Kirurgiaren bihotza, Basurtun

Kirurgiaren bihotza, Basurtun

Mikel Garcia Martikorena

Bihotz kirurgia zerbitzua eskaintzen duten ospitale publikoen kopurua berdin mantendu da urte osoan Bizkaian. Horrek ez luke albiste izan behar egoera normal batean, baina 2022koa ez da egoera normal bat izan. Barakaldoko Gurutzetako ospitalean eta Bilboko Basurtuko ospitalean egiten dira bihotz ebakuntzak Bizkaian —eta EAE osoan—. Urtarrilaren 20an, ordea, hori aldatzea bilatzen duen proiektua jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak: Basurtuko zerbitzua Gurutzetara lekualdatu, biak ospitale berean bateratzeko. Basurtuko bihotz kirurgiako langileak hasieratik agertu dira erabaki horren aurka. Haien haserrea erakusteko, Basurto Bizirik plataforma osatu, eta urte osoan protestak antolatu dituzte.

Zerbitzua itxi eta 30 lagunetik gorako lan taldea Bilbotik Barakaldora eramateko Eusko Jaurlaritzaren argudioa da kirurgia ospitale bakarrean metatuz gero eraginkorragoa izango dela. Izan ere, Jaurlaritzak dioenez, zenbait ikerketaren arabera, zirujauek zenbat eta ebakuntza gehiago egin, orduan eta lan hobea egingo dute. Ideia horren aurka agertu dira Basurtuko zirujau gehienak. Basurto Bizirik plataformakoek Bizkaiko Hitza-ri azaldu ziotenez, zirujau bakoitzak ebakuntza gehiago egiten baditu “soilik” hobetzen dira emaitzak, ez ospitale batean gehiago metatzen badira. Hortaz, hori betetzeko, zirujauak kaleratu nahi dira —Jaurlaritzak ez du halakorik aipatu—, edo, zirujauen ustez, beste arrazoi bat egon behar da lekualdatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren nahien aurka agertu dira epaileak; azkena, Arabako Administrazio Auzitegia. Auzitegi horrek zerbitzuaren lekualdatzea behin-behinean etetea erabaki zuen azaroaren 17an: “Baliabideak gaur egun Basurtuko ospitalean daudenez, interes orokorrak, lehentasunez, ditugun baliabideak mantentzera garamatza, eta ez ixtera, lekualdatzera eta moldatzera”, dio epaiak.

Jaurlaritzak helegitea aurkeztu du erabaki horren aurka; halere, Basurtuko bihotz zerbitzuko buru Jose Miguel Ormaetxek “bere horretan” geratzea espero du. Administrazio Auzitegiak emandako epaiak ere horren alde egin du, azpimarratzen baitu funtzionatzen duen eta eraginkortasuna erakutsia duen zerbitzu bat mantentzea “hobe” dela eraginkorragoa izango dela ziurtatuta ez dagoen beste sistema batera igarotzea baino. Epaiarekin, denbora irabazi dute “bihotz kirurgia Basurtun mantenduz hobeto ibiliko dela erakusteko”, Ormaetxek esan duenez.

Gurutzeta, alde

Gurutzetako bihotz kirurgia zerbitzuko kideak, bestalde, Basurtuko zerbitzua lekualdatzearen alde agertu dira. Arabako Administrazio Auzitegiak epaia eman aurretik Jose Ignacio Aramendi Gurutzetako bihotz kirurgiako buruak Cadena Ser irratiari adierazi zionez, bihotz kirurgiaren bateratzea “etorkizuna da”. “Bihotz gaixotasunei dagokienez, EAEko erreferentziazko ospitalea izatea da egun dugun eginkizuna” , baieztatu du Aramendik. Gainera, “egoiliarren irakaskuntzan eta prestakuntzan ere erreferentzialtasuna izatea” espero du Aramendik.

Egoera “jasangaitza”

Arreta bihotz kirurgiak bereganatzen zuen bitartean, Gurutzetako Larrialdietako Zerbitzuan diharduten langileek salatu dute geroz eta lan baldintza okerragoak dituztela. ESK sindikatuak urte osoa darama egoera hori salatzeko protestak antolatzen; azkena, abenduaren 10ean. Sindikatuak dio zuzendaritza taldeak erantzun bakarra eman duela mobilizazio eta eskaera horien aurrean: “Zerbitzuko lantaldea behar bezala dimentsionatuta dagoela”. ESK-ko kideak ez daude batere ados hitzokin, eta aldaketak egitera gonbidatzen dute zuzendaritza: “Erabiltzaileen segurtasuna eta lantaldearen osasuna bermatzeko behar diren neurri guztiak hartu behar dituzte. Izan ere, langile horiek lan karga izugarriak jasaten dituzte”.

Larrialdietako Zerbitzuko langileek mobilizaziora deitu zuten azken aldian, salatu zuten Gurutzetako eremu anbulatorioan “aldi berean 60 paziente baino gehiago” egon zirela: “Hori guztia gertatu zen arratsaldeko txandan bi erizain gutxiagorekin ari zela taldea, eta, ondorioz, pazienteak korridoreetan artatu ziren”.