gertu dagoela, apirilean izan edo aste edo hilabete batzuk barru izan.
Lehenengo ekinaldia bihar izango da; berez, epaia jaso aurretik prestatua zuten: Bilboko Irola irratikoak Astika Herrian izango dira, proiektuaren aldeko jaialdi batekin. Egitaraua apur bat moldatu dute: 17:00etan hasiko dira; 18:00etan irratsaioa zuzenean egingo dute —FMko 107.5ean entzun daiteke—; eta, gauean, kontzertuak egongo dira. Aurrerago manifestazio bat egingo dute Erandion; seguruenik, hilaren 24an.
Ezagutzen dituzten erresistentzia baliabide guztiekin aurre egingo dutela ere iragarri dute. “Gu ez gara joango; bota arte hemen jarraituko dugu”. Herritarrei eta gizarte mugimenduei eskatu diete sare sozialen bitartez zabalduko dituzten mobilizazio deialdiei adi egoteko; esan dute babesa beharko dutela.
Hogei urteko alternatiba
Duela hogei urte okupatu zuten auzo bat da Astika: hiru baserri, lursail batzuk eta pabiloi bat dira. Gutxienez, XVI. mendekoak dira etxeak. Asuako industrialdean dago, Carrefour supermerkatuaren eta N-637 errepidearen artean. “Autobidez eta lantegiz inguratutako berdegunea da hau, oasi eder bat”, Astika Herriko bizilagunen arabera.
Pabiloian hainbat ekintza, kontzertu eta hitzaldi egiten dituzte. Han bizi dira bost lagun; hamabi ere izan ziren garai batean. Ortua dute, eta oiloak, katuak eta txakurrak. Landa inguruko gaztetxe baten modukoa izan daiteke, batzar irekia du, baina ez da berez gaztetxe bat, beti jende bera bizi delako han. Dena dela, nahi duena agertu daiteke nahi dituen proiektuak garatzera.
Astika Herrikoen arabera, erabaki politikoa da haien auzoa hustea. “Bizkaia eta Euskal Herri berdea saltzen diguten bitartean, eukaliptoa eta pinua landatzen dute, gune berdeak desegiten dituzte, eta makroproiektu suntsitzaileak bultzatzen dituzte”. Ohartarazi dute eredu horren aurka beren bizimodua aldarrikatu eta defendatu nahi dutela. Ez dakite Labartainek zer egin asmo duen leku horretan. Susmoa dute pabiloi erraldoiren bat izan daitekeela, agian, logistika arloari lotutakoa, lekua oso ondo komunikatuta dagoelako.
Han geratzea lortuko ez balute, Astika Herrikoek uste dute zail izango dutela Bizkaian molde horretako beste lekuren bat aurkitzea, hogei urteotan bultzatu duten proiektua jarraitzeko. “Nafarroan eta Araban auzo huts gehiago daude okupatzeko”.