Bertsoak saretuko ditu andreak

Bertsoak saretuko ditu andreak

Olatz Enzunza Mallona

“Elkar ezagutzea, harremanak sortzea, konfiantza hartzea, gozatzea…”. Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan, helburu horiek guztiak izango ditu Bizkaiko bertso munduko emakumeen lehen topaketak. “Azken finean, bertsoaren inguruan dabiltzan emakumeak batzea eta saretzea lortu nahi dugu”, gehitu du. Maiatzaren 22an egingo dute lehenengoz lurraldeko emakumeen bertso topaketa, Markina-Xemeinen, eta izena emateko epea zabalik dago jadanik.

Joan den martxoan egin zuten aurreneko batzar irekia, eta bertan finkatu zituzten topaketaren lehenengo oinarriak. “Hasieran, Bizkaiko bertso munduko emakumeen artean dauden gabeziak identifikatu genituen, eta, hori egin ostean, helburu jakin batzuk finkatu genituen”, kontatu du Janire Arrizabalaga bertsolari eta antolaketa lanetan dabilen kideak. Bertsolariez gainera, bertsoaren inguruan dabiltzan emakumeak batu nahi ditu topaketak. Besteak beste, gai jartzaileak, bertsozaleak, bertso eskoletako ikasleak, epaileak edota antolatzaileak. “Mundu honi lotuta dagoen edozein emakumek eman dezake izena”.

Saretzeaz gainera, lehendakariak dio gozamena izango dela lehenengo bertso topaketaren helburu nagusia: “Laguntasun giro bat sortu nahi dugu, elkarrekin momentu on bat igaro eta elkar ezagutu. Aurrerago etorriko da horren beharrezkoak diren bestelako gogoetak eta hausnarketak egiteko garaia”. Arrizabalagaren hitzetan, “itxaropenez eta ilusioz” bizi dute prestakuntza prozesua, eta eguna noiz iritsiko zain daude.

Bizkaiko bertso eskoletako emakumeen arteko harremanak indartuz, plazara jauzi egiteko orduan “erosoago” sentituko direla uste du elkarteko lehendakari Olabarriak: “Saioak antolatzen direnean, emakume horiek euren lekua eginda izango dute, eta gusturago sentituko dira”. Eta hala, aurrera jarraitzeko konfiantza handiagoa ere izango dute: “Bizkaian maila ona dago, baina 16 urtetik aurrera, emakumeek konfiantza falta izaten dute, eta askok utzi egiten dute”.

Bizkaiko txapelketan izena emateko orduan ere nabaritu izan dute antolatzaileek gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldea, eta horri buelta ematea lortu nahi dute halako topaketen bitartez: “Emakumeok ere behar ditugu ondo pasatzeko eta gustura egoteko espazioak; beraz, zenbat eta parte hartzaileagoa eta askotarikoagoa, orduan eta aberatsagoa izango da”.

Arrizabalagak, kasurako, nabaritu izan du “babes falta hori” plazara jauzi egiteko orduan: “Bertso eskolan emakume gutxi gara, eta nolabaiteko beldur edo babes falta bat sentitu izan dut jendaurrean kantatzean”. Topaketak, baina, beldur horiek uxatzeko balioko duela uste du: “Beste emakume batzuk zure egoera berean daudela ikusteak aurrera jarraitzeko gogoa pitz dezake”.

Egun osoko egitaraua

Maiatzaren 22a iristeko hiru aste falta badira ere, egitaraua prest dute jadanik. Eguna poteo batekin abiatuko dute Markina-Xemeingo Plazabarripean, 12:30ean, eta, haren ondotik, bazkaria egingo dute.

Bazkalostean, berriz, bertso saio handi bat egingo dute. Besteak beste, bertsolari hauek ariko dira kantuan: Aissa Intxausti, Enare Muniategi, Iruri Altzerreka, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, Jone Uria, June Diaz, Maider Altuna, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita. Gai jartzaile lanetan Ainhoa Urien, Maddi Zabalo eta Maite Berriozabal.

Izena emateko aukera zabalik dago Bizkaiko Bertsozale elkarteko webgunean. Izena eman nahi duten horiek galdetegi labur bat bete beharko dute, eta topaketa baino astebete lehenagora arte egongo da apuntatzeko aukera. Horrez gainera, antolatzaileek jakinarazi dute bazkaria egunean bertan ordaindu beharko dela, 18 euroren truke.

Arrizabalagak nabarmendu du emakumeen topaketa gehiago egiteko asmoa daukatela aurrera begira: “Lehenengo topaketaren ondoren balorazio saio bat egingo dugu, eta, hala, bigarrena antolatzeari ekingo diogu”. Era berean, Olabarriak adierazi du eskualdez eskualde lekualdatuz joateko asmoa dutela ere urterik urtera: “Bizkai osoa hartu behar dugu”.