Javi West Larrañaga
Mende laurdena bete berri du Gernika KESB saskibaloi taldeak —2016tik, Lointek Gernika—. Bi talderen baturatik sortu zen kluba, 1996an, eta azken urteetan eskuratu du sona eta ospea. Orain, Bizkaiko saskibaloiaren eredurik adierazgarrienetako bat da egindako ibilbideagatik. 2011n igo zen Gernika Espainiako Ligako bigarren mailara, eta hiru urteren buruan lortu zuen lehenera igotzea, 2014an. Gaur egun, Espainiako lehen ligan dagoen Bizkaiko talde bakarra da, eta bi daude bigarrenean: Ausarta Barakaldo eta GDKO Ibaizabal. Azken taldea, baina, kategoriaz jaitsiko da aurten, dagoeneko ez daukalako salbatzeko adina puntu eskuratzeko aukerarik.
XX. mende amaiera hartatik, asko aldatu da emakumezkoen saskibaloiaren egoera Bizkaian. Ia amateurrak ziren horien lekuan profesionalak eta erdi-profesionalak agertu dira, eta baldintza hobeak lortu dituzte jokalariek eta lantalde teknikoek. Jokoan bertan ere, kanpoan adina aldaketa egon dira. Egungo saskibaloia orain dela hamar urtekoa baino “askoz fisikoagoa” eta “gogorragoa” dela uste du Mikel Reina Gernika-Lumoko taldearen komunikazio arduradunak. Ez dira aldaketa bakarrak. Jokoa arindu egin da. “Orain saskibaloian gero eta joko dinamikoagoa eta azkarragoa bilatzen da”, adierazi du Reinak. “Hiruko marrak asko aldatu du jokoa”.
Azken hamarkadan gertatu dira aldaketa gehienak. Diru gehiago sartu dute enpresek eta babesleek, eta erakundeak ere lan gehiago egiten ari dira sustatzeko. Exijentzia maila ere igoarazi du horrek, eta talde gehienek kanpoko jokalariak sartu dituzte. Ez dago gutxieneko kopururik, eta, esaterako, gaur egun gernikar bakarra daukate taldean. 2014an igo zirenean, berriz, erdiak baino gehiago gernikarrak ziren. Testuingurua eman nahi izan dio Reinak: “Ligako talde batzuetan ez dago harrobiko jokalaririk, eta beste batzuetan, eduki arren, ez dizkiete minutuak ematen. Alde horretatik oso harro gaude Martaren [Alberdi] kasuaz, erakutsi digulako kapaza dela”.
Bat dator Alberto Cea Ausarta Barakaldoren entrenatzailea. Hirugarren denboraldia du bere taldeak bigarren mailan, baina bertan ere nabaritu ditu haize berriak: “Ikusten ari gara talde gehienek kanpoko edo Espainiako beste edozein lekutako zazpi-zortzi jokalari izan behar ditugula lehiakorrak izan ahal izateko. Bestela, ez da bideragarria”. Hark ere kirolarien maila fisikoaren hobekuntza hartu du kontuan. Azaldu duenez, lehen baino lehiaketa estuagoa da Endesa ligakoa, eta “lehen bi talderen eskueran zegoena orain laurenean dago”. Lehen kanporaketetara heltzen ziren klubak jaitsieragatik borrokan daudela adierazi du, eta gainerako ligetan ere eragina izaten ari dela joera hori.
Lehiakortasuna areagotu izanak igoerak ekarri dizkie beheko ligetakoei ere. Cearen aburuz, lehen zaintzen ez ziren arloak gero eta gehiago lantzen dituzte. Datuen analisian eta bideoen azterketan sakondu dute azkenaldian. “Liga guztiz profesionala da, entrenamendu eta bidaien orduei eta azpiegiturei dagokionez, baina egiatan gutako oso gutxi dira profesionalak”, zehaztu du Ceak. Lehen baino garrantzi handiagoa ematen diote mediku, suspertzaile eta prestatzaile fisiko ona edukitzeari. “Lehen dena zegoen garatu barik zentzu guztietan”. Esan duenez, zaila zaie baliabide gehiago dauzkaten batzuekin lehiatzea, hainbat garraiobide hartu behar dituztelako beste batzuek autobus eta hegazkin pribatuetan egiten dutena egin ahal izateko.
