Pello A. Zuazo
Kultura kalera ateratzen hasi ginela jada badira hemeretzi urte”. Eta aurtengoarekin jada badira hamasei urte Elorrion udan Musikaire jaialdia antolatzen dutela. Erraz esaten da, baina Euskal Herrian ez dira asko izango horrenbesteko jarraitutasuna duten kultur jaialdiak. Aitor Iriarte da programazioaren arduraduna, eta, azaldu duenez, hastapen haietan Elorrio Klasikoa zuen izena jaialdiak. “Formatu txikiko kontzertuak ziren, ermitetan eta Elorrioko bestelako lekuetan, eta gainezka egin zigun. Sekulako arrakasta izan zuen. Eta erabaki genuen herriko beste bazter batzuetara zabaltzea festibala”.
Horrela bada, kokaleku berrien bila hasi ziren. Eta, horrekin batera, baita kontzertu handiagoen bila ere. “Herriko jauregiak, elizpea, plaza eta abar erabiltzea otu zitzaigun. Elorrioko herria monumentu historiko eta artistiko gisa izendatuta dago, eta jauregiz eta zoko ederrez beteta dago. Hori baliatu genuen, eta gaur egun duen itxura eta izena hartu zuen jaialdiak”. Kultura, historia eta arkitektura, dena kolpe bakarrean. “Inguru zoragarrietan egiten ditugu ikuskizunak, edozein plazatan edo karpatan egin beharrean”.
Ikuskizun eta kokaleku horiek arreta handiz aukeratzen dituzte. “Jakinda zein talde edo musikari datorren, edo talde horren formatua zein den, ondoen datorkion lekua aukeratzen dugu. Jauregi batean ezin da burrunbara itzela egin; beraz, musika afrikarraren eta jazzaren alde egin ohi dugu. Plazarako, berriz, gauza informalagoak eta animatuagoak ekartzen ditugu, eta publiko zabalago batentzat”. Hortaz, formatu “akustikoagoak” izango dira Lariz eta Tola jauregietan, eta “elektrikoagoak” Gernikako Arbola plazan eta Sortzez Garbiaren elizaren arkupean. Casa Jara jauregia, berriz, mikroantzerkiak egiteko erabiliko dute. “Tola jauregia hasiera-hasieratik erabili izan dugu. Gerora, Lariz jauregiak ere baiezkoa eman zigun; Opus Deirena da. Casa Jara jauregian gaur egun ez da inor bizi, eta gauza txikiak egiteko gela politak ditu”.
Iriartek adierazi duenez, lehen, Argiñetako nekropolian ere egiten zituzten ikuskizunak, baina, duela hiru urte, aztarnak topatu zituzten, eta indusketak egiten dihardute. Dena den, Argiñeta ingurua oso leku interesgarria iruditzen zaio Iriarteri: “Datorren urtetik aurrera, esparrua egokitzen dutenean, baliteke han ere zerbait antolatzea, lehen egiten genuen bezala. Proposamenen eta ikuskizunen formatuen arabera, leku berriak bilatu daitezke, nola ez”.
Kultura, ohitura
Kokalekuen bitxitasuna dela eta, hango eta hemengo artistak liluratuta gelditzen dira herria eta igoko diren oholtza ezagutzen dituztenean. “Ospe handiko artistak dira, leku batetik bestera dabiltzanak, jaialdi erraldoietan, karpa erraldoietan, lautada erraldoietan… eta, hau ikusten dutenean, hain gauza berezia, poztu egiten dira”. Eta ez artistak bakarrik; publikoak ere asko eskertzen du hori. Iriarteren esanetan, horrelako “paraje” batean, belardian eserita eta giro epelarekin, ikuskizuna beste modu batera gozatzen da.
“Hasierako urteetan, jendea lorategiak eta jauregiak ezagutzera etortzen zen, kontzertuak ikustera baino gehiago. Jada, hainbeste urteren ostean, normalizatuago dago kontua”. Izan ere, jauregiak itxita egoten dira urte guztian, eta, hortaz, haiek bisitatzeko ere aukera paregabea ematen du Musikairek. “Horrelako jaialdi bat egiteko, Elorrio bezalako herri bat behar duzu. Hainbeste jauregi, lorategi, kale… oso erosoa da; dena oso gertu daukazu, oso eskura, eta oso atsegina da”.
Kontzertu eskaintza plurala izan ohi da, estilo aldetik askotarikoa. Diru publikoarekin antolatutako jaialdia izanik, saiatzen dira publiko guztiari egokitutako proposamenak eramaten. “Eskaintza oparoa da: reggaea, jazza, flamenkoa, popa, rocka… Askok ez dakite zer ekarriko dugun, eta gero esango dute ea gustatu zaien ala ez. Gazteek eta adinekoek. Hori aberasgarria da”.
Atzerriko taldeak eta Euskal Herrikoak tartekatzen dituzte, bertakoari ere balioa emateko asmoz. “Musikariak kanpotarrak direnez, sarri ematen du aura berezi bat daukatela, baina hemen ere kalitatezko musikariak daude”. Izaki Gardenak, Audience eta The Romanticos taldeak izango dira aurtengo euskal taldeak.
Uztailean, ostiral, larunbat eta igande guztietan emanaldiak egingo dituzte; orotara, hamar kontzertu, bi dantza ikuskizun, zirku antzerkia, mikro antzerkia eta argazki erakusketa. Hemeretzi urteren ostean festibalaren norabidea zein den argi eta garbi dauka Iriartek:”Gure helburua beti izan da kultura ohitura bihurtzea, eta ez gauza puntual bat. Musikairek egunero ziztada kultural bat ematen dio herriari. Eta, gainera, arte eszenikoei dagozkien arlo guztiak jorratzen ahalegintzen gara”.