Ibai Maruri Bilbao
Urtarrilaren 31n, Gatikan; otsailaren 2an, Abadiñon; otsailaren 3an, Morgan; otsailaren 8an, Gamiz-Fikan; otsailaren 10ean, Plentzian; otsailaren 16an, Mungian; otsailaren 17an, Karrantzan… Azken asteetan hainbat sute piztu dira Bizkaiko baserri eta etxeetako tximinietan, eta foru suhiltzaileek joan behar izan dute itzaltzera. Urtarrilean eta otsail hasieran egindako hotzaren ondorioz, egurra eta ikatza eten barik erre dituzte etxeak berotzeko, eta ugaritu egin da su hartu duten tximinien kopurua. Egun batzuetako epelaldiaren ondoren, berriro itzuli da hotza egunotan, eta suhiltzaileek neurriak hartzeko eskatu dute, arazoak saihesteko.
Txin Tximini tximinia garbitzaile enpresako Fede Ileañaren esanetan, bi arrazoi egon daitezke tximinia batek su hartzeko: zikin egotea edo apurtuta egotea. Horregatik, aseguruekin arazorik ez izateko, esan du ezinbestekoa dela tarteka tximinia garbitzaile bati deitu, garbitu eta tximiniaren egoera aztertzea. Teknikariaren txostena edukitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du.
Kedarrak eragin ohi du tximinietan suteak piztea. Ileañak azaldu duenez, erretzeko erabiltzen den egurraren %20 inguru hezetasuna izaten da; batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, lehortze mailaren arabera. “Hezetasun hori ez da erretzen, eta tximiniaren hormetan geratzen da itsatsita. Kedar horrek arazo bi sor ditzake: edo su hartu eta sute bat eragin, edo hodia buxatu, keari irtetea oztopatu eta kea etxe barrura sartzea eragin”.
Azken boladako sute kopuruaren ugaritzea azaltzeko bi arrazoi aipatu ditu: hotz egin duela, eta energiaren krisiaren ondorioz jende askok egurra erabiltzearen alde egin duela. Etxea gasarekin berotzea baino merkeagoa da egurrarekin berotzea. “Bezero aldetik egonkor gaude oraindik, askoz gehiago ere ezin baititugu hartu. Baina igarri dugu azken hilabeteetan asko ugaritu direla gure bezero ez direnen kontsultak”. Ukatu egin du jendeak tximinia garbitu barik izaten duela: “Duela hamarkada batzuk arazo gehiago egoten zen horrekin; orain, jendeak kontzientzia hartu du”.
Hala ere, aurtengo datuen faltan, Ileañak azpimarratu du tximinietako sute kopurua egonkorra izan ohi dela Bizkaian. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, iaz 430 tximiniak hartu zuten su herrialdean; 2020an, 390 tximinia izan ziren. “Beti ibiltzen dira hirurehun eta bostehun sute artean, neguan egin duen eguraldiaren arabera”, esan du Ileañak.
Haritza eta artea, hobeak
Tximinia garbitzaileek, oro har, bezero egonkorrak izaten dituzte. Txin Tximini enpresari dagokionez, teknikariek esaten diote bezeroari zenbatean behin garbitu behar duen tximinia. “Normalean, urtean behin edo bi urtean behin egitea komeni da, baina maiztasun hori ezartzeko kontuan izan behar da zer egur mota erretzen den eta zenbat erabiltzen den tximinia”. Gehiago erabiltzen bada, sarriago garbitu behar da. Eta egur mota batzuk beste batzuk baino arazotsuagoak dira; kedar gehiago sortzen dute.
Ileañaren esanetan, arazo gutxien sortzen dutenak haritza eta artea dira. Horregatik, horiek erabiltzea gomendatzen diete bezeroei. Okerrenak, ostera, pinua eta eukaliptoa. Aitortu du jendeak denetarik erretzen duela, baina, batez ere, baserritarrek gero eta kontzientzia gehiago dutela, eta kontuz ibiltzen direla zer erretzen duten. Beste aholku bat ere eman du: “Jendeak haize-lasterrak erabat zarratzeko ohitura du, horrela egurra motelago erretzen baita, eta gehiago berotzen baitu. Baina, erabat zarratuz gero, kedar gehiago sortzen da, eta tximinia errazago zikintzen da”.