Natalia Salazar Orbe
Aspaldi geratu ziren atzean Kortezubiko kobazuloan barneratu eta duela 14.000 urte Santimamiñeko haitzuloko bizilagunek margotu zuten labar artea bertatik bertara ikusteko aukera. Orduko xarma berbera ez izan arren, bisitariak gaur egun aukera du modu birtualean egiteko ibilbide hura, eta kobazuloaren atarian ere irudika dezake han barruan bizitzea zer-nolako esperientzia izan zitekeen. Ordu eta erdiko bisita gidatuan Santimamiñeko kobazuloak ezkutatzen dituen historia, artea eta garrantzi geologikoaz jabetuko dira bertara joaten direnak.
Bisita hasteko, informazio gunera jo behar da, baselizaren ondora. Betiere, aurretik ordua hartuta. Gida batek harrera egin ostean, harri, egur eta belar arteko bidean gora abiatuko dira bisitariak.
Interesgune nagusia kobazuloak piztu ohi du. Haren 365 metrotatik lehen 40ak baino ezin badira ere ikusi, Historiaurrean barneratzeko nahikoa zertzelada aurkituko dute interesdunek.
Bertan egindako azterlanetatik ikerlariek hainbat ondorio atera dituzte. Besteak beste, gaur egungo aurreiritziak eta zabaldutako estereotipoak hankaz gora jartzeko modukoak: generoen gainetik espezializazioa nagusitzen zela ondorioztatu dute. Hala azaldu izan du Iñaki Garcia Camino Bilboko Arkeologia museoko zuzendariak: “Emakumeak zein gizonak, biak izan zitezkeen ehizara ateratzen zirenak. XIX. mendean finkatutako estereotipoak ditugunez oinarri, uste izan dugu gizonezkoak zirela, eta hala irudikatu da”. Gauza bera gertatzen da hormetan margolanak egin zituztenekin: “Beste haitzulo batzuetako ikerketek frogatu dute margolanak egin zituenetako baten bat emakumea zela”.
Ainara Bollar Santimamiñeko gidak azaldu ditu ikerlarien lanari esker kobazuloko Historiaurreko gizakiei buruz jakin diren beste datu batzuk. “Goi Paleolitoan, hasieran, ehiztariak ziren. Batez ere, ahuntzak eta oreinak ehizatzen zituzten. Aurkitu diren aztarnen %50 oreinen eta ahuntzen hezurrak eta adarrak dira, gehienbat”. Izotz garaiari buruz ari da, duela 14.000 urteko aroaz. “Beste ekosistema bat zen; oso paisaia harritsua eta tenperatura hotza”.
Handik bi mila urte ingurura, izotza urtzen hasi zen garaian, itsasoko maila igo zen, eta horrek aldaketak eragin zituen. Santimamiñeko gizakiek itsasoa gertuago zuten, eta arrantzari ere ekin zioten. Bollarrek azaldu duenez, kobazuloan “izokinen hezurrak aurkitu dituzte”.
Elikagaien fosilak
Geroago muskuiluak batzen ere hasi ziren. “Batez ere, ostrak”. Duela 10.000 eta 11.000 urte “ekosistema aldatu egin zen, eta gaur egungoaren antzeko ekosistema finkatu. Orduan bai, muskuilu bilketan hasi ziren”. Ostren biltegi bat dago haitzuloan, kontxeroa deritzotena. “Batez ere, fosilduta dauden ostren maskorrak daude, baina txirlak, muxilak eta lapak ere badaude. Horiek guztiak indusketa lanetan topatutako aztarnak dira”, argitu du Bollar gidak.
Duela 10.000 urte inguru atera ziren gizakiak kobazulotik. Hala ere, gizakiak bertara iritsi aurreko aztarna gehiago ere aurkitu dituzte; alegia, duela 14.500 urte baino lehenagokoak. “Zeharrebaki estratigrafikoan mailarik zaharrena 28.000tik 20.000ra doana da, eta hor animalia hezurrak aurkitu dituzte. Ondorioztatu dute hartza bizi zela garai hartan kobazuloan”.
Ume talde batek 1916ko urtarrilaren 2an aurkitu zuen labar artea Santimamiñeko kobazuloan. Historiaurrera gerturatu nahi dutenek zain dute, Kortezubin.