Mikel Garcia Martikorena
Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza izenarekin aurkeztu zuten gaur zortzi Bizkaiko Batzar Nagusiek garraio publikoaren kudeaketa eta gobernantza metatuko dituen erakundea. Erakunde hori sortzea gomendatzen duen dokumentua onetsi zuten Batzar Nagusiek. Bizkaiko Garraio Partzuergoa izango du oinarrian erakunde berri horrek, eta bere gain hartuko ditu Bizkaiko garraioaren arloko eskumenak. Egun, bi figura juridikok banatzen dituzte gobernantza eta kudeaketa eskumenak; aurrerantzean, batek. Erakunde berriaren helburua da “bien arteko lotura izatea”, batzarkideen iritziz.
Agintaritza bakarra sortzea gomendatzen duen txostena Bizkaiko Garraioaren 2018-2028 Aldirako Plan Estrategikoa eztabaidatzeko batzorde bereziaren azkenengo saioan onartu dute, ezezkorik gabe. Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia abstenitu egin dira. Txostenaren abiapuntua da “aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuak ongizate eta gizarte zein lurralde kohesio hobeak lortzea”. Horregatik gomendatu dute, besteak beste, figura juridiko bakarra sortzea garraio publikoa kudeatzeko. Bertan proposatutako neurriak ez dira indarrean sartuko 2035era arte —plan estrategikoa martxan jarriko den urtea—, Ignacio Jeronimo Garraio Batzordeko presidenteak azaldu duenez.
Erakunde horrek zein etorkizunean aurrera eramango diren politikek trenbide sistemari “lehentasuna” emateko eskaria egin dute batzarkideek. Hori lortzeko Batzar Nagusiek helarazitako gomendioen artean daude, adibidez, mugikortasun “garbia, jasangarria eta osasungarria” lortzea, eta intermodalitate “erraz, eraginkor eta merkeago” bat sortzea. Helburu horiek gauzatzeko, bi ildo nagusi ezarri ditu batzarrak: zero igorpeneko garraioa lortzea eta zonakatzea sinplifikatzea.
Zero isuriko garraioa lortzeko, “zerumugan” jarri dituzte elektrifikazioa eta hidrogenizazioa. Hori dela eta, datozen urteetako politikak “errepideko garraio publikoaren kaltean” egitea gomendatu dute. Bestetik, garraio publikoaren zonakatzea sinplifikatze aldera, bost eremutik hirura igarotzea proposatu dute.
Zuzenketen txanda
Gainera, Batzar Nagusietako talde politiko guztiek batera aurkeztu duten zuzenketa bati esker, txartel bakarra ezartzea erabaki dute, garraioaren sinplifikazioaren hariari jarraituz. Jeronimo batzordeko presidenteak azaldu duenez, “ibilbidea, bidaia kopurua eta erabiltzaileen errentak” kontuan hartuko ditu txartelak pertsona bakoitzak ordaindu behar duena kalkulatzeko. Txartela, halere, ez da 2035. urtea baino lehen helduko, plan estrategikoaren parte izango baita.
Txartelarena, baina, ez da izan Batzar Nagusietako taldeek aurkeztutako zuzenketa bakarra. Izan ere, batzarkideek adierazi dutenez, dokumentua, berretsi aurretik, “hainbat puntutan” aldatuko da. EH Bilduk, esaterako, garraioaren egoera aztertzen duen atala aldatzeko eskaria egin du. Haren arabera, sare publikoaren eskaintza “berrikusteko beharra” dago Bizkaian, “erakundeek eskumenak banaturik dituztenez, zerbitzua segmentatuta dagoelako”.
Elkarrekin Bizkaiak Bilboko metropolitik urrunen dauden eskualdeen beharrak aztertzeko eskatu du. “Plan estrategikoaren helburua da herritar guztien mugikortasunerako eskubidea sartzea, euren bizilekua edozein izanda ere”. Talde Berezia-PP Bizkaiak “zahartze aktiboa” kontuan izateko eskatu du.
Bizikletaren alde
Bizkaiko Foru Aldundiak azkenaldian daraman joerari men eginez, Bizkaiko Garraioaren Plan Estrategikoaren eztabaidan bizikleten aldeko neurriak gomendatu dituzte. Batzarkideek onartutako gomendioen arabera, bizikletak garraioaren “ardatz egituratzaileetako bat” dira, ez dutelako eragiten “isurketarik, ezta kutsadura akustikorik ere”.
Gomendio sorta hori, ordea, ez da bi gurpilekoari buruz Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera eraman duen ekinbide bakarra. Joan den hilabetean —urtarrilaren 11n—, 2023-2035 Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala onartu zuten Batzar Nagusiek. Plan horren helburua eguneroko joan-etorrien %7,7 bizikletaz egitea da; hau da, gaur egun baino hamabi aldiz gehiago. Horretaz gain, hainbat herritan hasiak dira jada neurriak hartzen helburua gauzatzeko. Zallan, esate baterako, 60.000 euro baliatu dituzte 24 tokirentzako bizikleta aparkaleku bat eraikitzeko.
Lanuztea Bizkaibuseko zerbitzuetan
Astelehenean, Bizkaibuseko langileek egun osoko lanuztea egin zuten, lan ituna berritzeko eskatzeko. Bizkai- buseko zerbitzuak eskaintzen dituzten bost azpikontratetatik lauk deitu dute lanuztera; Durangaldeko Avanzadak ez beste denek. Izan ere, Durangaldeko Avanzada akordio batera heldu da dagoeneko. Diputazioaren egoitzaren aurrean egin zuten protesta, astelehenean —goiko argazkian—, gatazkan esku har dezala eskatzeko. Ez da aurreneko greba eguna izan: hilabeteak dira protestak hasi zituztela.