Olatz Silva Rodrigo
Ume bat, auto bat. Hori da Galdakaon haurrak eskolara eramateko gaur egun dagoen dinamika. Eta hori aldatu nahi du Galdakaoko Txirrindulari Elkarteak. Autoaren ordez, bizikletaren erabilera sustatu nahi dute. Horretarako, Bizi Bus proiektua ari dira lantzen, udalarekin elkarlanean. Haurrak eskolara bizikletaz joateko ibilbideak sortu nahi dituzte.
“Geldialdiak jarri nahi ditugu herrian, haurrak horra hurbildu daitezen, eta, gu ailegatzean, bizikleten ilarara batu daitezen”, azaldu du Igor Anton Txirrindulari Elkarteko kide eta proiektuaren sustatzaileetako batek. Autobus lineak bezala, bizikleten lineak sortu nahi dituzte. Hiru ikastetxe batuko dituen linea batekin hasi nahi dute: “Urreta, Egia eta Eguzkibegi lotzen dituen ibilbidea egingo genuke lehenengo; eta, ondo ateratzen bada, beste eskolekin beste linea batzuk sortuko genituzke”.
Joan den ostiralean lehenengo proba egin zuten, eta berrogei lagun inguruk hartu zuten parte. “Txirrindulari Elkarteko haurrekin egin genuen proba; azken finean, abilezia badute jada”, azaldu du Antonek. Izan ere, elkarteak Gela taldea berreskuratu zuen duela lau urte, eta 32 ume dira horren parte. “Geldialdiak probatu zituzten, eta herrian dauden bidegurutzeekin eta autoekin ibiltzen ikasi”.
Nahiz eta proba bizikletara ohituta dauden haurrekin egin, Bizi Bus proiektua ume guztientzat izan dadin nahi dute. Ez dute adin zehatzik ezarri. “Hamar minutuko tartea izango da; asko jota, hamabostekoa. Bizikletaz ibiltzen jakinda, nahikoa”. Geldialdietan, gainera, deskantsua hartzeko denbora izango dutela aipatu du; “Behintzat, arnasa hartzeko”.
Datorren kurtsorako prest
Ostiralean grabaketa batzuk egin zituzten. Eta, orain, bideo horiek eskoletan aurkeztuko dituzte, jendeak proiektua ezagut dezan. “Gurasoen baimena behar dugu proiektua aurrera eramateko, umeek ezin dute euren kabuz erabaki”. Hiru ikastetxeak lotzeko lehenengo saiakera horretan, 60 lagun inguru onartuko dituzte. Aste Santuaren ostean, probak egiten hasiko dira: “Astero proba bat. Ondo ateratzen bada, zerbitzu bat sortu nahiko genuke hurrengo kurtso hasierarako”. Hasieran, begirale batzuek eta udaltzainek lagunduko dituzte haurrak. “Udaltzainak aurrean eta atzean”. Hala ere, etorkizunean horren beharrik ez izatea espero dute. “Bidegorriak sortzen badituzte, haurrak bakarrik joan ahal izango dira”.
Aldaketa kulturala behar dela azpimarratu du Antonek: “Izaera eta pentsamoldea aldatu behar ditugu. Herrialde batzuetan, bizikleta ohitura bat da; Herbehereak dira adibiderik politena”. Haren ustez, udalak kudeatu beharreko zerbitzu bat da. “Guk lagundu egin dezakegu, eta ideiak eman, baina gero udalak jarri behar du zerbitzua”. Haur kopuruaren arabera, baliabideak desberdinak izango dira. “Agian, linea bat baino gehiago egin beharko dugu”.
Antonek argi utzi du kaskoa derrigorrezkoa izango dela. “Eguraldia ere kontuan hartu behar dugu; euri zaparrada botatzen badu, egun horretan ez dugu egingo, agian”. Beste aukera batzuk proposatu ditu proiektuak aurrera egin dezan: “Euripean ibiltzeko, arropa erosoa erabil daiteke; edo umeek, badaezpada, aldatzeko arropa gorde dezakete euren ikastetxeetan”. Bizikletak aparkatzeko tokiak ere ezarri beharko dituzte eskoletan, eta bizikleta bakoitzari, lokarria jarri. “Eguzkibegi ikastolara ailegatzeko, malda gogorra dago; agian, behean utzi ditzakegu bizikletak, eta oinez amaitu ibilbidea”. Pixkanaka joango dira hobetu eta aldatu beharrekoak aztertzen.
Ohitura bilakatzea
Antonek badaki ez dutela haur guztiek parte hartuko, baina helburua da ume batzuen ohitura aldatzea: “Jendeak ikus dezala normala dela herrian bizikletarekin ibiltzea”. Izan ere, Galdakaoko herritarrek —helduek, gehienbat—, bizikleta zikloturismorako bakarrik erabiltzen dute, eta ez euren egunerokorako. “Nik batzuetan erosketak egiteko erabiltzen dut, edo elkartera joateko, baina hori hemen ez da ikusten”. Haurrek, ordea, parkean erabiltzen dute, “baina ez dira hortik ateratzen”.
Bizikletaz ibiltzeko bideak egin behar dituztela nabarmendu du Antonek. “Bizikletak garraiobide bat izan behar du”. Bizikletak onurak ekarriko lizkieke gazteenei: “Askatasuna da, eta, gainera, kirola egiten dute”. Are gehiago, aipatu du helduak direnean, ohituta egongo direla: “Beharbada, bidegorria egonez gero, Bilbora ere bizikletaz joango dira; ez dago distantzia handirik”.
Haurren ohiturak aldatzeaz gain, autoa ere gutxiago erabiliko litzateke: “Goizetan auto ilara luzeak egoten dira. Ez genituzke erabat kenduko, baina murriztu egingo lirateke, behintzat”. Gainera, Antonek gogoratu du bizikletak ez duela kutsatzen.