Identitatea eraikitzeko aukerak

Identitatea eraikitzeko aukerak

Amaia Igartua Aristondo

Soropila, marioker, lumatza, kapaza. Lesbianismoa eta sexu aniztasuna euskaraz izendatzeko moduetako batzuk dira. Letra horiz idatzita ageri dira, eta erraz nabarmentzen dira hondo arrosan. Berba horiek erabili ditu Lander Telletxeak Zinegoak jaialdiko aurtengo edizioko karteletan. Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren XIX. aldia egingo dute datorren astelehenetik martxoaren 7ra, eta kartelek iradokitzen duten aniztasun bera garatuko dute egitarauan ere, 50 ikus-entzunezkotan baino gehiagotan eta beste hainbat ekitalditan. Gainera, nazioarte mailako hiru estreinaldi eta Europa mailako lau egongo dira.

“Inposatutako etiketarik gabeko jaialdia” aldarrikatu zuen Alaitz Arenzana Zinegoak-eko zuzendariak astelehenean Bilborocken egin zuten aurkezpenean, eta atzera begiratu zuen Julen Nafarrate komunikazio arduradunak, 2021eko aldira, hain justu. “Iaz ez zen ia-ia gonbidaturik egon, eta aurten hori berreskuratu dugu. Nahi dugu Zinegoak topalekua izan dadila”. Egongo dira ezberdintasun gehiago; izan ere, aurten film laburren bi ziklo berri izango dira: Maitasunezko poliedroak sailak modu askotako harreman afektibo-sexualak izango ditu hizpide, eta Trantsizioak zikloak trans pertsonen errealitateari erreparatuko dio.

Nafarratek nabarmendu zuen iazko aldian aurrez aurreko saioei eustea izan zutela jomuga, eta aurten ere beste horrenbeste izan dutela. Dena dela, 2022an jaialdiko ekoizpen batzuk Filmin plataforman ikusteko aukera egongo da. 2021ean abiatu zuten bide hori: eskaintza zabaltzea erabaki zuten osasun egoerak aretoetako edukiera murriztera derrigortu zuelako, baita Bilbotik kanpoko ikus-entzuleei festibala hurbiltzeko ere. Aurten ere leiho digitala zabalduko dute: martxoaren 7tik aurrera, sail ofizialeko film guztiak egongo dira ikusgai plataforman, bakoitza 72 orduz.

Bilbo da jaialdiaren egoitza nagusia, baina ez bakarra: hiriburuarekin koordinatutako jarduera batzuk eskainiko dituzte Lekeition. Era berean, jaialdia bukatutakoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 47 udalerritan emango dituzte jaialdiko zenbait film. Bizkaian, herri hauetara helduko da Zinegoak: Abadiño, Arrigorriaga, Bakio, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berriz, Durango, Galdakao, Getxo, Igorre, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Orozko, Otxandio, Sestao, Sopela, Urduña eta Zallara.

Estigma eta indarkeria

Arenzanak azpimarratu zuenez, emakumezko zuzendariek presentzia nabarmena izango dute egitarauan: proiektatuko diren lanen %57 zuzendu dituzte, zehazki; film luzeen sailetan —Fik, Dok eta Krak—, %70 dira. Esaterako, horietako baten filmografiari atzera begirako bat eskaini diote, Albertina Carri egile argentinarrari. Aurtengo Ohorezko Sarietako bat izango da, eta garaikurra jasoko du jaialdiaren inaugurazioan, martxoaren 28an, Arriaga antzokian egingo den ekitaldian.

Halaber, hiesa izango dute hizpide ekoizpenetako batzuek: Nafarratek adierazi zuenez, urtero agertzen da gai hori, baina aurten “ikusgarritasun handiagoa” eman nahi izan diote, “beste pandemia hori ahaztu ez dadin”. Adibidez, Fik sailaren barruan Mila Mineva eta Vesela Kazakova zuzendarien Woman do cry filma emango dute. Protagonistetako bat 19 urteko emakume bat da, GIBa izatearen estigmari aurre egin behar diona. Krak sailak narratiba berriak eta “apurtzaileagoak” jasotzen ditu, eta hor ere hizpide izango da hiesa: adibidez, Tim Leyendekkerren Feast ekoizpenak Herbehereetako gertaera erreal bat kontatzen du: topaketa sexual batean nahita egindako kutsatzeak.

Bestalde, hainbat filmek erakutsiko dute eskuin muturraren gorakadak zer ondorio izan dituen zenbait herrialdetako LGTBI pertsonentzat, eta haiek jasandako erasoak eta jazarpenak agertuko dituzte. Katevan Kapanavadzeren How the room left dokumentala emakume lesbianaz eta ez-binarioz osatutako futbol talde batez mintzo da. Burbuila bat eraiki behar izan dute beren harreman afektibo-sexualak eta identitateak bizi ahal izateko. Yana Ugrekhelidze zuzendariaren Instructions for survival filmean gizon trans bat da protagonista; hark eta haren bikotekideak ezkutuan bizi behar dute.

Fik, Dok eta Krak film luzeen sailek osatzen dute Zinegoak-eko sail ofiziala, Begiradak atalarekin batera. Azken horretan jasotzen dira film laburren lau zikloak: Emakume zuzendariak, Haurtzaroa/nerabezaroa, Maitasunezko poliedroak eta Trantsizioak. Film luzeak Azkuna zentroko Golem zinemetan ikusi ahal izango dira, eta laburrak, Bilborocken.

Film horiek guztiak lehiatuko dira Zinegoak jaialdiko Sari Nagusia eskuratzeko. Lehenengo aldiz, sariak EITBren babesa izango du, eta irabazleak 4.000 euroko saria jasoko du. Beste sari batzuk ere izango dira: Publikoaren Saria, Giza Eskubideak eta Aniztasuna, Lesbianismoa eta Generoa, Gazte Epaimahaiaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria, besteak beste. Palmaresa martxoaren 7an iragarriko da, Bilborocken izango den amaiera ekitaldian.

Euskal Herriko lanak

Jaialdiak lehiaketatik kanpoko ziklo bat eskaini ohi die Euskal Herriko film laburrei: Erroak. Aurten, lau ekoizpen ikusi ahal izango dira, Bilborocken zein Lekeition: Mel Arranzen Azaletik azalera (hitzik gabekoa), Maider Garcia Merinoren No deberías (gaztelaniaz), Tamara Lucarini Cortesen Txango (gaztelaniaz), eta Xabier Vallinaren Ilunabarrean esan (euskaraz). Euskarazko beste bi ekoizpen ere ikusi ahal izango dira festibalean: Arrate Fernandezen Gure Hots, eta, Haurtzaroa/nerabezaroa zikloan, Aitor Gametxoren Berak baleki ekoizpen laburra, biak Bilborocken.