Bilduk mugikortasun irizpideak berrikusteko eskatu dio aldundiari

Arratia, Busturialdea, Uribe Butroe, Lea-Artibai eta Durangaldean Bilduk dituen hautetsiek azken urteen mugikortasunean erabili dituen irizpideak aldatzeko eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. “Egoera sozioekonomikoa latza da, eta gure eskualdeetan mugikortasunean zein errepideetako segurtasunean hutsune handiak daude. Orain urte batzuk erabaki ziren hainbat inbertsioren gainean planteamendu berriak egitea nahi genuke”, ohartarazi diote.

Duela urtebete onartu zen Bizkaiko Errepideen Plan Sektoriala. Koalizioak gogorarazi du orduan baino egoera ekonomiko “okerragoa” daukagula. Hala, aurreikusitako guztia betetzeko gaitasunaren inguruan “zalantza” agertzeaz gain, “ezinbestekotzat jo izan dituzten bestelako azpiegiturek” —Bilbo hegoaldeko saihesbidea eta Artxandako tunelak— “porrot” egin dutela salatu dute.

Errepide ardatzei dagokienez, hautetsioi iruditzen zaie aukeraketa “irizpide politikoak” aintzat hartuta egin dela. Diotenez, udan eraikitzen hasiko diren errepideek ez dituzte inguru horietako arazoak konponduko. Gerediaga-Elorrio errepideak “ingurumen eragin izugarria” izango du, Bilduren iritziz, eta, ez dute argi “N-636 errepidearen zirkulazio bolumena jaitsiko denik”. Autzaganeko errepidearen kasuan, tunela egitea gaitzetsi dute, eta errepidea trenbidearen paretik egiteko eskatu. Bermeoko saihesbideak, azkenik, ez du herriak duen zirkulazio arazoa konponduko, Bilduren ustetan.

Gainera, kanpoan utzi diren inguruek segurtasun eta zirkulazio arazoekin jarraituko dutela nabarmendu dute. “Herriguneak zeharkatzen dituzten errepide arriskutsuak edo zirkulazio astun asko hartzen dituzten berrikusi eta konpondu behar dira”. Hautetsiok euren eskualdeek duten garraio publiko hobearen beharraz ohartarazi dute; batez ere, tren zerbitzu hobearen premia azpimarratu dute.

Koalizioaren iritziz, foru aldundiak “herrien lekuan jartzen” jakin behar du. “Guztion artean garatu eta adostu behar dugu Bizkaiko mugikortasun politika”.