Ahalduntzeko babeslekua

Ahalduntzeko babeslekua

Olatz Enzunza Mallona

Kaleak izaten dira sarritan emakumeen topaleku. Baina “gune seguruak” ere behar dituztela defendatu izan dute maiz: konfiantzazko eremu bat sortu, eta izaera eta mota askotako emakumeak elkartzeko, saretzeko edota hausnartzeko gune bat edukitzea. Babeserako tokiak izatea da, finean, emakumeen etxeen helburua, eta, azkenaldian, etengabeko goraldian daude Bizkaian: hainbat dira horretarako espazioak eskainiko dizkien etxeak sortzen ari diren herriak. Horietatik berriena, Arrigorriagako Lamiaena espazioa da. Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateko lehenengo emakumeen etxea izango da, eta urriaren 18an zabalduko ditu ateak.

Zehazki, joan den urtean abiatu zuten prozesua Arrigorriagan. Herriko kultur etxe zaharra aukeratu zuten emakumeen etxe bilakatzeko espazio gisa, eta apirilaren 1ean egin zuten lehenengo asanblada irekia, udalerriko eragile feministekin batera. 50 emakume inguruk parte hartu zuten, eta, eraikinetik bisita bat egin ostean, espazioa irudikatzen hasteko “hausnarketa dinamikak” martxan jarri zituzten.

Haren ondotik, beste bi asanblada parte hartzaile egin zituzten, eta, pixkanaka, emakumeen etxeari forma ematen hasi ziren. Ainhoa Villanueva Arrigorriagako Udaleko Berdintasun teknikariaren arabera, “ehundik gora” emakume aritu dira guztira Lamiaenaren sorkuntza prozesuan, eta denen ideiekin eta ekarpenekin lortu dute espazioa abian jartzea: “Zalantzarik gabe, auzolana izan da prozesu osoaren ardatza, eta elkarlanean eman ditugu aurrerapauso guztiak”.

Lamiaena izena bera ere “denen artean” erabaki dute: “Emakumeen etxearen izen posibleak eztabaidatu ostean, zerrenda bat osatu eta bozketa bat jarri genuen martxan herrian”. Lamiek mitologikoki izan duten garrantziagatik hautatu zuten gehienek izen hori, baina, Villanuevaren iritziz, badu lotura feminismoarekin ere: “Lamiak emakume ederrak baina maltzurrak ziren. Eta, sarritan, emakumeoi maltzurrak garela sinestarazten digute”.

Elkarrekin egoteko gunea

Herriko emakumeak elkarrekin egoteko espazio bat izatea da Lamiaenaren asmoa. Baina ez hori bakarrik. Arrigorriagan bizi diren emakumeen arteko sarea handitzeko helburua ere badu proiektuak: “Orain arte, ez zen horren erraza emakumeek euren artean harremana izatea. Asanbladei esker, belaunaldien arteko topagunea bilakatu da espazioa, babesgune bat izango da, eta aniztasun horrek elkarrekin ikasteko eta sortzeko aukera emango digu”.

Udalerriko ahalik eta emakume gehien elkartu nahi dute, herriaren “aniztasun guztia” jasotzeko: “Edozein emakume etor daiteke eraikinera; bakoitzaren beharrak eta nahiak ezagutu nahi ditugu”. Asanbladak irekiak izango dira, eta edonork izango du horietan parte hartzeko aukera, “kide izan ez arren”.

Urritik ekainera bitarteko egitaraua prest dute dagoeneko: “Eraikinean bertan egongo da urte osoko programazioa ikusgai, eta herritarren etxeetara ere bidaliko dugu”. Dena den, plangintza finko horrez gainera, Villanuevak gogoratu du etxearen erabiltzaileek “une oro” izango dutela aukera ekintza berriak proposatzeko: “Ez da egitarau itxia izango, moldatu daiteke, eta beti egongo da proposamen berriak jasotzeko aukera”.

Lamiaena

Askotariko erabilera

Espazioa bera hainbat eremutan egongo da banatuta. “Erabilera anitzeko espazioa izango da”, gaineratu du Berdintasun teknikariak. Beheko solairuan komunak eta haurtzaindegia egongo dira, eta bigarren solairutik gora egongo da emakumeen etxea bera. Besteak beste, ikus-entzunezkoetarako gela bat, bilera gela bat, eta Amarauna deituriko liburutegi eta bulego gisa funtzionatuko duen gune bat egongo dira bertan. Goian, berriz, Sorgin gorrien ganbaran, askotariko tailerrak egiteko espazio zabala egongo da, baita erabilera anitzeko gela bi ere.

Espazio horiek guztiak antolatzeko eta kudeatzeko dinamizatzaile bat kontratatzea aurreikusten dute Lamiaenako partaideek. Langile hori Lanbideren bidez kontratatuko dute, eta asmoa da lanean “ahalik eta arinen” hastea. Udaleko Berdintasun Sailaren eta Lamiaenako erabiltzaileen arteko “zubi lana” egiteaz arduratuko da dinamizatzailea. Era berean, emakumeen etxearen funtzionamendua ere bere ardura izango da.

Astelehenetik ostiralera, arratsaldero egongo da zabalik Arrigorriagako emakumeen etxea, baita hilero larunbat goiz batean ere. “Denborak aurrera egin ahala, espazioa bizitza propioa hartuz joango da; baina hastea zen garrantzitsuena, martxa hartzea; gero joango gara apurka osatuz”, azpimarratu du Villanuevak.