Balmaseda, txokolatezko herria

Balmaseda, txokolatezko herria

Ibai Maruri Bilbao

Gastronomiari garrantzi berezia ematen diote Enkarterrin, oro har, eta Balmasedan, zehatzago. Esaterako, horren erakusle da San Severino jaietan urtero egin ohi duten nazioarteko putxera lehiaketa. Mahats bilketaren jaia ere ospatzen dute urrian, hiribilduan txakolinak izan duen garrantzia gogoratu eta egungo ekoizleak bultzatzeko. Orain, txokolateari erreparatu diote. 2020an antolatu zuten Baquetxok jaialdiaren lehen aldia. Pandemiak eragindako etenaren ostean, gaur hasiko da bigarrena —arratsaldean inauguratuko dute—. Domekara arte, bada, txokolateaz gozatzeko aukera egongo da Horcasitas jauregian eta herriko beste gune batzuetan.

“Tokiko produktuari ikusgarritasuna eman nahi diogu azoka honen bitartez”, azaldu du Enkartur agentziako teknikari Leire Martinezek. Izan ere, herrian Kaitxo izeneko txokolate eta kafe ekoizlea dute. Lehen aldi hartan, kafeari ere egin zioten bere txokoa. Aurten, berritasun modura, tea ere gehituko dute, baina txokolateari itzalik egin gabe. “Iruditu zaigu azoka zabaltzeko eta sendotzeko aukera ona izan zitekeela gourmet produktu berriak gehitzea, eta tearen aldeko apustua egin dugu aurten”.

Balmasedan eskura egongo den txokolatea goi mailakoa izango da, bearn to bar delakoa; hau da, aletik tabletara arteko prozesu guztia egiten duten ekoizleen produktuak dastatu eta erosi ahal izango dira. Dena den, erakusketa eta salmenta guneaz gain, asteburuaz gozatzeko egitarau oparoa prestatu dute: dastatzeak egongo dira, umeentzako tailerrak, zuzeneko sukaldaritza saioak eta adituen berbaldiak, besteak beste.

Basquetxok

Guztira, mundu osoko 28 txokolate ekoizle bilduko dira Balmasedako Horcasitas jauregian. Euskal Herriko hiru enpresak izango dute ordezkaritza: Balmasedako Kaitxok, eta Gipuzkoako Gorrotxategik eta Lurkak. Atzerritik etorriko diren gehienak Europakoak dira: Herbehereetakoak, Italiakoak, Norvegiakoak, Portugalgoak, Espainiakoak eta Herrialde Katalanetakoak. Ekuadortik, Perutik eta Thailandiatik ere iritsiko da txokolatea. Martinezen esanetan, produktu guztiak oso ezberdinak izango dira, baina badute ezaugarri bat komunean: bearn to bar txokolateak dira, eta horrek “aparteko kalitatea” dutela bermatzen du.

Azokaren lehen aldian “oso pozik” itzuli ziren etxera ekoizleak, parte hartzea “arrakastatsua” izan baitzen: “Azokaren formatua asko gustatu zitzaien, jende asko bertaratu zen, eta, aurten ere, itzultzeko irrikaz egon dira guztiak”. Martinezen arabera, bisitarietan askotariko jendea zegoen, txokolate kontuetan adituagoak direnetatik hasi eta zaletu hutsak direnetara. “Ekoizleei gustatu zitzaien ikustea bertaratu zirenek aparteko interesa zutela gastronomian eta zapore ezberdinak dastatzean”.

Txokolatea duten erakusmahaiak baino gutxiago izango dira kafe ekoizleenak. Guztiak Euskal Herrikoak dira: Bizkaiko Kaitxo eta Emeki, Arabako Trike Koffee Roasters, eta Nafarroako Afortunato eta Top Barista 360. Enpresa horietan ere kafearen prozesu osoa eurek egiten dute, artisau eran. Beste hiru ekoizlek tea ekarriko dute: Italiako batek, Espainiako beste batek eta Arabako Agua Embrujada enpresak.

Egitarau oparoa

Domekara bitartean, hogei dastatze saio egingo dituzte: txokolatea beste produktu batekin batera probatu ahal izango da, 7 euroren truke. Gaur, berbarako, lehen saioan, Norvegiako txokolatea eta euskal sagardoa dastatu ahal izango dira. Txokolatea ia edozerekin uztartu daiteke, eta hala egingo dute Balmasedan: txakolina, ostrak, ardo apardunak, Mexikoko destilatuak, ore amaz egindako ogia, sakea izeneko Japoniako arroz likorea, whiskia… Antolatzaileen arabera, uztartze egokia lortzea ez da erraza izaten, txokolate mota asko baitaude. “Bakoitzari dagokion produktua topatzea erronka handia da”, esan du Martinezek.

Basquetxok

Jaki asko egiteko osagai aproposa ere bada txokolatea. Umeek bertatik bertara ikusiko dute hori tailerretan. Balmasedako kultur etxean ikasiko dute, berbarako, txokolatezko tartak, bonboiak, moussea, natillak, izozkiak, krepeak, irabiakiak eta tiramisua egiten. Helduek hainbat sukaldariren zuzeneko saioak ikusi ahal izango dituzte bertatik bertara. Adibidez, gaur, Stephan Winterrek kakaoa sasoiko produktuekin uztartuko du hainbat errezetatan; bihar, Aitor Etxenikek eta Zuriñe Kimek erakutsiko dute Asiako sukaldaritzan zelan erabiltzen den txokolatea.

Antolatzaileek berbaldiei ere eman diete garrantzia. Mundu osotik etorritako hamazazpi adituk egingo dituzte. Txokolateaz eta teaz egingo du berba Monica Meschinik; analisi organoleptikoekin kakaoaren kalitatea zelan hobetu erakutsiko du Massimiliano Cavicchiolik; kafe kafeinagabea zer den eta zelan egiten den kontatuko du Ainhoa Oiangurenek; eta Hondurasko kafe ustiategi batean ingurumen eta finantza jasangarritasuna zelan bermatzen den azalduko du Proyecto Gaiako Bernard Ornillak.

Informazio gehiagorako, jo webgune honetara:

Basquetxokfestival.com/eu/hasiera