Amaia Igartua Aristondo
Lokal diskretu bat, Bilboko Iralabarri auzoaren bihotzean, batere diskretuak ez diren eraikin multzo dotore eta koloretsu andana baten artean. Han egin du habia The Eko Labek, moda jasangarria sustatzeko elkarteak. Txikia da gunea, baina atal eta baliabide ugari pilatu dute. Sarreran bertan, mahai bat ipini dute hainbat butaka eta aulkiz inguratuta, atseden hartzeko; luzatu egiten da gunea, ikastaroetarako lekua eskainiz; eta proiektatzeko baliatu dute hondoko pareta. Han-hemenka, hainbat apal kokatu dituzte, modaren eta moda etikoaren inguruko liburuz hornituta.
Bi urte inguruko ibilbidea du The Eko Labek, eta ikastaroak, proiekzioak, hitzaldiak eta bestelako ekintza asko egin dituzte dagoeneko, hainbat instituzioren eta elkarteren egoitzetan, hala Euskal Herrian nola kanpoan. “2020an batu ginen, ikusi genuelako Bilbon ez zegoela espazio bat dibulgatzeko modaren inguruan”, azaldu du Libe Kerroum kideak. “Ez genuen nahi moda egon zedin dendetako erakusleihoetan bakarrik”. Hala, Bilboko Udalaren diru laguntza bat eskuratu zuten, eta, iazko apirilean, hiru astez askotariko jarduerak egin zituzten modaz eztabaidatu eta moda jasangarriaz solastatzeko. Eta harrerak hauspoa eman zien. “Ikusi genuen jendeari asko gustatu zitzaiola, eta erabaki genuen ez zuela zerbait puntuala izan behar, baizik eta jarraitua”, esan du Kerroumek.
Ugaritu zitzaizkien hitzorduak, eta leku propio bat topatzeko ordua zela erabaki zuten, Laura Marchante kidearen arabera. “Parte hartzen eta kolaboratzen jarraitu genuen, baina gogoa genuen guk ere gure espazioa sortzeko, baita lanerako leku bat edukitzeko ere”. Lokalak ikusi zituzten, eta, irailean, Iralabarriko espazioarekin egin zuten topo. Pasa den ostiralean inauguratu zuten, eta urtea bukatu baino lehen ekintzak egingo dituzte kokaleku berrian. “Ez diogu utziko beste espazio batzuekin kolaboratzeari; adibidez, Donostiako Tabakalerarekin edo Bilboko IED Kunsthalekin. Baina aukera ematen digu jarduerak gure modura egiteko, gure tresnekin eta gure balio eta kode etikoarekin”, azaldu du Kerroumek.
Botereari aurre, gertutik
Nabarra da modaren industria, ugaria, ertz askotakoa, eta garatzen jarraituko du etorkizunean, teknologia digitalen hauspoarekin. Hori da industriaren aurkia: irudimena, sorkuntza, eskaintza oparoa. Zorrotzagoa da ifrentzua: herrialde pobreagoetan kokatutako lantegiak esku lana gutxiago ordaindu eta piezetatik etekin handiagoa lortzeko; baliabide naturalen alimaleko ustiapena kontsumo azkar bat ezarri eta elikatzeko; beharginen osasuna hondatzen duten tinturak, gertuko ibaietara kontrolik gabe botatzen direnak gero; zabortegi handietan pilatutako erabili gabeko milioika jantzi, arropa stock ikaragarri horri irteera emateko.
Kerroumek gertutik bizi izan du industriaren dinamika, moda azkarreko denda batean lan egin zuelako hiru bat urtez, eta, hain justu, ifrentzu horrek kezkatuta utzi zuen beharra. “The Eko Laben egitasmoaren arrazoiak dira ekonomikoak, eta ingurumenari eta giza eskubideei dagozkionak”. Irizpide horiek oinarri, moda azkarra eta industria handiak arbuiatzen dituzte, baita horiek akuilatutako kontsumo masiboa ere. Eta, deslokalizazioaren kontrakarrean, gertuko artisautzaren alde egiten dute, kideak azaldu duenez. “Guretzat, foku garrantzitsuenetako bat tokiko ekoizpena da. Ahotsa eman nahi diegu bertoko artisauei, sortzaileei eta diseinatzaileei”.
Tokiko ekoizleen artean, interes berezia dute berritzaileetan, Kerroumen hitzetan. “Berrikuntzan ere jartzen dugu fokua, teknologian, ikusteko zer alternatiba eskaintzen dizkigun sektore horrek”. Argudioan sakondu du Marchantek. “Hasieratik gustatu zaigu ikustea zer gauza positibo sor daitezkeen mundu horretan. Modaren desastreak kritikatzeaz harago jo nahi genuen, jada kolektibo asko baitaude hori egiten; proposamen berritzaileei ikusgaitasuna eman nahi diegu”.
Askorekin egin dute lan dagoeneko, eta horietako batzuk aletu dituzte kideek: Eduardo Loreto diseinatzailea, biomoda jorratzen duena; Aritz De la Hera, oihal birziklatuekin sortzen duena; eta Karrantzako Muturbeltz, euskal artilea lantzen dutenak. Denak dira Euskal Herrian finkatutako sortzaileak.
Aukera badago, eta oparoa da orobat hautu jasangarriagoa egiten laguntzen duen dibulgazioa. Hala, nondik hasi beharko luke kontsumitzaileak? “Aukera asko daude”, dio Marchantek. “Uste dut lehenengo gauza dela konturatzea ahal dugula eta behar dugula gutxiago kontsumitu”. Horretarako, gako batzuk aipatu ditu: hala nola bigarren eskuko arropara jo, jantziak trukatu, norberarenak konpondu. “Eta, hortik aurrera, kontsumituko baduzu, jakitea nola ekoitzi diren erosiko dituzun jantziak. Informatzea”.