Iraganeko hari amaigabea

Iraganeko hari amaigabea

Olatz Enzunza Mallona

Artilea jaso, hari bihurtu eta hari horrekin ehundutako produktuak ekoitzi: horixe zen garai batean Balmasedako La Encartada lantegiaren funtzioa. XIX. mendean ohikoa zen burdingintza industriaren tradiziotik aldendu, eta ehungintza lantzeko ireki zuten, 1892an, Cadagua ibaiaren ertzean. Ehun urte egin zituen martxan, eta, mende bateko ibilbidearen ostean, 1992an itxi zuten. 2002an monumentu multzo izendatu zuten, eta handik bost urtera museo gisa zabaldu zuten, gizarteari ondare hori erakutsi ahal izateko.

Lantegia martxan egon zen bitartean, ekoizpen prozesu osoa egiten zuten La Encartadan bertan. “Ehungintza lantegi bat da, bere osotasunean”, esan du Ainara Martinez Matia fabrika museoko zuzendariak. Eta, hain zuzen, ezaugarri horrek egiten du berezi museoa: “Prozesu guztia fabrika berean egiten zen, hainbat lantegi batera egongo balira bezala”.

Bizkai osoan ezaguna zen ur saltoen indarra baliatzeko teknika erabiltzen zuten prozesu osoa martxan jarri ahal izateko: ur korronteei esker funtzionatzen zuten lantegiko makinek. Artilea zen lehengai nagusia, eta, gerora, manta, galtzerdi, bufanda edo txapel bilakatuta merkaturatzen zuten, besteak beste. “XIX. mendearen amaierako fabrika bateko giroa da nagusi museoan: usainak, zaratak, erabilitako teknologia…”, kontatu du Martinez Matia zuzendariak. Izan ere, ehun urteko ibilbidean ez zuten makina bat bera ere berritu: “Dena bere horretan dago”.

La Encartada museora egiten diren bisita guztiak gidatuak dira. Beheko solairuan piezak egiteko lantegi txiki bat dago, eta, haren alboan, areto bat. “Bisitaren hasieran, ikus-entzunezko bat ikusiko dute bisitariek. Hala, lekukotzen bitartez, fabrika martxan zegoeneko ideia bat egiteko aukera dute”.

Bigarren solairuan hasieratik amaierara arteko prozesu osoa ikusiko dute hara joaten direnek: “Artiletik hasi, eta makina guztiak banan-banan azalduko zaizkie bisitariei”. Horrez gainera, fabrikan antzina zegoen bulegoa ere ikus daiteke. Hirugarren eta azken solairuan, berriz, ugazabek lantegian bertan zuten etxebizitzaren erreprodukzioa dago: “Jabeak Bilbon bizi ziren, eta lantzean behin prozesua kontrolatzera etortzen ziren”.

Lantegian egindako produkturik ezagunena txapela bada ere, ez zen produktu hori soilik egiten. “La Encartada ez da txapel museo bat, lantegi oso bat da, eta, txapelaz gain, ehungintza alorreko hainbat produktu lantzen ziren”, argitu du Martinez Matiak.

'BOINAS_LA_ENCARTADA`MUSEOA

Berriro martxan

Egun, makina horiek eta aspaldiko lan egiteko moduak ezagutzeko aukera dute hara biltzen diren bisitariek. Baina, horrez gainera, tresna horietako bakoitza ostera martxan jartzen ere badabiltza pixkanaka: “Makinetako batzuk martxan daude dagoeneko, baina denak ez”. Besteak beste, batuarra, batana eta zentrifugatzailea. Aurrera begira, prozesu osoko makinak lanean erakusteko helburua dute. Hala ere, argi dute oraindik “lan asko” dagoela egiteko.

Fabrika museoko zuzendariaren hitzetan, Europa osoan dagoen molde horretako eredu bakarrenetako bat da Balmasedako La Encartada: “Fabrika bera da museoa; dena jatorrizko lekuan du. Jendeak ez du espero hemen dagoena topatzea. Euskal Herrian dugun altxor bat da”.