Ibai Maruri Bilbao
Martitzenean ospatu zen Begoñako Amaren jaia. Bizkaiko zaindariak sei bat leku izen ditu Bilboko kale izendegian. Beste hainbat izenekin ere omendu dute Nazareteko Maria hiriburuko plaza, parke edo kaleen izenetan: Pilareko Andre Maria, Sortzez Garbia, Mariaren Bihotza, Pinudiko Andre Maria, Jasokundeko Andre Maria, Arrosarioko Andre Maria… Eliza katolikoak santu izendatutako beste emakume batzuek ere jaso dute antzeko aitortza. Bilbok dituen 2.738 izen publikoetatik 132k dute “andre izena”, Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu berri duen webgunearen arabera. Ageri denez, horien artean erlijioarekin lotura dutenak nabarmentzen dira.
Berez, andre bati edo andre talde bati eskainitakoak 33 baino ez dira Bilbon. Badago Emakumeen Azaroaren 25eko plaza ere, egun bati dagokiona. Lan, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak sortutako mapa interaktiboaren arabera, herrialde historikoan toki publikoen artean %4,6 dira andre izena dutenak. Baina, Bilboko kasuak erakusten duen legez, haiek egindako kontaketa hori ez da zuzena. Erlijioari lotutakoez gain, mapan jasotakoen artean badaude mitologiako pertsonaien izenak dituzten tokiak: berbarako, Bermeon, Xixili laminaren eskultura, eta, Bilbon, Euterpe musikaren musarena. Baita emakume izen legez erabiltzen izenak ere: Gernika-Lumon, Amaiur kalea; Getxon, Usoa kalea; Leioan, Amaia etorbidea. Baina ez dira andre bati eskainiak. Herri askotan eta askotan ageri den izen bakarra Ama Birjinari edo santuren bati eskainitako elizari edo ermitari dagokiona da. Beraz, diputazioak emandako portzentaje hori puztuta dago.
Teresa Laespada Lan, Gizarteratze eta Berdintasun foru diputatuak esan duenez, zerbait aldatzeko, lehenik ezagutu egin behar da: “Erakutsi nahi dugu emakumeen presentzia zenbateraino den desorekatua botere sinbolikoko eremuetan, hala nola gure kale izendegian”. Haren esanetan, “berdintasun eta eskubide kontua” da espazio publikoan andreen presentzia izenekin ere bermatzea. “Baita etorkizuneko apustua ere, emakumezkoen erreferenteek gizonezkoenek bezalako presentzia eta protagonismoa izan dezaten”.
Azken urteetan, hainbat udal pausoak ematen hasi dira. Hiriburuan, kale berriei andre baten izena ipintzen diete, eta, gainera, udal ordezkariak joaten dira seinalea inauguratzera. Durangok 2015ean toki publiko batek euren izena izatea merezi dezaketen andreen zerrenda osatu zuen, sortuko liratekeen kale berriei haien izenak jartzeko: Maria San Juan Garandona sorginkeria egotzita hildakoa, Pilar Zubiaurre kultur sortzailea, Julene Azpeitia Gomez irakasle eta idazlea, Aurora Abasolo sopranoa… Hamar izen dira. Galdakaon ere antzeko prozesua dute martxan. Baina kale berriak izaten dira; beraz, gehienetan, erdigunetik kanpo daude.
Casilda Iturrizar
Bilbon bada deigarria den beste kontu bat: 33 leku izen horietatik lau Casilda Iturrizar filantropoari eskainita daude, baina soilik erdiek dute haren izena. Beste biak Epaltzaren alargunari egindako aitortzak dira. Iturrizarren senarra Bilboko Bankuaren sortzaile Tomas Epaltza izan zen. Eskola bati eta kale bati Epaltzaren alarguna izena jartzean, senarra zena goretsi zuten, eta, bide batez, Iturrizar Epaltzaren itzalpean jarri.
Bizkaiko kale izendegian askotan agertzen diren emakumeetako bat da Dolores Ibarruri Pasionaria buruzagi komunista. Sorterrian, Abanton, bost tokik dute andre izena, eta horietatik lauk, Ibarrurirena. Bestea Pilar Albin maistrari eskainitako plaza da: San Fuentes auzoko eskolako andereñoa izan zen. Ohikoa izaten da maistrei toki izena eskaintzea. Berbarako, Arrigorriagako kultur etxeak Edurne Garitazelaiaren omenez du izena: herrian euskara eskolak eman zituen lehen andrea izan zen. Barakaldon, XIX. mendean Retuertoko nesken eskolan maistra izandako Francisca Egiluzek ere kalea du. Santurtzin, Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian herrian maistra izandako Emilia Zuzaren izena du hark lan egin zuen eskolak. Urdulizen, izena eman dieten azken bi kaleek ere Luisa Leivar eta Eusebia Felisa Askorbereta maistrena dute.
Ogibideak
Emaginek ere merezi izaten dute tokia izendegian. Manuela Egigurenek kalea du Basaurin. Elvira Iñurrietari, berriz, aldapa bat eskaini diote Elorrion. Bi horiek izaten dira aitortza merezi dutela uste izaten den andre gehienen ogibideak. Emakumeen lanbide tradizionalek ere badute tokirik: berbarako, zirgarienak Bilbon, sardina saltzaileenak Santurtzin, arrain saltzaileenak Bermeon eta esne saltzaileenak Erandion.
Hala ere, tarteka, badira bestelako ofizioak dituzten emakumeak: Joane Somarriba txirrindulariak kalea du Sopelan, adibidez. Alde horretatik, Bilbon du aniztasun handiena izendegiak: Angela Arregi moda diseinatzaileak plaza bat du, Otxarkoagan; Eulalia Abaitua argazkilariak, kalea, Txurdinagan; Alazne Lopez Agirre dantzariak, lorategia, Zorrotzan; Estibaliz Robles-Arangiz Estitxu abeslariak, pasealekua, Zabalgunean; eta Yolanda Gonzalez eskuin muturrak Madrilen hildako ekintzaile komunistak, plazatxoa, Zorrotzaurreko uhartean.