Ibai Maruri Bilbao
Hirua zenbaki berezia da saskibaloian, eta hala izan da Bidaideak Bilboko gurpil gaineko saskibaloi taldearentzat. Hirugarren saiakeran lortu dute Espainiako Kopa irabaztea, eta garaipen horrekin hiru txapelketa nagusiak eskuratzea lortu dute: 2019an Europako Txapelketa, 2021ean Espainiako Liga, eta domekan Espainiako Kopa, ACE Gran Canariari irabazita (72-67). Gainera, hiru aldiz lortu behar dute Kopa garaikurrarekin geratu ahal izateko. Txema Alonso Bidaideak klubeko presidentearen esanetan, hori lortzea dute orain erronka. Martitzenean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak harrera egin zien udaletxean.
Alonsok aitortu du denboraldi hasiera ez zela samurra izan, “ezegonkor” abiatu zutela: “Gurearen gisako taldeek interesa sortzen dute merkatuan, eta berehala hasi ginen guretzat funtsezkoak ziren jokalari batzuk galtzen. Partida batzuetara bakarrik sei jokalari genituela joan izan gara”. Hamabi jokalarietatik bost galdu zituzten. Apurka-apurka taldea orekatzea lortu zuten. “Gure jokalariak burdinazkoak dira. Sekulako maitasuna diote klubari, eta etengabe hobetzeko irrika dute”. Umorea erabilita, Alonsok urte hasieran Aburto eta biak egondako sari banaketa batean ipini du denboraldi honetako mugarria: titulua. “Irabaztera irteteko esan zenigun, eta guretzat zure esanak aginduak dira, udalaren ordenantza bat izango balira bezala”. Hitzeman du alkateak aginduz gero garaikurra etxean geratu ahal izateko behar dituzten Espainiako beste bi Kopak ere irabaziko dituztela.
Bidean talde indartsuak garaituz, finalerainoko bidea egin zuten. Esaterako, Ilunioni nagusitu zitzaion Bidaideak —final laurdenetan hemeretzi aldiz irabazi du Kopa talde horrek—. Finalaurrekoetan, Ligako txapeldunorde Mideba Extramadura garaitu zuen. “Jokalariotako askok urte mordoa daramagu Bideideak-en, eta gurea dela sentitzen dugu. Ez gaude hemen diruagatik. Hori da gure sekretua”, esan du David Mouriz Bidaideak taldeko hegaleko jokalariak; domekako garaipenean zeresan handia izan zuen.
Zoriontzeaz gain, Aburtok eskerrak ere eman dizkie, eredu direlako: “Zuen arerioen errespetua lortu duzue, eta bilbotarron errespetua eta miresmena, helburuak lortzeko lan egin behar dela irakatsi diguzuelako”.
Babesle bila
Alonsok aukera aprobetxatu du taldearentzat babesa eskatzeko. Baina eskaera ez zion alkateari zuzendu: “Bizkaiko enpresen ehuna oso sendoa da, herrialdearen ikurra. Haien izenak ere ederto agertuko lirateke hemen”, esan zuen taldearen izenari aipamen eginda. Kopa Jose Angel Iribar Athleticeko atezain historikoari eskaini zion, eskatu diotenetan babestu dituelako.