Norberaren gela, norberaren etxetik at

Norberaren gela, norberaren etxetik at

Amaia Igartua Aristondo

Ez zen gauza bereziki ezohikoa, eta, are, argazkilariari ere ez zitzaion deigarria egin lehen begi kolpean: emakume batzuk irakurtzen, Parisko parke batean. Ordubeteren ondoren, hara itzuli zen Carmen Ochoa espainiarra, eta han jarraitzen zuten lehengo andreek, lehengo bera egiten: irakurri baino ez. Eta, orduan bai, egin zizkien argazkiak, eta egin izan dizkie haiek bezala kalean irakurtzen topatu izan dituenei, ehunka emakumeren erretratuak pilatzeraino. Jakin-mina proiektu bilakatu da urteekin, eta hausnarketa iturri, orobat: afiziotik harago doa Mujeres leyendo (Emakumeak irakurtzen), aldarrikapen feminista ere baita. Martxoaren 27ra bitartean, Balmasedako Horkasitas jauregian ikusi ahalko dira irudiok eta testuok.

Ochoaren lanak ez ditu hizpide garraio publikoan aurki daitezkeen andreak, bidaian orri batzuk irakurtzeko aprobetxatzen duten horiek. Kontrara, irakurri ahal izateko etxetik irteten diren emakumeak ditu jopuntuan. “Barruan ez dute erabateko lasaitasunik ordubetez jarraian irakurtzen egon ahal izateko. Behartu gaituztelako etxeko antolatzailearen ikuspuntua izaten”, esan du Ochoak.

Norberaren gela bat aldarrikatzen dute argazkiok, Virginia Woolfek eskatu zuen legez, baina jabetuta gelak ezin duela egon norberaren etxean, gaur-gaurkoz. “Woolfentzat, gela propioa zen leku bat non giltzapetu zitekeen. Etxe horietan, posible zen. Baina orain seguruenik etxebizitzek ez dute hori egiten uzten, ezta denborak ere”. Hori horrela, lau hormetatik urrun, aire zabalean bilatzen dute emakume askok euren espazio propioa, han sentitzen dira seguru, eta, paradoxikoki, han topatzen dute irakurketaz blaitzeko beta, distrakziorik gabeko eremua.

Bildumako emakumeak hain daude irakurketan murgilduta, ezen patxada osoz egin izan baitzizkien argazkiak Ochoak, hainbat lekutatik. Andreak ez ziren jabetu. Hori ematen die kaleak, hausnartu duenez, eta hori eskaintzen dio berari ere: kontzentratzeko abagunea ez ezik, baldintza. “Inguruak goitik behera aldatzen du irakurketa esperientzia. Atsegingarria delako kalean irakurtzea, ahalbidetzen dizulako erabateko abstrakzioa. Parke batean irakurtzen nagoenean, eroso, ez naiz konturatzen inguruan dagoenaz. Laguntzen zaitu are gehiago bakartzen”.

Ez sakonki miatuta, ezta apur bat hausnartuta ere, gutxienez. Toki propioa toki publikoan bilatzeko ekimenean, baliagarria izan daiteke urrun nahi den etxearen aldameneko banku edo parke bat. Izan behar du leku adeitsua, erosoa, lagundu behar du eguraldiak, eta, areago, baita hirigintzak ere. Ildo horretatik, esparru publikoaren beraren hausnarketa ere eragin dio proiektuak argazkilariari. “Defendatzen dut eremu benetan publikoa: ez tabernentzako leku bezala, edo egoteagatik ordaindu behar den leku bezala. Eremu publikoa aldarrikatzen dut, edukitzeko hausnartzeko leku bat. Eskatzen dut eremu publikoa egokituta egon dadin, eremu propio bezala erabilia izateko”.

Emakumeak irakurtzen

Identifikazioak eta loturak

Irudietan, nabarmena egiten da andreen eskuetan dagoen liburua, eta deigarria da, halaber, ikuspuntuaren aukeraketa: emakumeak bizkarrez daude, edo aurpegi zati oso txikia ikusten zaie. Lapurtutako argazkiak dira, posatuak saihestu nahi baititu Ochoak. Erne egon, eta, baten bat ikustekotan, sakelakoarekin hartzen du irudia, diskretuki. “Denek dute misterio puntu bat, horretan egiten dute bat, aurpegia ez dagoelako argi definituta”. Era berean, irudietako andreen homogeneizazioa eragiten al du? “Ez direnez aurpegi markatuak, egia da kontzeptuak duela indarra: emakume bat irakurtzen. Hasieran, esan zidaten izenburua itsusia zela, baina entelekia bat da: emakume bat, beti dagoena irakurketa prozesuan”.

Aurpegia ezkutuan egoteak eragin dezake, orobat, ikusleak bere burua ikustea emakume horiengan, berarena ere badelako afizioa. Ochoari dagokionez, onartu du loturarik baduela erretratatu dituen horiekin. “Argazki guztiak antolatu nituenean, konturatu nintzen nik ere gustuko dudala kalean irakurtzea. Ordura arte, ez nituen irudi horiek nire obsesioarekin lotu”.