Amaia Igartua Aristondo
Ebazpena dute jopuntuan, baina hortik harago doa Barakaldoko euskalgintzaren kezka. EAEko Auzitegi Nagusiak galarazi egin du kultur etxeak kudeatzeko Barakaldoko Udalak azpikontratatutako enpresari gutxieneko euskara maila eskatzea, eta horri “injustizia” deritzo Ander Ezeiza Barakaldoko AEK-ko irakasle eta Sasiburu euskara elkarteko kideak. Alabaina, ez da arreta kontua soilik. Barakaldok 26.251 euskaldun ditu, biztanleen laurdena baino gehiago; haatik, erabilera ez dator bat ezagutza datuarekin. “Jende askok daki euskara, baina ez daude hizkuntza hori praktikan jartzeko nahikoa baliabide”. Hori horrela, ebazpena ez da soilik milaka hiztunen hizkuntza eskubideen “urraketa”; erakusten du, halaber, “hiztunok aktibatzeko pausoak kontrako noranzkoan” ematen ari direla, Ezeizaren irudiko. “Hizkuntzaren baliogabetzera bultzatzen ari dira”.
Arrazoi horietan oinarrituta, Barakaldoko euskalgintzako eta kultur arloko eragileek kontzentratzera deitu dute gaur, 19:00etan, Bide Onera plazan. Alde batetik, ebazpena salatzeko, eta indarrean dagoen legea betetzea eskatzeko, araudiak baitio instituzio publikoetan euskarazko arreta jasotzeko eskubidea dagoela; beste alde batetik, hizkuntza eskubideen aldeko aldarria egiteko asmoa dute, orokorrean. “Ez da euskaldunon kontu bat. Hizkuntza eskubideak edonorenak dira. Horregatik, bildu nahi ditugu ez bakarrik euskaldunak, baizik eta barakaldar oro. Hizkuntza eskubideak urratzen baldin badira, guztion eskubideak urratzen ari dira”.
Gorabeheratsua da euskarak Barakaldon duen presentzia, Ezeizak azaldu duenez. Hezkuntzan, gero eta handiagoa da, eta, A eta B ereduak oraindik “indartsu” dauden arren, D eredua gailendu berri zaie. Hain justu, bide horretatik euskaldundu dira barakaldar gehienak, udalak 2020-2024ko aldirako onartutako ESEP Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren arabera. “Nondik gatozen ere kontuan hartu behar dugu. Barakaldo oso herri erdalduna izan da, eta fama hori izan du betidanik”, esan du Ezeizak. Azaldu duenez, erdaldun asko joan ziren XX. mendean meatzeetan eta enpresetan behar egitera, eta, azken hamarkadetan, hezkuntzak hauspoa eman dio hizkuntzari: 1981ean, 1.473 euskaldun baino ez zeuden; berrogei urte ondoren, 26.000ko langa gainditu da.
Erabiltzeko aukeren premia
Edozelan ere, datua ñabartu du Txerra Rodriguez soziolinguista eta Emun enpresako hizkuntza aholkulariak. “26.000 dira euren buruari hiztun direla aitortzen diotenak. Hortik egunerokoan ekintza komunikatibo guztiak euskaraz egin ahal izatera, oraindik zubitxo bat dago”. Haren esanetan, lagun horietako asko “euskaldun potentzialak” dira; hau da, egunerokoan gehiago erabiltzen dute gaztelania euskara baino. Gainera, euskara sustatzeko planean ageri denez, askok komunikazio gaitasun handiagoa dute gaztelaniaz. Horrenbestez, “potentzialtasun hori botere bihurtu beharra dago”, Rodriguezen iritzian.
Horretarako, eskola ez da “nahiko”, haren irudiko; eskolak, huts-hutsean, ezin baitu bermatu ez euskararen erabilera, ezta ezagutza bera ere. “Gutxi gorabehera, ume batek esna dagoen orduen %16 pasatzen ditu eskolan. Eskolarekin oinarri bat jar daiteke, baina bestelako ekarpen batzuk behar dira. Hori barik, aurrera ari gara, baina zailtasun handiekin”. Ikasgelan jasotakoa beste eremu batzuetan biribildu behar da, hala nola familian, edota kultur eta aisialdi ekintzetan. “Batez ere, erabilera horrekin ikasten da”.
Hala, hiztun kopurua garrantzitsua dela aitatu du Rodriguezek, baina Barakaldo eta antzeko egoera duten udalerrietan —Bilbo, Getxo, Gasteiz edota Iruñean—, alde kualitatiboak ere zeresana duela iruditzen zaio. “Horrelako hirietan, gehiago bilatu behar da euskaldunen arteko interakzioak sustatuko dituzten jarduerak, kualitatiboagoak izan daitezkeenak, eta betiere helburuak izan behar du euskaldunak elkarrekin erlazionatzeko aukera horiek sustatzea”. Euskaldunak elkar ezagut dezaten da gakoetako bat, soziolinguistaren ustez; hots, jakin dezaten norekin egin euskaraz. Eta, era berean, euskaldunek eroso egongo diren guneak behar dituzte. “Badakigu leku horietan euskaraz egin ahal izango dugula, pentsatu barik euskaraz egin behar dugun edo ez”.
