Ibai Maruri Bilbao
Euskal herritarrok nortzuk garen itaunari erantzutea da erakusketaren helburua”, esan du Euskal Abertzaletasunaren Museoko arduradun Marian Morenok. Horregatik, Nor gara gu? ipini diote izena. Joan den azaroaren 30etik, Sabin Etxean du egoitza, Bilbon, EAJren zuzendaritza dagoen eraikineko beheko aldean. Museoa 1990eko hamarkadan jaio zen, Arratiako Arteagan, Sabino Arana fundazioaren babespean. Haiek egoitza Bilbora eroatearekin batera, bilduma ere hiriburura iritsi zen. “Orain arte, museoaren helburu didaktikoari baino ezin izan diogu heldu”. Erakusketa, bada, Bilbo erdigunean egongo da aurrerantzean, eta erdi iraunkorra izango da: elementu batzuk aldatuz joango diren arren, gehiena beti egongo da ikusgai. Morenoren esanetan, aldi baterako erakusketak txertatzen ere ahaleginduko dira.
Erakusketaren egoitza berriak esanahi berezia du euskal abertzaletasunaren sorreran, eta horri eman nahi izan diote garrantzia sarreran. Sabin Etxeko atarian dago lekuaren historiari buruzko atala. Besteak beste, Sabino eta Luis Arana jaio ziren etxe haren aztarnak ere ikusgai daude. Gune horretan informazio panel bakarra dago: aurreko aldean, historia kronologikoki kontatu dute; atzeko aldean, Koldo Egurenek jeltzaleen egoitza eraikitzeko diseinatu zuen proiektua dago. Atari horretan daude, era berean, museoak dohaintzan jasotzen dituen azken elementuak; izan ere, modu horretan eskuratu du bildumaren zatirik handiena.
Beheragoko solairuan edo sotoan dago museoaren beste espazioa. Askotariko gaiak lantzen dituzte han: 1932ko Aberri Eguna, aurten sortu zeneko mendeurrena gogoratuko den Emakume Abertzale Batza, Euzko Mendigoxale Batza, 1936ko gerra, Eresoinka folklore taldea, klandestinitatea, euskara… Inguru berean dago euskal kulturako pertsonaia garrantzitsuei eskainitako atala. Hori aldatuz joango da; oraintxe, Estepan Urkiaga Lauaxeta-ri eskainita dago. “Euskal poeta garrantzitsua izan zen Lauaxeta, euskararen defendatzaile sutsua, emakumeen eskubideen babeslea…”. Esaterako, frankistek fusilatu zuten bezperan idatzitako eskuizkribuak daude ikusgai.
Mundu zabalean
Euskal diasporari eskainitako gunea ere badago. “Euskal herritarrok herri gisa ukatuak izan garen arren, joan garen leku guztietan ondo hartu izan gaituzte, eta diasporako euskaldunek gure kultura eta hizkuntza mantendu dituzte mundu zabalean. Horregatik, keinu bat egin nahi izan diegu”. Europa-Euskadi izeneko atalean, berriz, Europako Batasuna eta haren aurrekarien historia ezagutu daitezke, besteak beste, sortu zeneko agirien bitartez. Morenok esan du Euskal Herriaren eta Europaren arteko harreman horren pauso berriak erakusketan txertatzen joango direla.
Gaika banatuta, beraz, Euskal Abertzaletasunaren Museoko bitrinetan askotariko objektuak topatu daitezke: lehen ikurrina, haren diseinuak, Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariak 1944an New Yorkeko (AEB) jai batera eroandako trajea, Eresoinkakoentzat diseinatutako beste traje bat, arerioek irakurri gabe agiriak kodetzeko erabiltzen zen gailua, Espainiako II. Errepublika garaian euskara irakasteko erabili zen euskal loteria, kartelak, argazkiak, agiriak, aldizkariak…