Zihara Jainaga Larrinaga
Etxeak eraikita dauden ingurutik hogei metrora jaisten da, eta animaliak hiltzen ditu. Gero eta larriagoa da kontua, hiru hilabete inguru daramatzagu egoera jasanezin honetan”. Karrantzako David Garcia abeltzainak egin du salaketa. Duela zenbait astetatik otsoaren presentziaz ohartarazi dute haranean. Animaliengana gerturatu, eta eraso egiten die; gehienetan, hil egiten ditu. Garciaren kasuan, ostruka bat izan zen biktima, joan den azaro bukaeran. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez, azken urtean otsoen 38 eraso ziurtatu dituzte herrialdean. Horietatik 24 Karrantza aldean gertatu dira, beste hamahiru Gorbeian eta beste bat Urduñan. Azken bost urteetako erasoen erdiak baino gehiago iaz gertatu ziren: 69tik 38. Aldundiak zehaztu duenez, batez ere, ardiak izan dira biktimak. Abeltzainek konponbideak eskatzen dituzte. Ekonomikoki lehen sektoreak bere gain hartu ezin duen gastua dela nabarmendu dute.
2021eko irailaren 22an Espainiako Kongresuak onartutako 139/2011 errege dekretuak dioenez, otsoa (Canis lupus) espezie babestua da; hori horrela, ezin da uxaldirik egin haren populazioa kontrolatzeko edo abereei eragiten dizkien kalteei aurre egiteko. Bizkaiko abeltzainei iruditzen zaie “hainbat” otso dabiltzala euren lurretan. “Ostruka hil zutenean, gutxienez bi otso heldu eta bi kume zeudela esan zidan biologo batek. Mendian, goian, beste bat ikusi dela ere esaten da”, dio Garciak. Hala, ezin dituztenez ehizatu, inguruan arazoak sortzen dituzten otsoekiko kontrol handiagoa eskatzen diete agintariei. “Ez ditzatela hil, baina kontrola ditzatela; haiek arduratu behar dira euren animaliez. Guk gureak zaindu behar ditugu”, dio Garciak.
Aldundiak adierazi du Bizkaiko otso populazioari dagokionez gaur egun ezin izan dela baieztatu lurraldean otso talde finkorik dagoeb. Alta, ale bakartien presentzia egiaztatu da, eta abereen aurkako erasoek ere berretsi dute. Egunean 60 eta 80 kilometro artean egin ditzake otsoak, eta, abeltzainek diotenez, hainbat triskantza egin ditzakete ibilbide horretan.
Euskal Herrira Arabara eta Bizkaira sartzen dira otsoak: batik bat, Espainia aldetik, Kantabriatik, Errioxatik eta Burgostik. Nagusiki, ardiei eta ahuntzei erasotzen die, baina txahal eta behorrekin ere saiatu izan da azkenaldian, Garciak zehaztu duenez. Ondorioz, kontatu du berak etxean zituen 30 ahuntzak kentzea erabaki zuela, “goiz batean denak hilda aurkitu aurretik”. Karrantzan sortu du otsoak arazorik gehien azkenaldian, baina Bizkaiko beste eremu batzuetan ere kexu dira otsoaz. Javier Kanpok Gorbeia inguruan du bere ganadua. “Guztiz babesgabe gaude; ganadua mendian txakurrik gabe egonez gero, eraso egiten die, eta kalte handiak eragiten ditu”, adierazi du. Hari, aurten, hamabi abelburu zauritu dizkio otsoak. Azpimarratu du inguruko abeltzain batzuek ehundik gora izan dituztela kalteak.
Bizikidetza posible
Abeltzainen ustez, otsoa dela-eta abeltzaintza estentsiboa desagertzera kondenatua dago. Kanpok otsoa desagertzearen alde egin du arazoa konpontzeko. Ekologistek aldiz, otsoaren eta ganaduaren arteko bizikidetzaren alde egiten dute. Andres Illana Ekologistak Martxan-eko eta Euskadiko Otso Taldeko kidearen arabera, giza jardueraren eta biodibertsitatearen arteko elkarbizitza ahalbidetu behar da, otsoa faktore erabakigarria delakoan biodibertsitatean eta ezin delakoan ekosistema funtzionalik egon harrapari handiak gabe. “Otsoak, izan ere, gizakiak abeltzaintza asmatu aurretik zeuden”.
