Usansoloko ospitalean pediatria eta erditzeak eskatu dituzte

Usansoloko ospitalean pediatria eta erditzeak eskatu dituzte

Ibai Maruri Bilbao

Iaz iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Galdakao-Usansolo ospitalean eraikin berri bat egingo duela. Azken urteetan ospitaleak gainezka egin du, leku faltan dago, eta obraren helburua da egoera hori arintzea. Handitze lanak aprobetxatuta, orain arte eskaintzen izan ez diren zerbitzu bi eskatzen hasi dira ospitaleak zerbitzu ematen dien herrietan: pediatria eta arrisku txikiko erditzeak. Sinadura bilketa abiatu dute Change.org web orrian, eta, dagoeneko, Osakidetzaren Barrualde-Galdakaoko ESI eskualde sanitario integratuko 60tik gora ikastetxek, guraso elkartek eta talde feministak babestu dute eskaera. Bizkaiko Hitza-k ESIko arduradunei galdetu die eskaeraren inguruan, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Barrualde-Galdakaoko ESIa Bizkaiko eta Arabako 70 herrik osatzen dute: Bilbo Handiko batzuk, Durangaldekoak, Busturialdekoak, Lea-Artibaikoak, Arratiakoak, Hego Uribekoak eta Aiaraldekoak. Haietan bizi diren 310.000 herritarren erreferentziazko ospitalea da Galdakao-Usansolo, baina ez ditu zerbitzu guztiak eskaintzen. Esaterako, erditzera Gurutzetako ospitalera (Barakaldo) joan behar dute herriotako amek, eta umeak ere hara eroan behar dituzte larrialdietara edo ospitalean artatzera.

Aldarrikapena bultzatu dutenek Bizkaiko Hitza-ri idatziz adierazi diotenez, zerbitzu horiek ez eskaintzea da gaur egun herri horietako biztanleen osasun arretak duen “gabeziarik nabarmenenetako” bat: “Ginekologia zerbitzu bat badugun arren, ez dago ez pediatria zerbitzurik, ez erditzeak artatzeko gunerik”. Gogoratu dute pediatria eta erditzeak “oinarrizko zerbitzuak” direla. “Gure eskualdeko haurren eta emakumeen osasun arretaren aldeko neurri garrantzitsua da: arreta indibidualagoa, hurbilagoa tratuz, ezagunagoa eta euskaldunagoa izango litzateke”.

Ohartarazi dute egoera horrek “zuzeneko eragina” duela jasotzen duten osasun arretan. Esate baterako, umeek larrialdietara joateko, etxetik Usansoloko ospitalera egin beharrekoa baino ibilbide luzeagoa egin behar dute Gurutzetara arte joan behar direlako ezinbestean. Gainera, seme-alabak ospitaleratzen badizkiete, etengabeko joan-etorri luzeak egin behar dituzte gurasoek, haurrek haien premia dutelako.

Era berean, erditzera doazen amek ospitale ezezagun batera joan behar izaten dute: “Gurutzetako ospitale erraldoira”. Azaldu dutenez, hori ikusirik, emakume askok erabakitzen dute beste ospitale txikiago batera joatea, haietan eskaintzen zaizkien erditze eredu indibidualizatuagoen bila. Ohikoa da, adibidez, eskualde horietako emakumeek Mendaroko (Gipuzkoa) ospitalea aukeratzea erditzeko, ez dutelako Gurutzerara joan nahi. Dena den, ospitale horiek beste ESI batekoak direnez, eskualde hartako pazienteek izaten dute lehentasuna, eta, erditze egunean lekurik ez bada, beste ospitale batera bideratzen dituzte Barrualde-Galdakaoko ESIko emakumeak erditzera.

Hain zuzen ere, zerbitzu horien aldeko kanpaina abiatu dutenek azpimarratu dutenez, andreek gero eta gehiago erditze “gizatiarragoak” eskatzen dituzte, “indibidualizatuagoak, errespetuzkoagoak eta erditze prozesuan emakumeen autonomiaren aldekoak”. Ikerketa zientifikoetan oinarritu dira eskaera horiek argudiatzeko, ondorioztatu dutelako “gomendio horietako batzuk onuragarriak” direla amaren eta haurraren osasunerako. “Erditze ereduaren aldaketa horiek pixkanaka gauzatzen ari dira; gure ospitaleetako erreferentziazko protokoloetan gomendio berriak sartu dira, zenbaitetan espazioak egokitu dira, eta materialak eta baliabideak erditzeko eremuetara ere egokituz doaz”.

Espezialitateak eta EHU

Handitze lanei buruz, berriz, Barrualde-Galdakao ESIk erantzun du oraindik zehaztu gabe daudela. Joan den urtean Jaurlaritzako Osasun Sailak esan zuenez, aurten hasteko asmoa izan dute, baina ESItik ez dute baieztatu hala izango denik. Iragarri zutenez, 30.000-34.000 metro koadro artean izango ditu eraikin berriak, eta han egongo dira, besteak beste, espezialitateetako kanpoko kontsultak, EHUko Medikuntza ikasleen gelak eta Etxeko Ospitalizazio zerbitzua.