Ibai Maruri Bilbao
“Urte asko dira eusten, eta pentsatu dugu nahikoa dela: ditugun arazoen berri eman behar diegula herritarrei”, esan du Bilboko udal suhiltzaileetako kide Iñigo Gallagak. Azaroan egin zuten lehen salaketa, suizidio kasuetan zelan jardun ikasteko jaso behar zituzten prestakuntza saioak bertan behera geratu zirenean. Azkenean, hil honetan hasiko dira jasotzen, baina gehiago dira Bilboko Udalaren jardunaz dituzten kexak eta kezkak.
Prestakuntza arloan dituzten gabeziak azpimarratu dituzte, besteak beste. Esan bezala, suizidioarena da horietako bata. Arazo larria dela gogoratu du Gallagak, eta Eusko Jaurlaritzaren datuak aipatu ditu: bi egunean behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du; hau da, urtean, batez beste, 180 suizidio daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. “Urtean hainbat dei jasotzen ditugu esanez pertsonaren bat balkoian edo leihoan dagoela eta bota egingo dela esan duela. Udaltzainak eta ertzainak ere joaten dira, baina sarritan ez da erraza pertsona hori dagoen lekura ailegatzea, eta guk joan behar izaten dugu. Orain arte, suhiltzaile bakoitzak gure giza gaitasunen eta enpatiaren arabera jokatzen genuen, baina ezin daiteke horrela izan, pertsonen bizitzak daude jokoan”.
Oposizio premiaz ere ohartarazi du Gallagak. “Suhiltzaileen artean aginte eskala bat dago: suhiltzaileen gainetik kaboak eta sarjentuak eta ofizialak daude. Azken urteetan, eskalan suhiltzaileen gainetik dagoen norbait falta izan denean, esperientzia handia duen suhiltzaileren bat jarri izan da zeregin horretan, baina nekatu gara. Kaboak falta badira, egin ditzatela oposizioak”. Denbora luzez eskatzen aritu ondoren, Bilboko Udalak iragarri ditu oposizioak egingo dituela kabo berriak izendatzeko.
Gallagaren esanetan, arazoa da udalak ez dituela suhiltzaileen eskaerak eta iritziak kontuan hartzen erabakiak hartzeko orduan. “Guk esan arren prestakuntza behar dugula, ez digute kasurik egiten. Haien kasa hartzen dituzte erabakiak, eta gero hanka sartzen dute”. Gallagarentzat “hanka sartze larriena” da Bilboko udal anbulantziak kendu izana. Gogoratu du duela 110 urte martxan ipinitako zerbitzua izan dela. “Espainiako Estatuan aitzindaria izan zen Bilbo”. Anbulantzia bi zituen udalak, eta 2012an erabaki zuten bakarrarekin jarraitzea. Iazko urtarrilean bestea ere kendu zuten. “Gure irteera guztietara gurekin etortzen zen udal anbulantzia, eta hori berme handia zen guretzat”. Orain, Osakidetzako anbulantziari deitu behar izaten diote. “Udalak esan zigun aldatuko zen gauza bakarra anbulantziaren kolorea zela, baina zerbitzuak ere okerrera egin du”.
Gallagaren arabera, 2022an berrogei zerbitzutan anbulantzia berandu iritsi zaie edo ez zaie agertu. “Ez da gauza bera profesional bat izatea gurekin edo ez izatea. Imajinatu etxebizitza batera heltzen garela eta konortea galdu duen bat topatzen dugula. Batzuetan, anbulantzia hogei minutura edo ordu erdira iristea beranduegi izan daiteke. Oraindik ez da ezer larririk gertatu, baina gerta daiteke”. Salatu du udalak esan diela Donostian eta Gasteizen ere ez daukatela udal anbulantziarik. “Zer egin behar dugu? Txarrean berdindu? Agian, Donostian eta Gasteizen ere udal anbulantzia eduki beharko lukete, oinarrizko zerbitzua da eta”. Ezkor agertu da. Ez du uste Bilbon zerbitzu hori berreskuratzeko aukerarik dagoenik, baina, gutxienez, herritarrak gertatutakoaren jakitun izan daitezela gura dute.
Suhiltzaile parkeen inguruan ere borroka dute. Batez ere, Deustuko zubiaren azpian dagoenarekin. Duela hamar urte inauguratu zuten, behin-behinean erabiltzeko asmoz. “Espaloiaren gainean dago, institutu baten alboan. Kamioiekin gabiltza egun osoan joan-etorrian. Egunen batean zerbait gertatuko da”, azaldu du egoera. Salatu du hamar urtean udalak ez duela “ezer” egin behin betiko parke bat egiteko. Suhiltzaileek eurek uste dute Euskaldunako zubiaren inguruetan egon beharko lukeela, handik edonora joan daitezkeelako azkar, eta itsasadarra ere bertatik bertara dutelako itsasontziekin egiten dituzten lanetarako. “Baina lekua bilatzea udalaren ardura da, haiek dakite dituzten lursailak zelan dauden kalifikatuta eta non egin dezaketen. Hamar urtean izan dute horretarako astia”.
“Europako txarrena”
Miribillako parkeak ere kritikak jaso ditu hasieratik, duela hamarkada bat inauguratu zenetik. “Europako txarrena eta garestienetakoa izango da: Bilboko beste azpiegitura asko bezala, argazkietarako ikusgarria da, baina ez da batere operatiboa”. Besteak beste, esan du aldagelak eta logelak dauden tokia ez dela egokia. Laugarren soilaruan daude, eta kamioien patiora jaisteko lau masta jaitsi behar dituzte. Suhiltzaile batek egoera salatu zuen, eta duela bost bat urte epaileak arrazoia eman zion: ez dela legezkoa esan zuen. Orain, udalak esan du beste eraikin bat egingo dutela aldagelak eta logelak jartzeko. “Parke berri-berri bat duzu, dirutza inbertitu duzu han, eta, orain, hamar urte baino lehen beste eraikin bat egin behar duzu haren ondoan, gaizki eginda dagoelako. Zelan justifikatuko dute hori?”.