Eskolatik kanpo, ordea, euskararen presentzia urriagoa da, Ezeizak azaldu duenez, eta, hortaz, murritzagoa da gune eroso horiek aurkitzeko abagunea. “Eskolan, autoritate figurek —irakasleak eta arduradunak—euskara darabilte; baina, eskolaz kanpoko ekintzetan, umeek ikusten dute euskarak ez daukala presentziarik, kasu batzuetan”. Esaterako, kirolean. “Barakaldoko kiroldegietan, maiz zaila izaten da arreta euskaraz jasotzea, eta kurtsoetako monitoreen lehen hizkuntza gaztelera izaten da”. Kulturari eta aisialdiari dagokienez, Sasiburu elkarteko kideak dio udal eskaintzan gero eta ekintza gehiago direla euskaraz, baina, ehunekoari erreparatuta, gaztelania dela oraindik nagusi. “Instituzioetatik aparte, euskararen presentzia ia ikusezina da aisialdian”.
Aitzitik, instituzioek ere ez dute bermatzen erabilera, nahiz eta jokaera aldatu den, Ezeizaren irudiko. “Aldaketa nabarmena sumatu da. Lehen, nahiko kontu arrotza zen kultur etxe batera joatea eta euskaraz mintzatzea. Gaur egun, gehien-gehienekin euskaraz normal mintzatzeko aukera dago”. Ez guztiekin, zehaztu duenez: tarteka topo egin izan dute euskaraz totelka solastatzen den langile publiko batekin, edo ulertu bai baina hitz egiten ez dutenekin, edo gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen dietenekin. “Gutxi izan arren, horrelako kasuei onartezina deritzegu”. Hori horrela, instituzio publikoei ere zuzenduko zaizkie gaurko protestan. “Eusko Jaurlaritzak herritarrei euskara ikasteko eskatzen die, Euskaraldia eta halakoak bultzatzen ditu, baina gero ez ditu euskararen inguruko legeak betearazten. Horrek euskarari kalte egiten dio”.
Rodriguezek ere instituzioen parteko “babesa” jo du gakotzat. “Eskubide batzuk baditugu euskaldunok. Baina eskubide horiek beti daude, nolabait esateko, latente. Hau da, aplikatzera jotzen ez dugun bitartean, eskubideak ditugu. Aplikatzera jotzen dugunean, batzuetan baditugu, eta beste batzuetan, ez. Horrek gatazka eta ezinegona sortzen du”.
Usteak, oztopo
Datu absolutuetan, Barakaldoko euskaldunen kopurua handia den arren, udalerri erdaldunaren irudia du oraindik. Faktore hori aipatzen du ESEP txostenak, eta ohartarazi kaltegarria izan litekeela euskararen sustapenerako. “Atzera eragiten duen kontu bat da”, Rodriguezen iritziz. Litekeena da hara doazen euskaldun askok, irudi hori aintzat hartuta, lehen berba gaztelaniaz ebakitzea; eta, are, harritzea barakaldar bat trebe aritzen bada euskaraz. “Estigma bikoitza” jasaten dutela begitantzen zaio, tankera horretako beste udalerri batzuetan bezala. “Kanpoko jendearentzat erdalduna zara, eta euskalkirik ez edukitzeak, erdarakadekin berba egiteak eta horrelako gauzek badute eragina autoestimuan”. Autoestimua apal izanik, gehiago kostatuko zaie euskaraz aritzea, dioenez.
Beste irudi bati erreparatu diote euskara sustatzeko planean: askok motibo instrumentalengatik ikasten dute euskara. Bide beretik, Ezeizak beste uste bat aitatu du: ez da euskararik behar Barakaldon bizitzeko, aski da gaztelaniarekin. Irudipen horrek isla izan dezake euskaldunaren profilean: ESEP txostenaren arabera, 40 urtetik beherako barakaldarrak dira euskaldunak, batik bat. “Barakaldon euskalgintza benetako aurrerapausoak ematen hasi zen orain dela hogei bat urte. Euskararen aldeko iritzi positiboa dago, baina, behar ez dutenez, ez dute ikasten. Ez dago euskararen aurkako gorrotorik, baina jendeak erosotasuna aukeratzen du, edo, zailtasuna aitzakia hartuta, uko egiten dio ikasteari”. Hala ere, nabarmendu du 40 urtetik gorako euskaldun asko daudela.