Antena aldatu zigutenetik, bospasei kate baino ez ditugu ikusten ondo, beste zenbait txarto, eta dezente dira ez ditugunak ikusten. Azken horien artean, ETBren kate guztiak. Ez da desgrazia handiegia, baina, Aste Santuko egun gatzipakoetan, poz berezia ematen dit Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliak, eta hori txoritxoaren katean ematen dute hain zuzen, nik ikusten ez dudan horretan. Kalera jaitsi, beraz, eta ziklismo-dosia emango didan tabernara abiatzen naiz, Somerara. Ez dut etapa guztietan egiten, interesgarrienetan baizik, eta azkena, larunbatekoa, interesgarria da, bertan erabakiko delako guztia, Oñatiko erlojuaren kontrakoan.
Baina joan naiz, eta taberna itxita. Badaezpada, Herriko Tabernara hurbildu naiz. Itxita hori ere. Plaza Barrian badago beste taberna bat, ziklismoa izaten duena telebistan. Baina, horreur: pertsiana jaitsita. Tronpeten erritmopean, prozesio bat pasatu da nire ondotik, eta iruditu zait kaputxadunak barreka ari zaizkidala. Arineketan, Jardines kaleko tabernetarantz joan naiz. Zabalik daude, baina batean futbola, bestean Viajar katea, eta beste bitan pelikulak dituzte. Santa Maria kaleko taberna guztiak, berriz, itxita. Schalke 04 taldearen jarraitzaile batzuekin gurutzatu naiz kalean; zerbait zabalik aurkitu nahian zebiltzan, ferragosto iberiar hau madarikatuz, eta laguntza eske begiratu didate, baina Txakur kalerantz egin dut ihes, hango tabernen esperantzan. Ez Kalderapeko, ez Egiluz, ez Txakurto, ez batean ez bestean, inon ez dute ziklismorik telebistan. Saibigainen film melodramatiko bat, Iñakiren taberna itxita, Txomin Barullon kanal txororen bat, Santiago plazako kebabean Al Jazeerako albisteak. Zazpikaleetan barrena hiruzpalau kilometro egin ostean, berriro bueltatu naiz Somerara: nire tabernak itxita segitzen du, eta K2n 1 Formulako karrera bat dago jarrita; Jaunak, Nekane, Madariaga, denetan kale. Degustazio batean sartu eta, desesperatuta, barrako andreari esan diot mesedez jartzeko ETB1. Mespretxuz begiratu ostean, burua jiratu du telebistarantz, karolina bat jaten duen bitartean; bazkalosteko pelikula txatxu horietako bat dauka jarrita andre maltzurrak. Ingurura begiratu dut: dena itxita. Eta argia piztu zait: Batzokian izango dute ETB1 jarrita. Samuel Sanchezek jokoan du lasterketa, ziur jeltzale guztiak daudela asturiarra animatzen. Eta joan naiz, baina Teledeporte zuten jarrita, patinaje artistikoa.
Bueltaka segitu dut arratsalde osoan, alferrik. Banekien lasterketa amaitua zela ordurako, baina ez dut etsi. Handik bi ordura, berriro pasatu naiz Batzoki aurretik. Teledeporten Euskal Herriko Itzulia ematen ari ziren diferituan, eta bezeroak adi begira, Samuel animatzen, braboka, oihuka, saltoka, ikusten ari ziren hura aspaldi gertatu zela konturatu gabe. Nik begiratu ere ez dut egin: etxera bueltatu eta ohera sartu naiz, hurrengo eguneko egunkariaren zain.