Ibai Maruri Bilbao
Gaur egun, oraindik ere, Barakaldo industriarekin lotzen den hiri bat da. Baina udalerriko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko Zentroko Iratxe Gandariasek esan du beste arlo asko dituela erakusteko eta nabarmentzeko. Horretan egiten dute ahalegina eurenean. CIHMA gaztelaniazko siglekin batera, Luis Choya Almaraz ere zentroaren izenaren parte da. Barakaldoko Udaleko Hezkuntza teknikaria izan zen proiektua martxan jarri zuena. “Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoekin hasi zen, eta gero DBHko lehen mailakoetara zabaldu zuen. Hasieran udalaren hezkuntza programa izan zena gaur egungo interpretazio zentro bihurtu da”. 23 urte igaro dira ordutik. Errekatxoko eskola zaharraren eraikinean dute egoitza. Gaur egun, Barakaldo ezagutu gura duten barakaldarren eta bizkaitarren bisitak jasotzen dituzte.
Solairu bi ditu. Behekoan aldi baterako erakusketak antolatzen dituzte, eta lehenengoan iraunkorra dute. Bigarren hori egokitzen ari dira orain, eta ekainerako prest izango dutela esan du Gandariasek. “Barakaldok hainbat esparrutan izan duen bilakaera kontatzen dugu: lehen dokumentuak, Erdi Aroko herria, industrializazio garaia, aurrea eta ondorena, eta baita gaur egungoa ere”. Horretarako, ikus-entzunezkoak, panelak, agiriak eta maketak erabiltzen dituzte, besteak beste. Hiru elementu azpimarratu ditu. Palacios izeneko baserriaren maketa da bat: Juan Castaños Beistegi Espainiako itsas armadako almirantearen sortetxea izan zen; 55 urte bete zituenetik hil zen arte, han bizi izan zen, gainera. “Halako baserri ederrek zer elementu dituzten ezagutzeko balio du maketak. Gainera, eskoletako umeei desmuntatzen uzten diegu”.
Burtzeñako Mesedetako ordenaren komentuko erreten zati bat ere ikusgai dago. XV. mendean sortu zuen Fernan Perez Aiarakoa Aiarako jaunak. Gaur egun eliza txiki bat da zutik dirauen bakarra. Baina Gandariasek esan du bere garaian botere gune oso garrantzitsua izan zela.
Nabarmendu duen hirugarren elementua Sefanitro fabrikaren maketa da. “Zelakoa izan zen ezagutzeko dugun aukera bakarra argazki zaharra eta maketa hau ikustea da. Hemen ikus daiteke zer egiten zuten langileek. Hura egon zen lekuan orube hutsa dago gaur egun. Geratzen den bakarra itsasadarrean dagoen zamatokia da”.
Beheko soiairuko aldi baterako erakusketetan Ezkerraldearekin lotutako gaiak lantzen dituzte. Orain Memoria izeneko bat dute, Rafa Canterarena. Metalgintzako langile ohia da. Pablo Picassoren Gernika koadroa eta langileen borroka erabili ditu abiapuntu. Ikusgai dauden koadro eta eskulturak txapaz egin eta azidoz tratatu dira, testura desberdinak topatu nahian. Ekainaren 13ra arte egongo da ikusgai.
Aurretik, ekainaren 4an, Gerezien jaia ospatuko dute. 1960an gereziondo piloa landatu ziren auzoan. Industrializazioaren ondorioz, auzokide asko herrigunera joan ziren lanera, eta landako lana bertan behera utzi zuten. Gereziondo asko galdu dira, baina oraindik ere badaude, eta orain da haiek loratuta ikusteko garaia. “Oso fama ona zuten. Iratzez batzen ziren, eta astoz eroaten ziren Bilbora gozotegietara; gingak egiteko, esaterako”.
Barakaldon barrena
Horrez, gainera, bestelako altxorra ere baditu Barakaldok ezkutatua, eta horiek erakusteko bisita gidatuak antolatzen dituzte urte osoan, gaika antolatuta: historia, ondarea, meatzaritza, ingurumena, zamatokiak, arkitektura eta Ramon Rubial lorategi botanikoa ezagutzekoa. Errakatxon bertan, berbarako, burdinola asko egoten zirela esan du Gandariasek. Gaur egun Urdandegietakoaren aztarnak baino ez daude ikusteko moduan, eta hara joaten dira. Santa Agedara ere bai, Erdi Aroko kaltzada ezagutzera.
Orain, maiatzean, Errekatxoko meatze ustiategietara joango dira etzi eta hilaren 22an. Ekainean, berriz, Santa Agedako eta Larrazabalgo auzo eskolak bisitatuko dituzte, besteak beste. Uztailean, inguruko aberastasun naturala ezagutzeko aukera egongo da. Horietan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik.