Ibai Maruri Bilbao
Duela ia hiru urte Zaldibarko zabortegia amildu zenetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak hondakinak pilatzeko arazoak izan ditu, eta, ordutik, inguruko lurraldeetara 100.000 tona eroaten ari dira urtean. Beste herrialdeekin mendekotasun hori txikitzeko, Eusko Jaurlaritzak hondakindegi batzuk handitzeko eta beste batzuk berriz irekitzeko asmoa du. Bizkaian daude gehienak: Igorre, Lemoa eta Mallabikoak handituko dituzte, eta Artxandan, Bilboko Udal Zabortegi zaharraren zati bat berriz zabalduko dute, eremua handituta. Joan den astean eman zuen horren berri Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak. Albisteak kezka sortu du udalerriotan, erabakia kasu askotan haien asmoen aurka doalako eta informazioa falta dutelako.
Igorre, Lemoa eta Mallabiko alkateek esan dute hedabideen bidez izan dutela euren herrietan Jaurlaritzak egin nahi duenaren berri, eta informazioa eskatu diote gobernuari. Esan dute ezin dutela iritzirik eman hori jaso eta aztertu arte. Lemoa eta Igorreko alkateek ohartarazi dute euren hirigintza planetan ez dagoela jasota zabortegiok handitzea. “Arduratzen gaitu Tapia legea [EAEko Ingurumen Administrazioaren Legea] gure araudien gainetik pasatuko dela”, adierazi du Igorreko alkate Illart Gumuziok.
Bilbon, “harridura eta haserrea” sortu ditu albisteak Artxanda mendian metropolirako hiri parke bat sortzearen aldeko Artxanda Parke Bai plataformako kideen artean. 66.700 metro koadro izango ditu parkeak, eta proiektua onartuta dauka Bilboko Udalak. “Urte bi daramagu lanean parkea lortzeko, Artxanda biziberritzeko, eta ez Jaurlaritza, ez diputazioa, ez udala, ez dira gurekin harremanetan jarri Artxandaren etorkizunari buruzko informazio gardena eman eta eztabaida zabal bat egiteko”, salatu du Miren Basaldua plataformako kideak. Ekologistak Martxan taldeak eta inguruan bizi diren Bilboko eta Sondikako herritarrak daude plataforman.
Bilboko Udalak ez du adierazpenik egin; Bizkaiko Hitza saiatu da harekin harremanetan jartzen, baina ez du erantzunik jaso. Artxanda Parke Bai plataformak bereziki salatu du Bilboko Udalaren isiltasuna: “Gasteizkoa edo eragindako beste udalerri batzuetakoak ez bezala, Bilboko Udala Jaurlaritzaren erabakietara makurtu da, herritarren sentimendua asebeteko luketen hirigintza arauak aurretik jarri gabe eta bere plan eta helburuak bete gabe”.
Zer egingo dute Artxandan?
Bizkaiko lau zabortegion artean, Artxandakoa litzateke handiena, hara joango baitira urtean 1,2 milioi tona industria hondakin. Berriz auzoan dago, Sondikarekin muga egiten duela. 2030era arte egongo litzateke zabalik. Orain, lehenengo, egonkortu eta irazgaitz bihurtu behar dute, besteak beste. Eta garbitu: 1989tik dakite lindanoa dagoela zabortegi horretan eta inguruko beste bitan. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2024an hasiko litzateke hondakinak jasotzen; 2026ra arte, urtean 250.000 tona jasoko lituzke; 2027tik 2030era, berriz, 150.000, urtero horiek ere. Kudeaketa publiko-pribatua izango da, Jaurlaritza enpresa kudeatzailearen akziodun bihurtuta.
Zelan dago gaur egun?
Iaz hasi ziren lindanoa kentzen Artxandan. “Esan zuten hamasei tona kendu zirela azaleko geruzatik. Baina azpian askoz gehiago topatu zuten. Artxandan leku askotan dago lindanoa. Ez dakigu zer dagoen, zenbat garbitu den, zer falta den…”, azaldu du Basaldua plataformako kideak. Kezka agertu du, lixibiatuen bidez lindano hori Txorierri aldean Asua errekara eta Bilbo aldean Ibaizabalera filtratzen delako. Tapia kontseilariak esan du behin zabortegi horiek zarratzean hurrengo 30 urteetan jarraipen “zorrotza” egingo dietela ingurumen aldetik, zona berreskuratzeko: lixibiatuak aztertuko dituzte, inguruko uraren kalitatea ere bai, eta metanoa jasoko da isuriak saihesteko; lehengoratutako gune horietan eguzki plakak ipiniko dira, energia sortzeko.