Emakumezko saskibaloiak lortu du tokia egitea gizartean ere, baina, Reinaren arabera, asko geratzen da egiteko. Arlo ekonomikoan hobekuntzak lortu badira ere, gizonezkoen ligarekin konparatuta alde handia dago oraindik. Azaldu du Frantziako ligetan hamabi hilabeteko kontratuak egiten direla, eta Espainiakoetan zortzikoak. Ikusgarritasunean dago gakoa, haren ustez. Gizonezkoen ligak jasotzen duen diruaren zati handi bat telebistako eskubidetatik dator. “Kasu honetan, Movistarrek liga emateagatik ordaintzen duen hori. Emakumezkoei dagokienez, ez da horrela. Ia partida guztiak Espainiako Saskibaloi Federazioaren webgunean eskaintzen dira, eta egoera ez-bidezkoetan”. Ordutegien, emankizunen eta errealizazioaren aldetik igartzen da desberdintasuna gizonezkoen aldean.
Aurrerapauso asko eman dira azken urteetan, baina pedagogia egin behar dela nabarmendu du Reinak; uste du emakumezkoen saskibaloiak “ikusgarritasun eta merezimendu handiagoa” izan behar duela. “Gaur egun gehiago gustatzen zait emakumeen jokoa mutilena baino. Lehenengo, jendeak hori ikusi behar du, eta gero, ulertu: birrinketez eta txapelez harago ere saskibaloi asko dago, eta oso ona”.
Harrien arteko bitxiak
Gernikako Judith Monasterio zortzi urterekin hasi zen saskibaloian, eta, ordutik, bizitzaren zati handi bat eskaini dio kirolari. Maila guztietatik igaro, eta taldearen bigarren eta lehenengo mailarako igoeretan parte hartu zuen. Urtebete egin zuen gorengo mailan, eta 31 urterekin utzi. Kirolarekiko “frikikeriak” eraginda, baina, klubera lotuta dago oraindik ere: kategoria txikietako taldeak entrenatzen. “Adinak bultzatzen zaitu jokoa uztera baina zuk dauzkazun gaitasuna eta jakintza umeei erakustera”, azaldu du. Lan handia egiten du klubak harrobian, eta jokalari ohiak azpimarratu du kategoriarik txikienetan ere entrenatzaile onak ipintzen ahalegintzen direla, gaztetxoek “sustrai onak bota ditzaten”. Haien datuen arabera, lehen hezkuntzako hiru neskatik bik saskibaloian entrenatzen du. Izan ere, Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren arabera, herrialdeko eskola kategorietako fitxen %68,6 neskenak dira.
Monasterioren berbetan, “zahar” harrapatu zuen kategoria igoerak. Lana egonkortzeko konpromisoa hartu behar zuen sasoia zen, “arlo ekonomikoan pentsatzekoa”, eta, ondorioz, ezin izan zion zukua atera urteetako borrokarekin lortu zuenari. “Goizean, lan egin; arratsaldean, entrenatu,; eta asteburuan, Espainia guztian zehar ibili. Larregi zen neukan adinerako. 23 urterekin aukera eduki izan banu, agian urte gehiago egingo nituzkeen ligako lehen mailan”. Sasoi onean ikusten du Bizkaiko emakumezko saskibaloiaren egoera profesionalen eta erdi-profesionalen taldeak daudelako, baina hark ere uste du lan egin behar dela gizonezkoekin parekatzeko. Ulertzen ditu zailtasunak, baina hobekuntzak ikusten ari da aspaldian. Bihar Lointek Gernikak partida jokatuko du Miribillan, Bilbo Basketen aurretik, eta espero du halako proposamenek balioko dutela emakumeen saskibaloia ikusleengana hurbiltzeko.