Mikel Garcia Martikorena
Santurtzin 46.329 biztanle daude, hau da, iaz baino “pixka bat” gehiago. Juan Andrades Santurtziko Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak azpimarratu duenez, herriko heriotza tasak jaiotzena “bikoizten du” gaur egun; hortaz, kopurua mantendu —eta laurehun bizilagun gehitu— ahal izateko, immigrazioaren beharra aipatu du zinegotziak. Izan ere, uztailaren 1ean biztanleen %6,36 Espainako Estatutik kanpokoak ziren Santurtzin. Datuok, udalak iazko datuekin berritutako behatoki sozioekonomikoan daude, edonoren eskura sarean.
2010ean argitaratu zuen aurrenekoa udalak, eta, Andradesen aburuz, tresna “garrantzitsua” da oso Santurtziko errealitatea ezagutzeko: “Herritarrentzat, enpresentzat zein udalarentzat baliagarriak diren datuak biltzen dira bertan”. Andradesek dioenez, plan eta ekintzak aurrera eraman behar dituztenean,”batez ere, bultzada ekonomikoarekin lotuta daudenean”, informazioa eskura izateko baliatzen dute txostena: “Erabakiak hartzeko orduan zeinek duen premiarik handiena erabakitzeko baliatzen dugu; beraz, ez da bakarrik datua behar, testuinguruan jarri behar da txostenak baliatutako informazioa”.
Santurtziko errealitate demografikoa erakutsi eta udalerriko “argazki laburtua” lortzeko, lau atal jorratzen ditu analisiak: errealitate demografikoa, ekonomia, enpresak eta gizarte eta lan arloaren errealitatea. Errealitate demografikoari dagokionez, biztanleriaren inguruko zenbait datu orokor aurkitu daitezke; hala nola, biztanle kopurua, migrazioa, ikasketa mailak edota dentsitatea. Behatokiaren lanaren balio erantsietako bat Ezkerraldearekin, Bizkaiarekin eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoarekin egiten dituen alderaketak dira.
Konparazio horiei esker jakin daiteke, besteak beste, Santurtzik biztanle dentsitate handia duela; zeren eta Bizkaiaren dentsitatea 2022. urtean kilometro koadroko 516,57 biztanle kilometrokoa zen. Santurtzin, berriz, dentsitatea hamar aldiz handiagoa zen: 5.230,35 biztanle kilometrokoa koadro bakoitzeko, hain zuzen. Gainera, etxebizitzen %91,15 bizileku nagusiak dira. Hau da, Bizkaian batez beste baino ehuneko handiagoa bizi da egunero Santurtzin; izan ere, Bizkaiko etxebizitzen %86 dira bizileku nagusiak.
Zerbitzuetan oinarrituz
Andradesek zerbitzuek Santurtziko ekonomian duten garrantzia azpimarratu du. Izan ere, 2019an —azken datuak— jarduera adarraren araberako balio erantsi gordinari erreparatuz gero, zerbitzuek %84,8 eragiten dutela ageri da txostenean. Industriaren kasua da Santurtzi inguruko egitura ekonomikotik at uzten duena: Santurtzin balio erantsi gordinaren %4,2 da industria, eta Ezkerraldean %30,41.
Hori, baina, ez da Ezkerraldearekiko dagoen ezberdintasun bakarra. Alde handia dago biztanle bakoitzari dagokion BPG barne produktu gordinean ere. Santurtzin, biztanle bakoitzeko 21.904 euro ziren 2019an, batez beste. Ezkerralde osoa hartuz gero, berriz, BPGa biztanle bakoitzeko 49.304 euro zen.
Santurtziko zinegotziaren hitzetan, herriko enpresa egitura “berreskuratzeko joera” dago. 2020 eta 2021 bitartean establezimenduak mantendu ziren; Ezkerraldean kontrakoa gertatu zen, %5 gutxitu baitzen. Hala ere, 2016tik 125 establezimendu gutxiago daude herrian. Horietatik gehienak —%44,14, hain zuzen—, handizkako eta txikizkako merkataritza, motordun ibilgailuen eta motozikleten konponketa, garraio eta biltegiratze, eta ostalaritza alorrekoak dira.
Merkataritza guneen beherakadak, baina, ez du zertan ekonomiaren beherakada bat ekarri, zinegotziaren aburuz. Andradesek, “leku fisikorik behar ez duten” enpresen gorakada azpimarratu du. Behatokiaren arabera, 2022an Gizarte Segurantzara afiliatutako bizilagun kopurua handitu egin zen, eta uztailean 8.347 ziren. Horietatik 2.000 baino gehiago autonomoak dira.
Langabezia tasa 2022ko bigarren hiruhilekoan %14 zen, urtebete lehenago baino ia bi puntu gutxiago. Hala ere, Bizkaian eta Ezkerraldean apalagoa da kopurua: %11,3 eta %13,3, hurrenez hurren. Langabezia tasaren beherakada dela medio “pozik” daudela dio Andradesek: “Azken urteetako lan politikek emaitza onak ematen ari direla erakusten dute datuok”.
Hala ere, zinegotziak “oraindik lana egiteko” dagoela aitortu du. Izan ere, langabeziak behera egin arren, iazko maiatzera arte egindako hamar kontratuetatik zortzi aldi baterakoak dira; Bizkaian bat gutxiago da. Halere, 2021ean egin ziren kontratuen ia %96 aldi baterako izan ziren.