Eraso matxista guztiek jaso dute mugimendu feministaren erantzuna

Eraso matxista guztiek jaso dute mugimendu feministaren erantzuna

Olatz Silva Rodrigo

Atera dira kalera aurten ere talde feministak. Izan ere, izan dute zer salatu. Urte hasieratik gertatu dira sexu erasoak Bizkaian. Lehen bederatzi egunetan, emakumeen aurkako hiru indarkeria kasu gertatu ziren Barakaldon, eta beste bat Portugaleten. Ordutik, beste hainbat eraso izan dira. Mugimendu feminista ez da isilik geratu, eta eraso guztiak salatu ditu, elkarretaratzeetara deituta.

Ekainean 13an Barakaldon gertatutako hilketa matxista bat salatu zuten feministek herrian bertan, eta baita Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean ere. Apirilean hil zen Felisa, Gurutzetako ospitalean. 90 urte zituen. Haren semearen arabera, emakumea erori egin zen, baina erietxeko osasun langileek indarkeria zantzuak antzeman zituzten. Auzi medikuei abisua eman, eta haiek indarkeria zantzuak zirela baieztatu zuten. Hori dela eta, Ertzaintzak ikerketa abiatu eta semea atxilotu zuen ekainean, ama hiltzea egotzita.

Urtean gertatzen diren erasoak zenbatu ezin diren arren, Emakundek salaketen jarraipena egiten du. Haren arabera, Bizkaian 2.375 eraso salatu dituzte urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Aurreko urtearekin alderatuz, %10,6 ugaritu dira salaketak; izan ere, iazko irailera arte, 2.147 salaketa jarri zituzten.

Ziztadak ere izan dira protestarako arrazoi. Uztailean, Algortako jaietan, hiru emakumek osasun zerbitzuetara jo zuten ziztada bat eta “zorabioa” nabaritu zutelako. Getxoko Udalak ukatu egin zuen ziztadak izan zirela, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ez zutelako jaso salaketarik. Algortako Mugimendu Feministak, ordea, elkarretaratzea egin zuen, eta udalaren jarrera gaitzetsi.

Bi aste geroago, Getxon bertan, Algortako Portu Zaharreko jaietan, neska batek salatu zuen norbaitek ziztatu egin zuela. Mugimendu feministako bi kidek hura artatu zuten, baina Ertzaintzak identifikatu egin zituen. Jaien osteko agerraldian, mugimendu feministak azpimarratu zuen ez zuela mugimenduaren “kriminalizaziorik” onartuko eta “eraso matxistarik gabeko Euskal Herri feminista bat eraikitzen” jarraituko zuela. Azaroan deklaratu zuten bi lagun haiek, desobedientzia delitua egotzita.

Bilboko Aste Nagusian ere izan ziren ziztadak. Ertzaintzak 25 kasuren berri izan zuen. Indarkeria matxistaren kontrako aldarriek hartu zituzten kaleak. Erasoen gainetik… Aste Nagusia defendatu lelopean, deialdia egin zuten Bilboko Konpartsek.

Aste Nagusian zehar onartu zuen Espainiako Kongresuak Soilik baietz da baietz legea. Ordutik, erasotzaileen ebazpenak berrikusi dituzte epaitegi batzuek. Bizkaiko Auzitegiak murriztu du Hego Euskal Herrian lehen zigorra: bortxaketa bategatik jarritako zigorra lau urtetik hirura apaldu diote gizon bati; 2019ko uztailean ezarri zioten zigorra, eta, egun, baldintzapean aske dago.