Ibai Maruri Bilbao
“Jokoz kanpo harrapatu gintuen: Sopuertako parkearen ingurumen baimenaren zain geunden, alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta, bat-batean, Enkarterrin beste parke bat eraikitzeko baimen eskaeraren berri izan genuen. Hori izan zen gure Erregeetako oparia”, gogoratu du Enkarterri Birizik elkarteko Ixoñe Loroñok. Iaz sortutako Enkarterrin Parke Eolikorik Ez plataforma elkarte bihurtu da, eta izen hori du. Orain arte zeukaten kezka areagotu zaie: “Gu ez gaude energia berriztagarrien aurka, baina ez dugu atsegin eredu hau: parke eolikoek, herritarren interesak barik, enpresen negozioa lehenesten dute”. Ez dute parke eolikorik gura Enkarterrin. Tokian tokiko energia komunitateen aldeko apustua egiteko eskatzen dute.
Urteko lehen astean ikusi zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eskaera elkartekoek, eta, haiek bezala, Gordexola, Gueñes eta Zallako udalek ere modu horretan jakin zuten hiru herrion artean sei haize errota ipini nahi dituztela. Zallakoak, esaterako, daborduko adierazi du proiektuaren aurka dagoela, baina, oro har, informazio falta salatu dute guztiek.
Euskal Haizie enpresa da baimena eskatu duena. Harena da Artzentalesko Torrelaseta, Sopuertako Alen, eta Galdames eta Muskiz arteko Mello mendietan parkea eraikitzeko proiektua ere. Bigarren horretan aerosorgailuak sei izango direla dakite, eta lehenengo proiektukoen ezaugarri berak izango dituzte. 36,6 megawatteko potentzia izango dute. 115 metrokoa da dorre bakoitza, hormigoizko oinarriaren gainean. Bakoitzak 85 metroko hiru pala izango ditu, eta mugitzean 170 metroko diametroa osatuko dute. Beraz, garaiera osoa berrehun metrokoa izango da. Las Llanasen, Rigadas gainaren eta Eguen mendiaren artean, 2,2 hektareako eremua beteko dute.
Jakina da lehen proiektuko errotek sortuko duten argindarra garraiatzeko sarea Zallatik joango dela. Bigarren proiektu honen kasuan oraindik ez dute zehaztu. Edozelan ere, Loroñok ohartarazi du Zalla aldea “erabat kaltetuko” dela, bi proiektuek inguru berean bat egingo dutelako. Azpimarratu du inguru eta espezie babestuak daudela han, eta proiektuak arriskuan ipiniko dituela. Proiektua ezagutzean eta alegazioak aurkezteko aukera izatean, salaketa horretatik abiatuko da, besteak beste, Enkarterri Bizirik elkartetik proiektuaren aurka izango duten diskurtsoa.
Neurri handi batean, interes publikorako izendapena duen lur publiko batean egongo da parke berria. Enkarterri Bizirik taldekoek txarretsi egin dute enpresa pribatu batek negozioak egiteko erabili nahi izatea ondasun publikoak. Inguru hori bereziki estimatua da inguruko biztanleentzat, aisialdirako eskaintza zabala duelako. Besteak beste, mendian txangoak egiteko ibilbideak ditu, eta Zalla eta Gueñes ikusteko begiratoki paregabea da. Hori guztia arriskuan ipiniko dela iruditzen zaie. Abeltzainek ere erabiltzen dituzte hango belardiak, abereen bazkarako; parkearekin galera ekonomikoak izango dituztela ohartarazi dute elkartekoek.
Bizkaitik kanpoko kasuak
Loroñok esan du ez dutela espero “arrakasta handirik” proiektu horien aurkako borrokan: “Araban zer gertatu den ikusita, gurean ere beltz-beltza izango da etorkizuna. Han ere ingurune eta espezie babestuak daude haize errotak ipini nahi dituzten lekuetan, eta hori alegatu dute proiektua geldiarazteko, baina alferrik: [Arantxa] Tapiak jada iragarri du 2024an eta 2025ean hasiko direla parke biak eraikitzen”. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak joan den astean iragarri zuen Labrazako proiektuak jadanik lortu duela ingurumen baimena; Azazetakoak aste honetan lortu du.
Elkartekoek hitzordu garrantzitsua izan zuten zapatuan Igorren. Arratiako Makatzak talde ekologistak deituta, hainbat eragile Igorren elkartu ziren, Trantsizio energetikoa ala negozioa? Bizkaia makroproiektuz josita! jardunaldian. “Garrantzitsua da guretzat elkar ezagutzea, eta besteek borroken berri izatea”, esan du Loroñok.
Abenduan, Enkarterri Bizirik-ekoek martxa bat antolatu zuten Allen mendira. Apirilerako protestaren bat prestatzen ari dira. Bitartean, eskualdeko herritarrak “informatzen eta kontzientzia pizten” ari dira.
Aldi berean, eskualdeko udaletan mozioak aurkezten ere badabiltza. Dagoeneko batzuek onartu dituzte, eta beste batzuetan datozen aste eta hilabeteetan bozkatuko dituzte. Adierazpen horien bidez, udalek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gelditu ditzala, proiektuak harik eta Eusko Legebiltzarrak energia berriztagarrien plana onartu arte.