Basalduak kontatu duenez, 2018an Bidezain S.L. enpresak Artxandako zabortegia berrerabiltzeko baimena eskatu zuen. Enpresa hori ibili da lindanoa kentzen. Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak esan dute Bidezain arduratuko dela garbitzen bukatzeaz, zabortegia berriro martxan jarri ahal izateko. Aurten Berriz Recycling enpresak eskatu du zabortegia zabaltzeko baimena. “Enpresa hauen bien ugazaba pertsona bera da: German Ormaza”, zehaztu du Basalduak. Haren esanetan, Berriz Recycling-ek baimena eskatu du hondakin ez-arriskutsuentzako zabortegia, eta eraikuntza eta eraiste lanetako hondakinen biltegia egiteko Artxandan.
Plataformako kidearen arabera, hasieran Eusko Jaurlaritzak esan zion enpresari ingurumen baimen bateratua behar duela. Aurretik Bilboko Udalak jarduera hori hirigintza planarekin bateragarria dela baieztatu behar zion, txosten baten bidez. “Badirudi udalak txostena egin duela, baina orain Tapiak esan du zabortegia ‘berriz irekiko’ dela; hau da, ez da jarduera berri bat izango, lehengoa berriz martxan jartzea baizik. Beraz, ez luke ingurumen baimen bateraturik beharko. Ez dago argi, eta horrek kezkatzen gaitu”. Jaurlaritzak esan du ingurumen baimen berria beharko duela. Duela hilabete batzuk hasi ziren inguruan zundatze lanak egiten, hamabost eta hogei metro arteko sakoneran dagoen lurra aztertzeko.
Zer asmo dago beste zabortegietan?
Mallabiko Beteartek eta Lemoako Bistibietak 200.000na tona jasoko dituzte zabalik egongo diren urteetan: 2024an eta 2027an zarratuko dira, hurrenez hurren. Fibrozementua jasotzen jarraituko dute biek, eta bietan eremua handitzeko aukera zabalik utzi du Jaurlaritzak. Jabetza pribatukoak dira biak, baina kasu hauetan gobernua ez da sartuko kudeaketan. Biek ingurumen baimen bateratua egokitu beharko dute.
Igorrekoa lur publikoan dago, baina enpresa pribatu batek kudeatzen du. Jaurlaritza kudeaketan sartuko da aurrerantzean, akziodun bihurtuta. Ingurumen baimen bateratu berria beharko du Igorrekoak ere. Besteek ez bezala, hango zabortegiak zabalik jarraituko du 2030a pasatuta ere; Zallakoa eta Igorrekoa izango dira zarratuko ez dituzten bakarrak Bizkaian. Artxanda, Igorre eta Lemoako zabortegiek amiantoa ere jasoko dute, horretarako egokitutako gelaxketan.
2030etik aurrera, zer?
Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2030erako industria hondakinak %15era gutxitzea da asmoa. Artxandako Parke Bai plataformak zalantzan jarri du helburu hori. “Badakigu zabortegiak ezin direla egun batetik bestera desagertu. Baina bien bitartean plan bat behar da, eta ez dugu horren aldeko apustua argi ikusten”, esan du Basalduak. 2020an hainbat neurri hartu ziren. Besteak beste, eraiste lanetako, eraikuntzako eta altzairutegietako hondakinak zabortegietara eroatea debekatu zen; ordutik birziklatze plantetara eroan behar dituzte. Datozen urtean beste horrenbeste gertatuko da plastikoarekin. Basalduaren esanetan, neurri hori ez da nahikoa; uste du enpresak behartu egin behar direla ekoizpen lekuan bertan hondakinak berreskuratzen, berrerabiltzen eta birziklatzen. “Soilik horrela lortuko genuke horrelako makrozabortegien beharrik ez izatea”. Material birziklagarrien erabilera sustatu beharko litzatekeela ere adierazi du talde ekologistako kideak.
Horrez gainera, bada isurien gaineko tasa ere. Espainiako Gobernuak ezarri du, eta Urteberri egunean sartuko da indarrean. Artxanda Parke Bai plataformak salatu du halako tasa bat 2020an iragarri zuela Arantxa Tapiak, eta oraindik ezartzeko egon dela. Zabortegira isuri edo erretzen den hondakin ez-arriskutsu tonako hamar euro ordaindu beharko dira datorren urtetik aurrera. 2025erako tasa hori hogei eurora igotzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Gainera, beste tasa bat sortzea ere aipatu dute, baina ez dute xehetasunik eman. Basalduak balekotzat jo du tasa martxan jartzea, baina iruditzen zaio hamar euro ez direla nahikoa enpresak hondakinak gutxitzera behartzeko, eta, gainera, ohartarazi du bestelako neurriekin indartu ezean ez duela arazoa berez konponduko.