Illanak aitortu du agerikoa dela lehen bizi ez ziren lekuetan, artzainaren irudia desagertu den lekuetan edota harrapariengandik babesteko neurriak gutxitu edo desagertu diren lekuetan, otsoa agertuz gero gatazka sortzen dela eta arazoak areagotu egiten direla. Onartu du arazoa larria dela zuzenean eragiten dien pertsonentzat. Baina, haren ustetan, ez da oso garrantzitsua, azienda osoa aintzat hartzen bada. Illanak dioenez, Karrantzan gatazka mailarik handiena gertatu zenean, hamalau ardi hil ziren, eta, orotara, gutxi gorabehera, 12.000-13.000 abelburu daude haranean. “Bistan denez, hamalaukoa ez da oso kopuru handia”.
Abeltzainak harago doaz, ordea, eta uste dute egoera larritzen bada otsoak sor ditzakeen arazoak gizakietaraino irits daitezkeela. “Badirudi gizakiari beldurra galtzen ari zaion animalia bat dela otsoa, eta, luzera begira, zorigaiztokoren bat eragingo du. Elurra eta hotza egiten duenean eta zer jan ez duenean, oso arriskutsua izan daiteke”, ohartarazi du Garciak. Esan du otsoen tokia mendi altuak direla, eta ez etxeko ganadua dagoen eremua.
Ekologista taldeek egoera honetan Karrantzan otsoak hil izana salatu izan dute. Dena den, aldundiak adierazi duenez, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak ez du otsoen ustezko heriotzei buruzko salaketarik jaso, eta ingurumen zaintzaileek ere ez dute, gaur egun, horren berririk edo informaziorik. Halaber, ez da zauritutako edo hildako otsorik eraman Gorlizko Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentrora; beraz, ezin dute baieztatu gertaera horiek gertatu direnik, ez Karrantzan, ez herrialdeko beste tokiren batean.
Arazo horren konponbidea prebentzio neurriak direla uste du Illanak; otsoari basa harrapakinak bereganatzea errentagarriagoa egitea lortu behar da, haren ustez. Hala, dioenez, hori hainbat neurriren bidez baino ez da konpontzen; hala nola, diru publikoa erabiliz. “Txakur zaindariak erabili, azienda gauez babespean gorde edota artzainaren irudia berreskuratzea lirateke aukerak”, Illanaren esanetan. Azken finean, betidanik erabili izan diren metodo horiek, otsoa, katamotza eta antzeko harrapariak izan dituzten abeltzaintza ustiategietan. “Beti egin dena egin, azienda babestu harrapariak dauden lekuetan”.
Kanpok, baina, uste du metodo horiek ez dutela “zentzu handirik”. “Txakurra edukitzea, adibidez, gastu eta ardura handi bat da, eta arazoak ere sortzen dituzte; animalia konplikatuak dira”, adierazi du. Ez dator bat artzain elektrikoa jarri edota animaliak gauean etxeratzeko proposamenarekin. Era berean, uste du diruarekin eta laguntzekin ez dela arazoa konponduko.
Antolatu beharra
“Lehen sektorea aspertzen ari dira, gero eta animalia gutxiago daude, ilusio txikiagoa. Hirietan gero eta janari gehiago faltako da etorkizunean”. Garciaren hitzak dira. Haserre daude abeltzainak, eta neurriak hartu eta kalteak ordaintzea eskatzen diete Bizkaiko aldundiko arduradunei. Iruditzen zaie beti beraiek ateratzen direla galtzen. Azpimarratu du lehen sektorea berez ez dagoela egoerarik onenean, eta arazo honekin, are gutxiago. “Arazoa larria da”. Ohartarazi dute bertatik bizi diren abeltzainak animalia basatiekin nazkatuta daudela eta martxa honetan lehen sektorea desagertu egingo dela.
Konponbideak jartzeko asmoz, abeltzain baten salaketa jasotzean Bizkaiko Foru Aldundiak betetzen duen jarduera protokoloaren eraginez, peritu espezializatu bat bidaltzen dute kalteak otso batek eragin dituen zehazteko; kasu horretan, jabeak aldundiaren dekretu batean ezarritako kalte ordainak eskura ditzake. Otsoa orain espezie babestua denez, ezin da uxaldirik egin haren populazioa kontrolu ahal izateko edo abereei eragindako kalteei aurre egiteko. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritza otsoa kudeatzeko plana garatzen ari da, hainbat erakunde publiko zein pribaturen laguntzarekin. Illanak adierazi duenez, planak “uste baino itxura hobea du”, eta gustura daude jakin dutenarekin. Eskertu dute prebentzio neurriei arreta jarri izana eta azaroa txikitzen ahalegintzea.
Kudeaketa plana otsoarekin zerikusia duten ekintza guztiak koordinatzeko esparrua izango da, espeziearen kontserbazioa eta abeltzaintzako aprobetxamendua uztartzeko. Horregatik, denak bat datoz: beharrezkoa da elkarbizitza lortzea abeltzaintza estentsiboaren eta otsoaren artean.