Etxegabetzeen “inpunitatea” salatzeko kanpaina, Bilbon

Etxegabetzeen “inpunitatea” salatzeko kanpaina, Bilbon

Mikel Garcia Martikorena

“Pobreen aurkako gerraren zenbait adierazle antzeman ditugu azken aldian San Fantziskon [Bilbo]”, esan du Ane Salvador AZET etxebizitza sindikatuko kideak. Ideia hori babesteko zenbait argudio azaldu ditu; hala nola, auzoan militarizazioak, arrazan oinarritutako identifikazioak, kontrol sozialak eta espekulazioak gora egin dutela. Igoera horien adierazleak “etxebizitzaren garestitzea eta etxegabetze ilegalen areagotzea” dira, haren esanetan. Aurre egitea erabaki dute zenbait eragilek, Desalojo ilegalei ez kanpaina abiatuta. Poliziaren eta udalaren “inpunitatea” salatu nahi dute.

AZET etxebizitza sindikatua, Bizirik darrai, Bilbiko bulegoa, Xake, SOS Arrazakeria, Okupazio bulegoa, OEE Atxuri Harrera sarea eta Zabala, San Frantzisko eta Bilbo Zaharreko koordinakundeek osatzen dute urtarrilaren 14an hasitako kanpainaren sortzaileen sarea. Eragile horiek guztiek San Frantzisko auzoan eramaten dituzte ekintzak aurrera. Etxebizitzaz gain, bestelako gaiak jorratzen dituzte kolektibo horiek. Salvadorren ustez, etxegabetzeen arazoa etxebizitzatik haratago doan gaia da: “Testuinguru osoa hartu behar da kontuan arazoa ulertzeko”. Horregatik hasi dute kanpaina.

Gizarteratze fasea

Aurreneko fasean dago kanpaina, momentuz: komunikazio eta gizarteratze fasean, hain zuzen. Datozen asteotan hasiko dira bigarren fasearekin: infoguneak sortzen. Kanpainaren helburu nagusietako bat bizilagunei etxegabetzeen inguruko informazioa helaraztea da Salvadorren aburuz, “euren eskubideak zeintzuk diren jakin dezaten”. Horretarako, infoguneez gain, gida amankomun bat eratuko dute bizilagunen artean banatzeko. Bertan, eskubideez aparte, informazio juridikoa era ulerterrazean eta etxegabetzearekin lotutako arazorik izanez gero nora jo egongo da jasota.

Kanpainaren leloak, Zuena biolentzia, gurea auzodefentsa, horren beste bi helburuak batzen ditu, Slavadorrek azaldu duenez: “biolentzia horren arduradunak seinalatzea eta defentsa sistemak garatzea”. Aurreneko helburuari dagokionez, bi aktore nagusi jartzen ditu fokupean Salvadorrek. Alde batetik, Bilboko Udala seinalatu dute: “Ulertzen dugu udala dela etxegabetze ilegalen arduradun politikoa”. Bestetik, Polizia —Ertzaintza zein Bilboko Udaltzaingoa— ekarri ditu Salvadorrek mahai gainera: “Poliziek indarkeriaz beteriko praktika ilegalak inpunitate osoz eramaten dituzte aurrera, sistematikoki”.

Indarkeria horren aurrean “defentsa sistema eraginkorrak garatzea” da bigarren ildo nagusia. Horregatik, “nahitaezkoa” ikusten dute informazioa helaraztea. Horri esker, “erantzun bateratua” emateko gai izango direla espero dute, “balazta moduan” jarduteko: “Poliziak egun matoi kuadrila bat izango balira bezala sartzen dira etxeetan etxegabetzeak egitera, betiere instituzioen babesarekin”.

Salvadorrek adierazi duenez, indar polizialek zein politikoek jarduteko modu “sistematikoa” ezarri dute auzoan, “bestelako” legedia bat egongo balitz bezala: “Auzoan egoera oso zaurgarriak daudenez, egun batetik bestera agertzen dira poliziak, atea behera bota eta aurrean duten guztia kanpora botataz”. AZETeko kideak salatu duenez, etxegabetzeak egiteko modu hori dela eta, “ezinezkoa” da jakitea zenbat etxegabetze gauzatzen diren, ez daudelako inon zenbatuta eta “guztiz arbitrarioak” direlako. Abenduan hiru etxegabetze ilegalen berri izan zuten, gehiago direlaren susmoa duten arren.

Etxegabetze_bat_ekiditeko_saiakera

Kontraesanez beteta

Etxegabetze ilegalen aurkako kanpaina San Frantziskon soilik garatzea ez da zorizko erabaki bat. Salvadorren ustez, “pobreziak eta kapital handien interesak egunero topo egiten” duten auzoa da San Frantzisko, “kontraesanez betea”. Hori dela eta, Desalojo ilegalik ez kanpaina aurkezteko Juan Mari Aburto Bilboko alkateak auzoan zuen ekitaldi publiko bat baliatu zuten.

Urtarrilaren 14an izan zen ekitaldia. Zubirik 2025 plana aurkeztera joan zen Aburto auzora. Planak, kapital inbertsio handia aurreikusten du, zerbitzutan hobekuntzak ekarriz; “garraioan” edo “bizikidetzan”, esaterako. Salvadorrek aipatzen duen kontraesanen argudioa ere erabili dute aurkezpena egiteko egun hura aukeratu izana: “Alkateak hitz politak baliatuz propaganda egiten duen bitartean, San Frantziskoren egunerokotasuna oso ezberdina da”.

Bizilagun askok “bizitzaren alderik gordinenak bizi dituzte”, Salvadorren aburuz. Alkatea hara doa, “ez haien interesak defenditzeko”, baizik eta, “burgesiarentzat auzo interesgarria delako, inbertitzeko eta kapitala metatzeko aukera dutelako”.